Kuadrillen eguna eta txistulari kontzertua, lehen asteburuko ekitaldi nagusiak

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 14a, 18:00

Tolosako Azoka Bereziak izango da kuadrilla egunerako gaia, eta 11:00etan, hurrengo urteko kuadrilla eguneko antolatzaileak erabakitzeko jolasak egingo dituzte Plaza Berrian. Igandean, txistulari kontzertua egingo dute Euskal Herria plazan; Alex Sardui Gatibuko abeslaria izango da gonbidatu nagusia.

Ekainaren 23an izango da Tolosako San Joan festei hasiera emateko txupinazoa. Hala ere, asteburu honetan, ostiraletik igandera, hamaika ekitaldi izango da, askotarikoak eta adin guztietako herritarrentzat.

Hilaren 17a, larunbata, esaterako, Tolosako gazteen egutegian gorriz markatutako eguna da, Kuadrillen Eguna ospatuko dutelako. 12:00etan emango diote hasiera, Plaza Berrian, txupinazoarekin, eta ondoren, Joselontxos txaranga eta Giro Arte dultzainero taldea kalez kale ibiliko dira. Horiez gain, BatuMore batukada feministak, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak eta Tolosa Kantarik ere alaituko dituzte kaleak eguerdian.

Txupinazoaren aurretik, 11:00etan, jolasak egingo dituzte herriko zenbait kuadrillek, eta galtzaileek hurrengo urteko kuadrillen eguna antolatu beharko dute. Honako hauek dira aurtengo jolasetarako antolatzaileek izendatutako kuadrillak: Ttipi, Botanika Sintetika, Botaek, Haundikeritan, Gaba ta lagunak, Nahastemastrek, Zapal, Pollo, Girgilo, GBG, Turukumutraku eta Txiruleroak.

14:00etan, kuadrillen bazkaria egingo dute Euskal Herria plazan; 1.000 lagun inguru elkartuko dira bertan. Ondoren, musikarako eta dantzarako tartea izango da, Iratzar erromeria taldearekin, Larrain Dantzarekin eta Mulambo perkusio taldearekin. Kuadrilla eguna alaitze aldera, aurten ere, gai bat aukeratu dute antolatzaileek, eta Tolosako Azoka Bereziak izango da aurtengo gaia. «Haragi, mikologika, garagardoa festa… asko dira Tolosan ospatzen diren azoka bereziak, eta beste gauza askoren artean hau da ere tolosar egiten gaituena. Omenaldiak, memeak, umorea… kuadrilla egunean ikusiko ditugu zuen ideia guztiak eta urtero bezala, onenak irabazi dezala», adierazi dute antolatzaileek. Izan ere, ideia onenari saria emango diote bazkal ostean.

Txistulari kontzertua

Igandean, Haurren Eguna ospatuko dute sanjoanen barruan. Zumardiaundian hainbat ekitaldi izango dira goizean. Horrez gain, Orkestina Band Jazpana eta Puro Relajo taldeen kontzertuak izango dira, eguerdian eta gauean.

19:00etan, Euskal Herria plazan, Tolosako Udal Txistulari Bandak antolatuta, txistulari kontzertu berezia egingo dute. Euskal Herriko txistulariak eta musikari gonbidatuak izango dira tartean, baita Hodeiertz abesbatza ere, eta Gatibu taldeko Alex Sardui abeslaria izango da gonbidatu berezia. Txistularien errepertorioan ezagunak diren kantuez gain, herriarekin lotura duten bi kantu eta Euskal Herrian ezagunak diren abestiak interpretatuko dituzte. Gainera, sorpresarako tartea ere izango da.

San Joan jaien egitaraua. Lehen asteburua.
  • Ekainak 16, ostirala.
    • 19:00. Tolosa CF Gimnastika taldeak antolatuta, gimnastika erritmikoko emanaldia Usabal kiroldegian.
    • 19:30. Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestraren kontzertua, Lopez Medizabal plazan.
    • 19:30. Beotibar pilotalekuan, San Joan Zesta-Punta Txapelketaren finalerdiak.
  • Ekainak 17, larunbata. Kuadrillen eguna.
    • 9:00. Tolosa CF Eskubaloiak antolatuta, infantil mailako eskubaloi txapelketa, Usabal kiroldegian.
    • 10:00. XLIII. Jose Mª Anza Memoriala txirrindulari lasterketaren irteera San Franzisko pasealekutik, Oriako Txirrindulari Eskolak antolatuta.
    • 10:30. Haurren entzierroa. Irteera Plaza Berritik.
    • 11:30. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera Plaza Zaharretik.
    • 12:00. Kuadrillen Egunari hasiera emango zaio Plaza Berrian. Txupinazoa eta Txosnagunean hamaiketakoa, Joselontxos txarangarekin eta GiroArte dultzaina taldearekin.
    • 12:00. Tolosa Kantari taldea kalezkale ibiliko da, herria kantuz alaitzen.
    • 12:15. BatuMore batukada feministaren kalejira.
    • 14:00. Kuadrillen bazkaria Euskal Herria plazan.
    • 16:00. Erromeria Iratzar taldearekin, Euskal Herria Plazan.
    • 18:00. Larrain dantza Tolosako Dultzaineroekin, Euskal Herria plazan.
    • 18:30. Kalejira Mulambo perkusio taldearekin.
    • 19:00. Berdura plazan, San Joan Sagardo Txapelketa. Txapelketa bitartean, dastaketa: bakailaoa, sagardotan egositako txorizoa eta sagardoa. Antolatzailea: Batasuna elkartea.
    • 20:00. Kalejira Fresa Morangorekin, Plaza Berritik abiatuta.
    • 23:00. Kontzertua Plaza Berrian: Bengo eta Etxepe.
    • 23:30. Jainekin txarangaren kalejira.
  • Ekainak 18, igandea. Haurren Eguna.
    • 10:30. Eskulan tailerra, Zumardiaundian.
    • 11:30. Zirikazirkus haur ikuskizuna, Zumardiaundian.
    • 11:30. Oroimen kontzertua Buru Bihotz elkartearekin elkarlanean, Orkestina Band Jazpana taldearen dantzaldia.
    • 13:00. Muare taldearen kontzertua, Zumardiaundian.
    • 19:00. Euskal Herria plazan Tolosako Udal Txistulari Banda antolatuta, txistulari kontzertu berezia. Euskal Herriko txistulariak eta musikari gonbidatuekin. Gonbidatu berezia: Alex Sardui (Gatibu).
    • 20:30. Plaza berrian Puro Relajoren kontzertua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!