Udaberri dantza taldeak antolatuta, pasa den larunbatean, ekainak 10, omenaldia egin zioten Juan Mari Urruzolari. Kalejira baten bueltan elkartu ziren zenbait musikari, dantzari, lagun eta senitarteko, eta Plaza Zaharrean ekitaldi xume bat egin zuten. «Osasun arrazoiak tarteko, erritmoa jaitsi behar izan duen honetan, aitortza egin eta eskerrak emateko elkartu gara», adierazi zuten antolatzaileek.
Ekitaldiari hasiera eman baino lehen, Lizardi elkarte parean hasita, Kale Nagusia zeharkatuz, kalejira egin zuten musika talde desberdinek Plaza Zaharreraino: lehenik, txistulariak; ondoren, Hernaniko dultzaineroak; eta azkenik, Pasaiako Alkarkide txaranga eta Udaberri dantza taldeko fanfarrearen aurreko belaunaldietako eta gaur egungo kideek osatutako taldea elkarrekin.
Ekitaldiari txalapartariek eman zioten hasiera. Ondoren, agurra dantzatu zioten Urruzolari. Dantza saioaren ostean, oroigarria eman zioten, eta berriro ere, dantza pare bat egin zituzten dantzariek; kasu honetan, fandangoa eta arin-arina. Amaitzeko, familia argazkia eta talde argazkiak egin zituzten plazan bertan. Behin ekitaldia amaituta, kalejiran jarraitu zuten Alde Zaharreko kaleetan zehar.
Oroigarrirako, garai batean Udaberri dantza taldeak argitaratutako Arin Arin aldizkariko zenbaki berezi baten azala egin zuten, Urruzolaren argazkiak eta testu labur bat uztartuz. Testua bera, Garikoitz Llobregat txistulari eta lagunak irakurri zuen ekitaldian:
Zure lanaren ekimenez, gure lorea sustraietatik petaloetara zeharkatu duen izerdia izan zara, urtetik urte etorri diren Udaberri desberdin guztiak lotu dituen txortena. Zuhaitz urtetsuen antzera, izan dituzu itzalaldiak, baina ezin etsi bizi gabe, eta egoskorraren egoskorrez, bota dituzu kimu berriak, zure inguruan hedatu dituzun loreen musika-doinuz dantzan jarri direnak. Airera zabaldu dituzun hazi ernaldu guztien izenean, eskerrik asko Juan Mari, eta aunitz urtez.
Udaberri dantza taldeko kide izan da Urruzola urte luzez. «Taldeko musikari eta langile nekaezina izan da Juan Mari euskal herri musika eta dantzaren ildotik. Ikerketan ere aritu izan da, eskualdeko dantzak berreskuratze lanetan, Tolosako Bordon dantza eta Berastegiko San Joan Dantzak, esaterako. Hori gutxi balitz, txalaparta jotzeko ikastaroak eman izan ditu, baita euskal musika tresnen inguruko hitzaldi didaktikoak ere, eta hainbat partitura eta musika konponketa prestatu ditu», azaldu zuten dantza taldeko ordezkariek.
Iaz, AEK-k omendu zuen
Larunbatekoa, baina, ez da azken urteetan Urruzolari egin dioten omenaldi bakarra. 2022ko apirilaren 9an, Korrika eskualdetik igaro zenean, hain justu, Tolosa eta Ibarra artean, AEK-k omendu zuen. Lore-sorta bat jaso zuen eskualdeko AEK-ko ordezkarien eskutik, eta berari egokitu zitzaion 22. Korrikak Tolosan egin zituen azken metroetan lekukoa eramatea.