Tolosako Zubiberria

Tolosako jarduneko udalak esan du zubia ordezkatzeko diseinu berria egingo duela Urak

Ataria 2023ko ekainaren 6a

Olatz Peon jarduneko alkateak adierazi duenez, uraren euskal agentziak «udalaren eskariari erantzungo dio»; Tolosako EH Bilduk, «harridura» azaldu arren, «positibotzat» jo du erabakia, «egoera berria planteatzen duelako».

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) ekainaren 2ko datarekin jasotzen duenez, urtarrilaren 12an onartutako Oria ibaiaren uholdeen aurka babesteko proiektua bertan behera geratu da.

Proiektu hark Zubiberria eraitsi eta berria eraikitzea aurreikusten zuen. Iragarkiak zehazten du Tolosako alkateak Ura agentziari eskatu ziola zubi berriaren proiektuaren diseinu berri bat azter zezan. Ondorioz, Ura agentziako zuzendari nagusiak indarrik gabe utzi zuen urtarrilaren 12ko ebazpena.

Tolosako jarduneko udalak «azken egunetan zabaldutako informazioaren harira», hainbat argibide eman nahi izan ditu. Hala, gaiak izan duen ibilbidea gogoratzearekin batera, jakinarazi du, urtarrilaren 12an onartu zen proiektua indargabetu ostean, proiektu berria idatziko dela, «zubiaren diseinu berria egiteko», eta Ura agentziak «konpromisoa» hartu duela proiektua Tolosako udaletxeko hirigintza sailarekin partekatu eta kontrastatzeko.

EH Bildu «harrituta»

Tolosako EH Bilduk, bere aldetik, «harridura» azaldu du, Euskadiko Aldizkari Ofizialaren bidez jakin dutelako hasierako proiektua indargabetu egin dela. Hori bai, erabakia «positibotzat» jo dute «egoera berria planteatzen duelako, erakundeen arteko lankidetza ahalbidetzen duelako eta irtenbide berriak planteatu ahal izango direlako».

EH Bildutik, dena den, zalantzak dituztela diote: «Ez dakigu proiektua indargabetzeko erabakiak zubia ez eraistea dakarren, edo soilik proiektua aldatzea proposatzen den». Bilduren ustez, «garrantzitsuena» erakundeen arteko lankidetza abiatzea da, «herritarrak informatzea eta parte egitea, eta uholde arriskua gutxituko duen esku-hartze integrala planteatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!