Pasaban enpresako langileek mobilizazioak hasi dituzte

Ataria 2023ko ekainaren 6a

Bi orduko lanuztea egin dute gaur enpresan, eta ordu horietan Tolosako Trianguloa plazan elkartu dira langileak. «Enpresa zuzendaritzak ez du inongo momentuan negoziatzeko jarrerarik azaltzen. Hitzarmen duin bat merezi dugula uste dugu», azaldu dute sindikatuek.

Tolosako Pasaban SA enpresako langileak mobilizazioetara bueltatu dira gaur. 11:00etatik 13:00etara lanuztea egin dute enpresan, eta gainera, elkarretaratzea burutu dute Trianguloa plazan.

Langileek honakoa eskatzen dute, besteak beste: lizentzietan hobekuntzak, KPI-aren balorearen araberako taula bat, lan ordutegian malgutasuna eta muntai lanengatik kanpora joan behar duten langileen kasuan, 59 urtetik gorakoentzat hautazkoa izatea.

ELA eta LAB sindikatuek adierazi dutenez, hitzarmenaren negoziazioa «asko» ari da luzatzen «enpresaren jarrera dela eta».

Hurrengo asteetan, ekainaren 13an, 20ean eta 27an berriz burutuko dituzte lanuzteak, 11:00etatik 13:00etara. Kasu horietarako, ordea, manifestazioak antolatuko dituzte, Tolosako Trianguloa plazatik abiatuta, San Frantzisko pasealekuko 45. zenbakiraino.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!