Asuncion Klinikako langileak 17. greba eguna dute gaurkoa. Azken asteetan hainbat mobilizazio egin dituzte, esaterako, Trianguloa plazan egindako 24 orduko kanpaldia, beraien lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren aldeko borrokarekin jarraitzeko. «Tolosako Inviza enpresako langileok zerbitzu publikoa eskaintzen dugu, beste eskualde batzuetan Osakidetzak egiten duena, alegia. Hala ere, lan baldintzak oso urrun daude», gogorarazi dute langileek.
Ekaineko greba egunen ondoren, uztaila eta abuztua igarota egoerak bere horretan jarraituz gero, irailerako beste zazpi greba egun deitu dituzte. Ondorengoak izango dira udara amaierako greba egunak: irailak 13, 14, 15, 18, 19, 28 eta 29. Oraindik mobilizazioak zehaztu ez badituzte ere, litekeena da, orain arte bezala, egun horietan ere elkarretaratzeak eta kotxe-karabanak egitea.
LAB eta ELA sindikatuek adierazi dutenez, langileek 2021etik berritu gabe dute hitzarmena, eta urte hauetan eman den KPIa kontuan hartuta, %12,2ko eros ahalmena galdu dute. Nabarmendu dutenez, hitzarmen berriarekin, besteak beste, galdutako eros ahalmena berreskuratu, KPIari erreferentzia egingo dion soldata igoerak izan eta 35 orduko lan astea lortu nahi dituzte. «Enpresak orain arte ez du erakutsi negoziatzeko inongo borondaterik, eta abusuzko zerbitzu minimoak ezartzeko ahalegin guztiak egiten ari da, greba zapuztu nahian. Negoziazio mahaiak, hortaz, blokeatuta jarraitzen du», salatu dute.