Pasaban enpresako langileek manifestazioa egin dute, hitzarmenaren negoziazioa amaitzea eskatzeko

Ataria 2023ko eka. 13a, 16:00

Pasa den astean hasi ziren mobilizazioekin, eta gaur, lehen aldiz, manifestazioa egin dute; dozenaka langile elkartu dira Tolosako Trianguloa plazan. Bertan ziren Asuncion Klinikako langileek bat egin dute manifestazioarekin.

Tolosako Pasaban SA enpresako langileak mobilizazioetara itzuli ziren pasa den asteartean. 11:00etatik 13:00etara lanuztea egin zuten enpresan, eta gainera, elkarretaratzea burutu zuten Trianguloa plazan. Gaur ere gauza bera egin dute, baina elkarretaratzeaz gain, manifestazioa egin dute San Frantzisko pasealekuko 45. zenbakiraino.

Langileek honakoa eskatzen dute, besteak beste: lizentzietan hobekuntzak, KPI-aren balorearen araberako taula bat, lan ordutegian malgutasuna eta muntai lanengatik kanpora joan behar duten langileen kasuan, 59 urtetik gorakoentzat hautazkoa izatea. ELA eta LAB sindikatuek duela astebete adierazi zutenez, hitzarmenaren negoziazioa «asko» ari da luzatzen «enpresaren jarrera dela eta».

Hurrengo asteetan, ekainaren 20ean eta 27an, berriz burutuko dituzte lanuzteak, 11:00etatik 13:00etara; manifestazioak ere egingo dituzte egun horietan, gaurko ibilbide berarekin.

Asuncioneko langileen babesa

Pasaban enpresako langileez gain, Asuncion Klinikako langileak ere Trianguloan ziren gaur goizean, eguerdian eman baitiote amaiera 24 orduko kanpaldiari. Pasabaneko langileen ordu berean elkarretaratzea egin dute, eta ondoren, beraien atzetik atera dira manifestazioan, babesa erakusteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!