Asuncion klinika

Asuncion klinikako langileak kanpaldia egiten ari dira Trianguloan

Ataria 2023ko ekainaren 12a

24 orduko kanpaldia egiten ari dira Trianguloa plazan, eta bertan izango dira, bihar, 12:00ak arte; zuzendaritzak kasurik egiten ez dienez, mobilizatzen jarraituko dutela esan dute.

Asuncion klinikako langileek, euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren aldeko borrokarekin jarraitzen dute. Gaur eguerdian hasita, 24 orduko kanpaldia egiten ari dira, Tolosako Trianguloa plazan. Gaua bertan pasako dute langileek, eta bihar eguerdira arte bertan jarraituko dute. 

2021etik berritu gabe daukate lan hitzarmena. Arantxa Dorronsoro Asuncion klinikako erizainak eta komiteko LABeko kideak azaldu duenez, ordutik zazpi bilera inguru egin dituzte zuzendaritzarekin, baina «beraien proposamenak geroz eta okerragoak dira». Nabarmendu duenez, besteak beste, KPIaren araberako soldata igoera eta 35 orduko lan astea eskatzen dituzte. 

Eros-ahalmena eta baldintza duinak bermatu daitezen eskatzen ari dira, LABek adierazi duenez, «bereziki, aintzat hartuta beraiek egiten dutena zerbitzu publikoa ematea dela, beste leku batzuetan Osakidetzak egiten duen lana, hain zuzen ere». 

Mobilizazioak

Maiatzean hamar greba egun egin dituzte, ekainean zazpi egingo dituzte eta irailerako beste zazpi aurreikusi dituzte. Ekainaren 19a eta 20a  izango dira datozen bi greba egunak, eta irailean, 13, 14, 15, 18, 19, 28 eta 29an egingo dute greba. Bihar, 11:30ean, elkarretaratzea egingo dute Trianguloan eta kanpaldiari amaiera emango diote. 

Hiruzpalau orduko txandak antolatuta ari dira kanpaldia egiten klinikako langileak. Txanda bakoitzean, hamabost langile inguru daude bertan, hitzarmen duinaren alde. «Borrokan jarraitzeko prest gaude», esan du Dorronsorok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!