ERREPORTAJEA

Urratsez urrats

Aitor Arroyo Askarai 2023ko eka. 4a, 07:58
B1 gela. A.A.

Lau hamarkadako ibilbidea ondu du aurten Tolosako Aitzol udal euskaltegiak. Ikasgelaz ikasgela sartu-irtena egin du Atariak.

0 MAILA


Ikasgelako atea ireki eta isiltasuna gailendu da; jakin-minez, zazpi ikasle atera begira. Aurkezpenak datoz lehenik: poliki eta segurtasun handirik gabe, baina, zuzen aurkeztu dute euren burua. Ikasle bi hogei urteren bueltan, beste bi laugarren hamarkada pasata eta bizpahiru erretiratu. Jatorriak ere denetarikoak: tolosarrak, donostiarrak… baita latinoamerikarrak eta espainiarrak ere.

Eta zergatik erabaki duten euskara ikastea? Errepikatu egiten dira motiboak: hainbatek aipatu dute seme-alaba edo iloba euskaldunak dituztela, eta haiekin euskaraz egin nahi dutela eurek ere. Besteren batek kontatu du jendaurrean egiten duela lan eta, beraz, beharrezko duela euskara menperatzea. Etorri berrientzat, aldiz, lehen urratsak dira ingurua ulertzeko eta bertakotzen hasteko.

Euskaltegiko maila baxueneko gela da, eta gelakideek ere ezagutza-maila ezberdinak dituzte. Irakasleak aitortu du hori dela eragozpen nagusietako bat, hain justu, profil ezberdinak bateratzea eta guztiekin batera lan egitea. Dena dela, ikasleei begira eta poliki ahoskatuz esan du talde «oso langilea» dela, eta «lan handia» egiten ari direla. Zazpi irribarre jaso ditu ordainetan, eta haiek ere aitortu dute «pazientzia handia» duela berak eta «oso gustura» joaten direla klaseetara.


B1 MAILA


Bigarren atea zabaldu ondotik, beste sei begirada; izatez, gehiago daude matrikulatuta, baina, hainbat arrazoi direla medio, dozena erdi ikaslek osatzen omen dute ohiko taldea. Euren burua aurkeztu dute: hogei eta berrogei urteren artean guztiek. Jatorriak, berriz, aurreko gelakoak bezain denetarikoak: Ibarra, Kantabria, Tolosa, Maroko, Basauri, Argentina…

Oraindik ere zalantzati egiten dute hitz, baina, nabari zaie beste segurtasun eta jario bat. Irakasleak ere abiadura handiagoan egiten die, eta gelako arbelean ikus daitezke zenbait gramatika arauen azalpenak. Euskara ikasteko arrazoiak aipatzean bi nagusitu dira: lanerako komeni izatea eta jendea ulertzea. Baina, hemen ere bada seme-alabekin euskaraz aritu nahi duelako ikasten duenik.

Aho batez esan dute ikasleek «egitekorik zailena» hitz egitea dela; elkarrizketa batean erantzuna azkar eman beharrak urduri jartzen ditu eta horrek traba egiten omen die. Beste zailtasun bat ei da euskaraz pentsatzea; ikasleek erdaraz pentsatzen dute lehenik; gero, itzuli; eta, azkenik, euskaraz adierazi. Bide beretik, kalean, guztiek sentitu omen dute behin baino gehiagotan jendeak ez duela pazientziarik haiekin, eta askotan jo behar izan omen dute erdarara egoera deserosoa ez luzatzeko.



C1 MAILA

Gelara sartu orduko nabari da aldaketa: elkarrizketa guztiak dira euskaraz eta, salbuespenak salbuespen, ez da erdarazko hitzik aditzen. Ikasleen adinetan ere bada alderik: sei ikasletik lau dabiltza hemezortzi eta hogeita bost urte artean; berrogei urteren bueltan dabil bat, eta erretiratu berri da beste bat. Tolosako zein eskualdeko beste zenbait herritako jendea da, eta guztiak, euskaldunak.

Taldeko bakarra ari da euskara ikasten nahi hutsagatik; gainerakoek hizkuntzaren ezagutza hobetu nahi badute ere, titulua eskuratzea dute helbururik behinena. Gehienek aipatu dute lanerako komeni zaiela ziurtagiria, izan aukerak zabaltzen dizkielako edo posturako baldintza delako.

Oro har, beste ikasketa batzuekin uztartzen dute euskaltegia, eta bada lanarekin bateratzen duenik ere. Astean bi saio izaten dituzte eta bina ordu irauten dute. Hasieran, batik bat idazketa landu zuten, baina, tartea ere izan zuten esaera zaharrak ikasteko eta berridazketak egiteko. Orain, berriz, idazmen froga eginda, ahozkotasuna dute ikasgai.

Ikasturtea hasi zutenetik nabaritzen omen dute hobekuntza. Zalantzak ere ugaritu ei zaizkie, baina, orokorrean, erraztasuna eta zuzentasuna handitu dute bai idatziz, bai ahoz. Dena dela, konturatu omen dira oraindik «ikasteko asko» dutela.



C2 MAILA



Euskara hutsetik euskara hutsera alde handirik ez dagoela pentsa liteke, ez da horrela, ordea. Hogeita hamar urteren bueltan eserita bost ikasle, Euskal Herritarrak eta euskaldunak guztiak. Gehienek lanarekin uztartzen dituzte euskaltegiko ikasketak, eta langabezian dago bat.

Ezagutza maila prestatzeko arrazoietan ñabardurarik sumatzen bada ere, denek dute erro bera: lanpostu baterako baldintza izatea. Ikasleek azaldu dutenez, administrazio publikoko gero eta postu gehiagotan ari dira ezartzen laugarren hizkuntza eskakizuna; beraz, oraindik ezinbesteko baldintza ez bada ere, «oso komenigarria» omen da aipatu ziurtagiria eskuratzea.

Hasieran, idazteko gaitasunari eman omen zioten garrantzia, eta aldi berean aritu ziren teoria lantzen, arau batzuk ikasten eta beste batzuk gogoratzen. Egin zuten idazketa proba eta, orain, ahozkotasuna ari dira fintzen. Zailena, ordea, idazketa omen da haientzat; besteak beste, azaldu dute ohitura oker batzuk oso barneratuta zituztela, eta ez dela erraza horiek zuzentzea.

Bestalde, kurtsoaren hasieratik hona aldea nabaritzen dutela ere aitortu dute. Gaur egun kontzientzia handiagoa ei dute idazten eta esaten dutenaz, eta begirada zein entzumena zaildu zaiela-eta, errazago hautematen omen dituzte akatsak.

Erlazionatuak

«Beharra izan da irauteko gakoa»

Aitor Arroyo Askarai 2023 eka 04 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!