Erronka beteta

Naiara Roldan de Aranguiz 2023ko eka. 10a, 14:34

Tolosaldeko herritarrek erantzuna eman diote Zutani elkarteak ezarritako erronkari. Trianguloa plazan azoka solidarioa egon da kokaturik, goizean zehar, Jarri beste bat lemapean. Beharra duten familientzat elikagai freskoak biltzea izan da helburua.

Zutani elkarteak erronka ezarria zuen gaurko, elikagai freskoen mila kilo biltzea, hain zuzen ere. Herritarren erantzunarekin gustura azaldu da Tolosako elkartea eta 200 familiari laguntza eskainiko zaiela jakinarazi du Carmen Sanz elkarteko lagunak, erlojuak ordu bata iragarri duenean, azoka ixteko garaian, hain zuzen ere.

Zutani elkartea urtean zehar beharra duten familiei laguntza eskaintzen die, baina kasu gehienetan, elikagai bankuetatik eskuratutako janari iragankorrekin. Osasuntsu egoteko ezinbestekoa da elikagai freskoak hartzea, eta honenbestez, elikagai freskoak eskuratzeko arazoak dituztenei laguntzeko modua izan da gaurko azoka solidarioa. Ekimena Kutxa Fundazioaren Hitzetatik Ekintzetara deialdiaren barruan antolatu dute.

Janari iragankorretatik harago

Ana Lopetegi, Zutani elkarteko kidea, goiz hasieran, Trianguloa plazan ezarritako etxolan, bonuen salmentan ari zela, pozik azaldu da ordura arte jasotako erantzunarekin: «Oso ondo doa. Garaiz etorri gara Trianguloa plazara, eta lehenik, dendetan jasota zegoen diruarekin fruta eta barazkiak  ekarri ditugu azokara, eskuratutako diru horren truke». Gainera, Tolosako Azokako ekoizleen babesa ere jasoa zuten, eta postuz postu elikagai freskoak ere batu dira bildu beharreko mila kilo horietara. 

Pobreziaren eta kalteberatasunaren inguruan herritarrak kontzientziatzea eta aktibatzea ere bazen ekimenaren helburu nagusia. Modu honetara, herritarrek zuzenean proiektuan sartzea lortu dute. Honela azaldu du Ana Lopetegik: «Bide batez, jendea ere fruta eta barazkiak ekartzen ari da zuzenean, hori zen azoka honen helburua, herritarrek erositako fruta eta berdura hona ekartzea».

Hala ere, herritarrei parte hartzeko hainbat bide eskaini dizkiete eta elikagaiak zuzenean eraman baino, diruz laguntzea nahiago izan dutenek horretarako aukera izan dute. Ana Lopetegik eman dizkie azalpenak, zuzenean, Trianguloan kokaturiko etxolatik: «Etxola honetan gu bonuak saltzen gaude. Izan ere, hau ez da egun bateko gauza; jasotzen dugun diruarekin, jarraituko dugu elikagai freskoak erosten eta beharra dutenei ematen. Hori da dugun hutsunea, elikagai bankutik ekartzen duguna dena lehorra da eta gure erabiltzaileek ez dute modurik elikagai freskoak erosteko». Aipatu elkartasun bonuak erosteko aukera izan da aste guztian zehar; 5 eta 10 euroan.

Bestelako ekintzak

Zutani elkarteko boluntarioak bonuak saltzen, janari freskoa eskuratzen, pisatzen eta sailkatzen aritu dira goiz guztian zehar, baina bestelako ekintzak ere izan dira. Esaterako, haurrek egindako marrazkien erakusketa egon da ikusgai Triangulo plazako karpan, haurrentzat elikadura osasuntsuaren tailerra egin dute, pintxo solidarioen eskaintza egon da edo errezeten txokoa ere zabaldu dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!