Iaz, lehenengoz, emakumea izan zen Tolosako San Joan eguneko bordon dantzarien kapitaina, goizean. Aurretik ere hartu du parte dantza horretan Miren Nazabal Urruzola (Tolosa, 1998) dantzariak, eta joan den urtean berak gorpuztu zuen tradizio urratzea. Emozio zurrunbiloan «bazen garaia» pentsatu zuen, besteak beste; eta kaleko lizarren artetik ere askotan aditu omen zuen esaldi bera txalo artean. Argi dauka Nazabalek aurretik egindako lanaren fruitua izan zela iazkoa. Hori izan du hizpide eta, baita ere, nola oroitzen duen momentua, zeren arabera aukeratzen den kapitaina eta nolako bilakaera izan duen egoerak azken urteetan.
Iaz, lehen aldiz, emakume bat izan zen kapitain; iaz, lehen aldiz, kapitain izan zinen.
Kristoren emozioa sentitu nuen, asko hunkitu nintzen. Dantza asko bizitzen dugunontzat pauso handia izan zen. 2013an atera ziren emakumeak lehenengoz; bidea ireki zuten, eta progresiboki pauso gehiago eman dira. Baina, kapitainarena hor zegoen; ez zen ahots ozenez esaten, baina hor zegoen.
«Ematen zuen gertatuko zela, baina Vallejorekin azken momentura arte ezin denez jakin…»
Iaz itzulera moduko bat ere izan zen, eta nik uste tokatzen zela. Entseguetan geroz eta gehiago jartzen gintuen edo ninduen postu horietan, baina beti ere mutilekin txandakatuz… Gogoan dut ekainaren 24a baino egun batzuk lehenago Jose Luis Vallejorekin beste zerbaiterako elkartu behar izan nuela, eta kalean ere esaten zidala: «Ba hemen hasi beharko zenuke buelta ematen…». Ematen zuen gertatuko zela, baina Vallejorekin azken momentura arte ezin denez jakin… [barrez]. Jendeak ere galdetzen zuen: «Zer, aurten bai?», eta gure erantzuna: «Ez dakit, ez dakit» [barrez].
Egunean bertan zirraragarria izan zen. Gosaltzetik bueltan, beste taldekide batzuk sartu ziren ni baino lehenago eta korrika atera ziren esanez: «Miren! Miren! Zu zara kapitaina! Miren jartzen du!». Momentuan bertan, kristoren oilo-ipurdia jarri zitzaidan. Urduritasuna sentitzen nuen, ardura puntu bat ere bai. Baina baita ohore handi bat ere. Zalantzarik gabe.
Nola oroitzen duzu momentua?
Besarkadak, muxuak… Ikusten duzu jendeari ere ikaragarrizko ilusioa egiten diola. Taldea aspaldi utzi zutenak ere, harremana ia galduta eduki arren, zoriontzera etorri ziren. Oso hunkituta sentitu nintzen. Aldi berean, oso kontzentratuta nengoen, ondo egin nahi bainuen. Momentua bera gogoratzen dut erdi lainotan bezala. Oroitzen dut erdi lesionatuta nengoela, baina lehen bi dantzetan ez nuen sentitu ere egiten mina [barrez]. Goiza aguantatu nuen, dena oso azkar zihoala iruditzen zitzaidan. Bukatu eta plazatik atera ginenean etorri zitzaidan gainera emozio guztia, eta negar ere egin nuen. Ondo gogoan dut, eta oroitzapen polita da oso.
«Ondo gogoan dut, eta oroitzapen polita da oso»
Aurretik ere izan zara bordon dantzaria. Zein esanahi du zuretzat?
Tolosar eta dantzari bezala, urteko egunik politenetako bat da. Gainera, buruan daukazu beti, baina erreferenteak ikusten dituzun arte. Guk ez genekien benetan posible zen edo ez. 2013an atera ziren haiek: Irati, Maitane, Garazi, Amaia, Itsaso, Itzea… Horiek hasi ziren entseguetara joaten. Guretzat hor egotea ohore handia da, eta beti emozio handiarekin bizitzen dugu. Agian kanpotik ematen du beste inolako esanahirik ez duen zerbait dela, baina guk emozio handiz bizitzen dugu. Nik amets bat bezala ikusten nuen, benetan esaten dizut [barrez]. Hor ateratzeak beti barruak mugitzen ditu; egun horietako bat da.
«Tolosar eta dantzari bezala, urteko egunik politenetako bat da»
Aipatu bezala, 2013an hartu zuten parte estreinakoz emakumeek. Nola oroitzen duzu hura?
Miresmenez; oso harro gaude haietaz; eta, orokorrean, baita taldeaz ere. Ikusita beste herri batzuetan zein gatazka gertatu diren... Iruditzen zait hemen naturaltasun osoz eman dela aldaketa. Neska hauek esan zuten: «Gu taldeko beste entseguetara joaten gara, beraz, bordon dantzako entseguetara ere joan egingo gara». Garai hartan, bigarren maila batean bezala geunden nire belaunaldikoak: helduen taldean sartzeko prozesuan, baina oraindik ez erabat barruan… Nahiko gertutik bizi genuen prozesua, baina ez lehen pertsonan. Batetik, pentsatzen genuen bazela garaia, baina, aldi berean, oso normala iruditzen zitzaigun. Arraroa egiten zitzaigun lehenago gertatu ez izana.
2013ko irudia, emakumezkoak lehen aldiz bordon dantzari.M. IRAOLA
Ordutik hamar urte pasa dira. Nolako bilakaera izan du egoerak?
Hasieran, goizean hartu zuten parte; gero, goiz eta arratsalde. Hortik aurrera, banderillero postuak hartzen hasi ziren, eta hor geratu zen kontua pixka bat geldirik bezala. Pentsatzen genuen: «Lortu da goiz eta arratsaldez ateratzea, banderilleroz ere bai, eta orain?». Soka dantzan puntako postuetan ez gara inoiz neskak egon, ez aurresku eta ez atzesku. Eta kapitain izatearena iaz gertatu zen.
Hori da hurrengo mezua: «Hurrengo urtean zer? Arratsaldeko kapitain? Soka dantzan noiz?». Jendea gogoz ikusten duzu, ilusioz; eta kalean pasatzen ginenean ezezagunek ere esaten zuten «bazen garaia!» edo txalo egiten zuten… Hunkigarria da egia esan. Nik uste, hala ere, bidea nahiko egokia izan dela: pixkanaka eman dira pausoak, eta egoera ez da erabat geldirik egon.
Nola eragin dute lehenengoz atera ziren emakume haiek, joan den urtean kapitaina emakumea izateko?
Hor badira asko borrokatu direnak. Haiek eman zuten pausoa eta izugarrizko meritua dute. Iruditzen zait baita ere, eta meriturik kendu gabe, ez zutela traba handi-handirik izan taldeko gizonen partetik. Guztiek onartzen zuten hori zela egin behar zena. Nik behintzat, ez dut eztabaidarik oroitzen, gero ziur norbaitek zuzenduko nauela.
«Nik pauso hori eman nuen, baina ni iaz ez nintzateke kapitain izango beraiek 2013an atera izan ez balira»
Gainera, niretzat ohore handia izan zen iaz kapitain nintzela bertan izatea Itzea eta Irati; hori oso berezia izan zen. Nik pauso hori eman nuen, baina ni iaz ez nintzateke kapitain izango beraiek 2013an atera izan ez balira. Eta ateratzea diodanean da 2013an, baina baita ere 2014an, 2015ean, 2016an… Eta ondorengo urteetan urtero atera dira. Gu gero sartu gara, baina beraien presentzia hor mantendu da urtez urte. Eman zien bidea, baita ere, aurreko belaunaldietako batzuei dantzan ateratzeko. Ordurako dantza erabat utzita, baina arantza hori kentzeko gogoa zutenek —haien garaian ez zirelako ausartu edo ez zutelako aukerarik izan— gero egin dute.
Haiek egindako ibilbidearen aitortza moduan ere bizi nuen, nolabait. Iruditzen zait asko zor diegula, eta hori ez dugula ahaztu behar. Fruituak gu ari gara jasotzen, eta iazkoa oso gustura hartutako fruitua izan zen, baina ez dut ahazten zeinek hasi zuen bidea eta zeinek egin zuen lan.
Etorkizunean nolako bordon dantza ikusi nahiko zenuke?
Anitza, ahal den anitzena; orain arte bezala. Jantzien aldetik sortu dira eztabaida batzuk taldearen barruan: neskek gona janzten dugu, baina hori egitearen arrazoia uste dut izan zela estetikoki nabarmen egitea nesken presentzia. Besteren batek esan zuen corpusarekin lotutako jantzia gona dela, izan gizon edo emakume… Gure kasuan orain arte gizonezkoek galtzak jantzita egin dute, eta emakumezkoek gonarekin eta pololoekin. Azkenaldian eztabaidatu dugu zergatik ezin duen jantzi gona hori nahi duenak, edo galtzak, galtzak nahi dituenak; erosoen sentitzen den moduan. Eztabaida hori mahai gainean dago. Ebatzi zen, uste dut, norberak nahi zuena egiteko, beraz, ez dakit zer gertatuko den. Orain hori eztabaidatu dugu, baina, oro har, anitza izatea nahiko nuke. Ateak irekita baitauzka dantzaria den edonork.
Nortzuk osatzen dute San Joan eguneko dantza taldea?
Goizeko egitura osatzen dute kapitainak eta 25 dantzarik. Arratsaldekoa, berriz, izaten da: kapitaina; banderilleroak aurrean eta atzean; eta gero beste guztiak errenkadatan. Horrez gain, soka dantzaren zatian aurreskua eta atzeskua egoten dira; bikoteak ateratzera joaten direnak; eta azkenik, soka osatzen duten guztiak.
Nolako garrantzia du kapitainak?
Berak agintzen du: dantza noiz hasi, noiz bukatu… Gainerakoek jarraitu egiten diote. Berak erabakitzen du noraino joan, non gelditu, non kokatu. Dantzan ari garenean ere, erritmoa berak ematen du. Arratsaldekoan, aldiz, ezberdina da: kapitainak agintzen du alabardak —makilak— noiz goratu, noiz beheratu… Protagonismo handiagoa izaten du arratsaldeko kapitainak, bakarrik dezente dantzatzen duelako —goizekoak ez du bakarrik dantzatzen—. Rol garrantzitsua dauka.
Zein da bordon dantzan parte hartzeko prozesua?
Horren ardura Jose Luis Vallejok dauka. Udaberri dantza taldeko entseguen arduraduna bera izan da, orain arte behintzat; eta Udaberrirekin lotura handia duen prozesua da. Lehen prentsan zabaltzen zen deialdia, baina, hala ere, herrian nahiko zabalduta dago Aste Santu ondorengo aste pare batera edo, hasten direla entseguak. Orokorrean, interesa duen jendea dantza munduaren ingurukoa izaten da, nahiz eta orain ez ibili, ibili izan dena edo inguruan norbait dabilkiena.
Ez dakit azken urteetan prentsako deialdi hori egin den. Lehen, egia da 25 pertsonako talde hori osatzeko nahikoa komeria izaten zela; gizonezkoek bakarrik dantza egiten zutenean eta… Orain, errazago osatzen den honetan, ez da hainbesteko beharra egoten deialdia hainbeste zabaltzeko. Gainera, urtero izaten da berriren bat ere animatzen dena, eta zalantzarik gabe ongietorria egiten zaio.
Eta nolakoa da kapitaina izendatzeko prozesua?
Entseguetan kapitainaren rola beti jende ezberdinak izaten du. Normalean, lehenengo, goizeko zatia egiten dugu: San Juan zortzikoa dantzatzen da. Dantza hori egiten dugu sei bat aldiz, eta sei pertsona ezberdinek zuzentzen dute. Gero egia da entseguz entsegu sei horiek errepikatu egiten direla, orduan, gutxi gorabehera jakiten dugu zein bizpahiru pertsonen artean egon daitekeen kapitain izango dena. Baina eguna iritsi arte ez da jakiten. Egunean bertan, goizean goiz lizarren bila joaten gara, jarri egiten ditugu, gosaltzera joaten gara eta sartzen garenean aldageletara egoten da A3 tamainako orri handi bat, postuak gurutze bidez irudikatuta, eta gurutze bakoitzaren azpian izen bat. Horrela konturatzen gara non dantzatuko dugun bakoitzak. Paper hori osatzeaz Jose Luis Vallejo arduratzen da, eta arratsaldean, prozesu bera errepikatzen da.
Zeren arabera aukeratzen da?
Alde batetik, heldutasuna dago. Plaza zirraragarria da: jende asko biltzen da eta plazan, bertan, dantzatzeak ere beste tentsio puntu bat ematen dio. Nik uste, egoten jakite hori edukiko duen pertsona bat izan behar duela, edozein ezustekoren aurrean kikilduko ez den norbait edo horrelako zerbait. Dantzako zuzentasuna eta teknika ere kontuan hartzen dira, eta baita txukuntasuna edo dotorezia ere. Estetika horrek ere badu garrantzia. Eta gero entseguetako presentzia, jarrera… Ez da gauza bera entseguetara joatea eta dena erdizka egitea edo joatea eta saiatzea beste maila batean entseatzen. Hori dena hartzen da kontuan, esango nuke. Ziur ez dakit esaten, Vallejori galdetu beharko genioke [barrez]. Baina nik uste horiek izan daitezkeela.