Mario Zubiaga tolosarra EH Bilduren Senaturako hautagaia

Ataria 2023ko eka. 11a, 11:00

Argazkia: Goiena.eus

EH Bilduko oinarriek Herrialdeetako Mahai Politikoek Kongresurako eta Senaturako proposatutako hautagaitzak berretsi dituztela jakinarazi zuten atzo eguerdian. Tolosarra, Senaturako hautagaien artean izango da, hirugarren postuan.

Uztailaren 23an egingo diren Hauteskunde Orokorretarako EH Bilduk ere baditu hautagaiak. Ostegunean eta ostiralean EH Bilduko bilkideek Herrialdeetako Mahai Politikoek Kongresu eta Senaturako proposatutako hautagaiak berresteko aukera izan dute; eta atzo jakinarazi zuten, horrela egin dutela.

Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroarako aurkeztuko dituztenen artean eskualdeko bat agertzen da, Mario Zubiaga tolosarra. Zuzenbidean lizentziaduna eta Zientzia Politikoetan doktorea dena, Senaturako hautagaien artean izango da, hirugarren postuan. Azken hauteskundeetan, Gipuzkoatik, EH Bilduk, Kongresurako bi eserleku lortu zituen eta Senaturako bat.

Mertxe Aizpurua Kongresuko eledunaren hitzetan, «talde plural eta konprometitua» osatu du koalizioak, helburu duena «euskal herriaren eta langileen eskubideak» babestea. Are gehiago, adierazi du Euskal Herriko eta Kataluniako ezker independentistarik gabe ez dela posible izango «estatuan gobernu aurrerakoi bat» egotea: «Espainiako eskuin muturren agenda erreakzionarioari aurre egiteko berme bakarra gara». Aizpuruak gaineratu du EH Bilduk udal eta foru hauteskundeen «bigarren itzulia» balitz bezala prestatuko dituela Espainiako Gorteetarako bozak. «Maiatzaren 28an ziklo politiko berri bati ekin genion, Hego Euskal Herriko lehen indar politikoa bihurtuta», azaldu du eledunak, eta gehitu du bide horri heldu behar zaiola «aldaketa ausartak, sakonak eta egiturazkoak» egiteko.

 

GIPUZKOA

Kongresurako zerrenda:

  1. Mertxe Aizpurua
  2. Jon Iñarritu
  3. Maddalen Urzelai
  4. Larraitz Ugarte
  5. Pello Urizar
  6. Maddalen Iriarte

Senaturako zerrenda:

  1. Gorka Elejabarrieta
  2. Olaia Duarte
  3. Mario Zubiaga

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!