Zutani elkarteak eskerrak eman dizkie elkartasun azokan ekarpena egin zutenei

Ataria 2023ko ekainaren 19a

1.000 kiloko kopurura iritsi ez baziren ere, elkarteak adierazi duenez, ekimena «oso arrakastatsua» izan zen, parte hartze handiarekin. «Tolosa harrera-herri atsegina eta justua bilakatzeko bidean gaude», azpimarratu dute.

Pasa den ekainaren 10ean, Jarri beste bat! elkartasun azoka antolatu zuen Zutani elkarteak, Tolosako Trianguloa plazan. 1.000 kilo elikagai fresko lortzea zen elkartearen helburua, egoera zaurgarrian dauden familiei lagundu ahal izateko. Bada, kopuru horretara iritsi ez baziren ere, erronka betetzea lortu zutela esan dute.

Hauek izan ziren lortutako emaitzak:

  • Azoka egunean herritarren zuzeneko ekarpenak: 197,9 kilo
  • Saltokietan: 322,1 kilo
  • Bonuen salmenta: 4.700 euro
  • Herritarren parte hartzea: 400 lagun

«Herritarren erantzuna paregabea izan da. Pertsona askok eman diote Zutani Elkarteari ekimen honetarako laguntza eta babesa. Horiei guztiei, gure esker ona adierazi nahi diegu», adierazi dute elkarteko kideek. «Eskerrik asko elkartasunez eta eskuzabaltasunez ekarpenak egin dituzuen guztiei: laguntzera gerturatu zinetenei, produktu freskoak uztera edota pintxo bat jatera bertaratu zinetenei, herriko saltokietan ekarpenak egin dituzuenei, ekoizle eta ikastetxeei, bonuak erosi dituzuenei, haurrak tailerrean inskribatu zenituzten familiei, errezeta txokoan partekatzen aritu zinetenei, kanpainako irudiak jarri dituzuenei, argazkilariari, diseinatzaileari, hedabide guztiei, udalari eta Kutxa fundaziori, eta batez ere, lanean aritu zareten boluntario guztiei, gure eskerrik beroenak», gaineratu dute.

Elkartetik esan dutenez, ekimen honek Tolosan bizi diren familien eta pertsonen egoera larria ezagutzeko balio izan du, baita beraien zama pixka bat arintzeko ere. «Tolosa harrera-herri atsegina eta justua bilakatzeko bidean gaude. Pobrezia eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak elikatzeko eskubidea eta duintasunez bizitzeko helburuarengan gerturatzeko pauso bat eman da. Eskerrik asko mundu bidezkoago eta solidarioago batera hurbiltzen laguntzeagatik», nabarmendu dute. «Hala ere, oraindik lan handia dago egiteko, eta beraz, boluntariotza lana egitera animatzen zaituztegu. Elkartearekin harremanetan jarri eta besoak zabalik hartuko zaituztegu. Ekarpenik txikienak ere ongi etorriak dira», gehitu dute.

Erlazionatuak

Erronka beteta

Naiara Roldan de Aranguiz 2023 eka 10 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!