Trafiko etenak bihar Tolosan, sanjoanetako ekitaldiak direla eta

Ataria 2023ko ekainaren 16a

Rondilla kalea trafikoarentzat itxita egongo da eta San Frantzisko ibiltokia ere itxi egingo dute eguerdira bitarte, Oriako Txirrindulari Elkarteak antolatutako lasterketa dela eta. Horrez gain, larunbateko ohiko azoka, Euskal Herria plazan egiten dena, San Frantzisko ibiltokira lekualdatuko dute.

Bihar, ekainak 17, kuadrillen eguna ospatuko da Tolosan, eta horren harira, aldaketak izango dira trafikoan. Batetik, Rondilla kalea ibilgailuentzat itxita egongo da 10:00etatik 22:00etara. Ondorioz, autobusek ezingo dute erdigunera sartu eta ibilbidea herritik kanpo egingo dute. Hori horrela, Rondilla zein San Frantzisko ibiltokiko autobus geltokiak itxita egongo dira eta Santa Klarara lekualdatuko dira.

Bestetik, Rondilla kalearen itxierarekin batera, San Frantzisko ibiltokia ere ibilgailuentzat itxita egongo da eguerdia bitarte, Oriako Txirrindulari Elkarteak antolatutako kirol proba dela eta. Horrez gain, larunbateko ohiko azoka, Euskal Herria plazakoa, hain zuzen, San Frantzisko ibiltokira lekualdatuko dute, plazan kuadrilla eguneko bazkarirako prestatze lanak egingo dituztelako.

Gune Morea Emakumeen Etxean

Jai berdinzaleen aldeko apustuan, inauterietan egin bezala Gune Morea, indarkeria matxistarik gabeko gunea, kokatuko dute larunbatetik iganderako gauean, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean. Informazio eta arretarako gunea izango da eta 00:00etatik 05:00etara egongo da zabalik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!