ELKARRIZKETA

«Beharra izan da irauteko gakoa»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko eka. 4a, 07:59
Axun Lopetegi, Martxeli Sagastume eta Ainara Arakama. A. ARROYO

Mahaiaren bueltan eseri dira Ainara Arakama (Lazkao, 1975), Axun Lopetegi (Belauntza, 1962) eta Martxeli Sagastume (Alegia, 1964). Aitzol udal euskaltegiko zuzendaria da lehena; karguan aurretik izanak, beste biak. Hirurak batzen ditu euskara irakasteko zentroak eta pasioak. Berrogei urte bete ditu aurten euskaltegiak, eta horixe izan dute hizpide.

Ondo ulertzen dute elkar, eta bata bestearen erantzunak osatzen aritu dira galderak erantzun bitartean: nola aldatu diren metodologiak, ikasleen profilak, egoera soziolinguistikoa… Oro har kezkatuta azaldu dira, iruditzen baitzaie gaur egun jendea «erlaxatuta dagoela» euskararen egoerarekin.

Nola oroitzen dituzue euskaltegiaren lehen urteak?

Axun Lopetegi: Garai hartan gazteenetakoak ginen. Klaseak gehiago izaten ziren arratsaldeetan, alegia, bazkalondotik hamarrak arte; eta, goizetan, askoz gutxiago. Geroago hiru txanda izaten ziren: goizekoa, arratsaldekoa eta iluntzekoa. Gogoratzen naiz iluntzeetako txanda zazpietatik hamarretara dena jarraian izaten zela, tartean ordu erdiko atsedenarekin. Jende gehiena txanda horretan izaten zen, lanetik ateratakoan etortzen ziren.

Ainara Arakama: Franco hil osteko garaiak ziren, eta egoera soziopolitikoa ezberdina zen oso.

Martxeli Sagastume: Gizartea ere ezberdina zen. Aisialdira begira ia ez zegoen ezer poteoaz beste. Gaur egun dagoen kirol grin hori orduan ez zen existitzen; orokorrean, behintzat. Eta euskaltegia bera sozializatzeko espazio bat ere bazen.

Arakama: Jendea ere oso konprometitua zen; militantziagatik etortzen ziren. Gainera, eskolak hezkuntza hori ematen ez zuenez, jendea etortzen zen hona hutsune hori betetzera. Gaur egun bezala [barrez, ironia puntuarekin].

Sagastume: Uf, ez dauka inolako zerikusirik.



Nola aldatu da ordutik hona?

Arakama: Izugarri aldatu da; ordutegietatik hasita. Gaur egun, iluntzeetan jendeak ez du nahi klaserik; ez du euskaltegira etorri nahi. Lehen topera egoten zen txanda bat bazen, orain ia aurkakoa da. Zazpietatik aurrera badauzkagu eskola batzuk, eta tutoretzetan ere halabeharrez badira gaueko bederatzietan bukatzen dutenak ere; baina, ez da lehen bezala. Lehen trumilka etortzen ziren pertsona horien parekorik ez dago gaur egun.

Lopetegi: Hor kontua da jendea arratsaldeko sei eta erdietatik aurrera kiroldegian sartzen dela eta aurretik libre dagoenak, berriz, ez du nahi iluntzeetan. Aldaketa hori izugarria izan da. Goizetan zein jende mota etortzen da? Askotan, lanik ez dutenak, etorri berriak, etxeko andreak, erretiratuak… Umeak eskolan dauden bitartean etortzen dira azken horiek.

Sagastume: Profil horiek etortzen dira goizetan edo, bestela, bazkalondoan; kontrara, seietatik aurrera etorri beharko lukete lanean daudenak. Baina, horiek ere ez dute nahi izaten. Jende gazteak, berriz, euskaltegira jotzen du lanean edo tituluren bat eskatu dietelako. Baina, arratsaldeko seietatik aurrera ez dute hemen egon nahi, eta normala da; horiek autoikaskuntzara jotzen dute gehiago.

Arakama: Ezberdintasun handiena da lehen seietatik aurrera etortzen zen jende multzo hori ez zegoela euskaraz alfabetatuta; eta hori betetzera etortzen ziren. Gaur egun, berriz, ia denak alfabetatuta ateratzen dira eskolatik, beraz, hemen hartzen ditugu titulu bat behar dutelako, edo hezkuntza araututik kanpo geratu direlako. Gainera, horietako askok lan egiten dutenez, autoikaskuntza aukeratzen dute.



Gaur egun zein funtzio du euskaltegiak?

Arakama: Gure funtzioa oraintxe da hezkuntza araututik kanpo geratzen den jende multzo hori euskalduntzea. Gure ikasleen profilak honela sailka daitezke: kanpotik etorri den jendea, bai estatuz kanpo bai estatu barrutik; eskolak nolabait euskaldundu ez duen hura; eta, bestela, lan bati begira titulazio konkretu baten bila datozenak.

Euskaltegiko jarduna nola egokitu da Tolosako hizkuntza beharretara?

Arakama: Euskaltegiko klaseez gain, ematen ditugu baita ere Inmakulada Lanbide Ikastolan eta Peñaskalen. Adibidez, Inmakuladan ematen dugun klasea dago bideratuta etxeetan helduak zaintzen dituztenei. Formakuntza txiki bat izaten da, gutxienekoa, zaindu behar duten pertsona euskalduna bada garrantzitsua da. Irakasleari kostatzen ari zaio: ikasle batzuekin ondo moldatzen da, baina, baditu beste batzuk…

Lopetegi: Peñaskalen ere gauza bera gertatzen da: ikasleak gaztetxoak izaten dira, askotan tutorerik gabekoak… Ostalaritzako moduluak ikasten dituzte han, eta jendaurrean lan egiteko gutxieneko ezagutzak irakasten saiatzen gara gu. Kontua da asko alfabetatu gabeak direla, idazten ere justu dakite, eta hizketan gazteleraz ere askotan larri… Orduan saiatzen gara ahozkoa lantzen, baina, gogorra izaten da oso.



Arakama: Eta gure moduluak ere aldatzen doaz. Duela urte batzuk askoz intentsiboagoak ziren gaur egun baino. Orain jendea etortzen da: «Lau egun ez; bakarra bada hobeto». Baina minimo batzuk eman behar dira, ezinezkoa baita etxean dena ikastea. Jendearen partetik, berriz, eskaera da ahalik eta motzena eta eraginkorrena izatea. Hortxe gabiltza oreka bilatu nahian. Orain ditugun moduluak zehatzagoak ere badira. Betiko klase arruntak bai, baina, horrez gain, ostalaritzako taldeentzako espezifikoak, merkatarientzako… Datorren ikasturtean eskaintzen hasiko gara horiek. Beharra badago.

Autoikaskuntza da eskaintzen duzuen ikasketa ereduetako bat, eta gora egin du nabarmen. Zer dago horren atzean?

Lopetegi: Indibidualizazio handia dago: bakoitza berera doa, eta ez du besterik jakin nahi. Hori batzuk, behintzat. Beste askok nahiago lukete klaseetara etorri, baina, taldea sortzeko baldintza batzuk ditugu, eta horiek ez badira betetzen, autoikaskuntza da geratzen zaien aukera.

Arakama: Bizitzako gainerako esparruekin ere bateratu behar dute. Jendea gero eta baldintza kaxkarragoetan bizi da. Jende gazte asko daukagu lan eta bizi baldintza oso kaxkarretan, eta horrek ikasteko aukerak zailtzen ditu.

Sagastume: Zalantzarik gabe, prekarizazioak ere izan du eraginik autoikaskuntzaren gorakadan.

Arakama: Bizitza aurrera eramateko nahiko lan, eta euskaltegian ere konpromisoa hartzeko, antzeko. Dena bateratu behar dute, lana, familia, ikasketak… Ez da posible. Aipatutako arrazoi guzti horiek eragina dute. Azken urteetan asko igo da: aurten denera 200 ikasle ditugu, eta 85 autoikaskuntzan dabiltza.

Sagastume: Garbi dago autoikaskuntza egiteko profil bat behar duzula. Ez da egokia jende guztiarentzat. Jendea oso autonomoa bada, ikasten baldin badaki, ikasketa estrategiak zehazteko gai bada… Horientzat oso egokia da. Baina jarraikortasuna eta antolatzeko gaitasuna behar dira, eta B2 mailatik gora behar du izan. Aurretik, interakzioa behar da; eta are gehiago, erabilera bada gure erronka. Jakin jende askok daki euskaraz; gertatzen dena da ez dutela erabiltzen.

Arakama: Gainera azterketa ez da bakarra: lau trebetasun landu behar dira. Jende asko itsutzen da idatziarekin, eta gainerako alorrak ez dituzte kontuan hartzen. Pentsatzen dute berez etorriko zaiela ahozkoa… Ez dago orekatuta.

 

Martxeli Sagastume: «Lau trebetasun menperatzen ditugu, baina, benetan hizkuntzak behar duena ez dugu lortzen»



Nori dago zuzenduta autoikaskuntzaren eredua?

Sagastume: Autoikaskuntzara etortzen diren zenbaitekin pentsatu izan dut ez direla profil egokia etxean ikasteko. Interakzioa beharrezkoa da hizkuntza ondo menperatzeko. Orduan, justu bi muturretan gaude. Garai batean zergatik ikasi genuen baliabide gutxiagorekin? Elkartu egiten ginelako.

Arakama: Eta elkartzeko gogoa zegoelako. Gaur egun, esate baterako, C1 maiako ikasle bat gai bada burujabea izateko, bere izaera ere halakoa delako, ba oso ondo. Baina C1 mailan egoteak esan nahi du baduela ezagutza nahikoa hori egiteko.

Lopetegi: Hori da. Autoikaskuntza dago bideratuta gehiago profil horietara: C1, C2, B2 ere bai, agian… Baina, hortik gora; ziur.

Arakama: Baina B2 titulua ateratzeko ere asko, agian, idatziz badira gai; baina gero, hitz egiteko ez. Jendeari ez zaio buruan sartzen hizkuntza batean segurtasuna eta jarioa garatzeko praktikatu egin behar dela, eta hori hitz egitea da. Haien kabuz kanpoan egiten ez badute -izan lotsagatik edo dena delakoagatik- euskaltegian eduki beharko lukete talde bat, non han praktikatuko duten. Baina jendeari galbana ematen dio.



Nolakoa da zuentzat euskaltegiko irakasle izatea?

Sagastume: Gure lanak ez dauka inongo prestigiorik, baina, niretzat oso gogobetegarria da. Ikasle batekin hasten zarenean, batzuetan, garapena ez da bakarrik errendimenduari dagokiona, baizik eta baita ere pentsaera aldaketak, aurreiritziei buelta ematea… Hori sekulakoa da.

Lopetegi: Gizartean ez dago batere aitortuta egiten dugun lana, baina, ni balioetsia sentitzen naiz ikasleen partetik. Administrazio aldetik ere nahaspila handia dago, ez gaituzte kontuan hartzen. Baina, ikasleek balioesten nautela sentitzen dut, eta hori dela eta, nik ere nire onena ematen diet; eta hori nabaritu egiten da. Esan gabe doa urte hauetan denetik ikusi dugula, ia-ia psikologo lanak ere egin behar izan ditugu… Baina, niri asko gustatzen zait hartu-eman hori.

Arakama: Oso polita da irakaskuntza prozesua. Askotan ikasleek duten euskaldunen eredu bakarra irakaslea da. Ardura handia da, baina, oso polita da azaltzea gure kultura nolakoa den, gizartea nola ulertzen dugun…

Irakasle lana, ordea, ez da mugatzen euskara irakastera.

Lopetegi: Asko aldatu da hori ere. Ikasleei ez diegu azaltzen euskara bakarrik, baita ere gu zer garen, nola bizi garen, zer den hau… Ikastetxe batean egiten dena ikasleekin. Kanpotik datozenek ez daukate hemengo kulturaren informaziorik, ez dakite nola bizi garen; eta hori dena ere transmititu behar diezu. Kultur balio horiek zuk dituzun baliabide txikiekin irakatsi behar dizkiezu, baina, poliki-poliki ezagutzen joaten dira; eta hori oso gogobetegarria da.

Arakama: Askorentzat oso deigarria da gizarte ez hain erlijiotsu batera datozela eta, agian, norbait hiltzen da, baina, ez dago hileta elizkizunik edo, agian, familiak adierazten du ez duela jendea etortzerik nahi; eta hori ere azaldu egin behar diezu. Beste adibide bat izan liteke sexu bereko bikoteena; batzuei ez zaie buruan sartzen. Egoera xelebre asko sortzen dira.

Sortu zenean zein zen erronka nagusia? Aldatu al da urte hauetan?

Sagastume: Garai hartan erronka zen nola edo hala euskaraz egitea; eta baliabide askorik gabe egiten genuen. Gaur egun askoz baliabide gehiago ditugu. Baina lehen ez zen hainbeste idatzia, kalean lan gehiago egiten genuen. Jendea euskaraz hizketan jartzea, hori zen helburua.

Arakama: Jendeak ere bazuen halako motibazio bat: edukia eman eta lanean bakarrik hasten zen. Zentzu horretan, metodologian ere kristoren aldea dago. Garai hartan dena zen edukia: gramatika, erabilera arauak…

Lopetegi: Nik ere ez dakit nola, baina jendea jarri egiten genuen horretan. Gaur egun mintza-praktika esaten dena kalean egiten genuen; baita tabernan ere! Giroa bestelakoa zen zentzu askotan: parrandan, afarietan, kanpo ekintzak egiteko garaian… Sozializatzeko bide bat ere bazen euskara ikastea.

Gaur egun, ordea, izugarri aldatu da. Irakaskuntza eredutik hasita: Europako markoa sortu zen, eta gu ere hor gaude. Orain lau trebetasun landu behar ditugu, eginkizun komunikatiboa landu behar da… Pila bat aldatu da.

Sagastume: Eta ez hori bakarrik, askotan, azterketara begira egiten dugu lan: «B titulua behar du nola edo hala, beraz, prestatu dezagun hori». Gaur egun ez da ia batere kalean lantzen. Orduan, nahiz eta baliabide gehiago eduki, zertara iristen gara? Hiru edo lau trebetasun menperatzen ditugu, baina, benetan hizkuntzak behar duena ez dugu lortzen.

Arakama: Lehen erronka nagusia ezagutza bazen, oraingoa da erabilera; eta zergatik? Bada, eskola araututik ateratako gazte gehienak ezagutza badutelako, baina, ez dutelako erabiltzen. Eskolak prestatzeko garaian ere nabaritzen da hori, helburua izaten da: «Gaur gai izan behar duzu dendara joan eta zerbait euskaraz eskatzeko». Oro har, elkarrizketak euskaraz edukitzeko prestatu behar ditugu; ezagutza, izatez, badutelako. Kontraesankorra dirudi, iruditzen baitzait klaseak gaur egun askoz eramangarriagoak direla duela urte batzuk baino.



Berrogei urte ez dira edonola betetzen. Zein izan dira irauteko gakoak?

Lopetegi: Euskaltegiak sortu zirenean, politikariek-eta pentsatzen zuten epe bat izango zutela. Alegia, hezkuntza euskaraz izango zela denbora gutxian, eta euskaltegiek, beraz, epe-muga zutela. Uste zuten hogei urteren buruan eskoletatik gazteak euskara jakiten aterako zirela, eta gurea bukatu egingo zela.

Arakama: Kalkulu matematikoak egin zituzten, eta horren arabera sortu zituzten euskaltegiak. Begira, ordea, non gauden. Azkenean, beharra izan da irauteko gakoa. Baina, jakina, urteak ez dira alferrik pasa.

Sagastume: Noski ezetz, eta kontuz: lan asko egin da urte horietan. Iruditzen zaigu beti izan dela horrela, baina, ez; lan asko egin da berrogei urtean. Ez, ordea, pentsatzen zena bezain beste.

Lopetegi: Garai hartan pentsatzen zuten gazteak eskolara joatearekin bakarrik euskaraz alfabetatuko zirela. Kontrara, euskaltegiari egozten zioten helburua zen helduak euskaraz alfabetatzea eta euskalduntzea.

Baina ez da horren erraza, ezta?

Arakama: Errealitateak erakutsi du ez dela hain sinplea.

Lopetegi: Gainera, jendea ez da jabetzen garai batean borrokatu egin behar izan zela euskararen alde zenbait gauza lortzeko. Belaunaldi batzuek ezagutu dute hori, baina, gazteek dena eginda jaso dute. Hori dela eta, gaur egungo egoeraren aurrean erlaxatuta daude; eta oso kezkagarria da hori.

 

Axun Lopetegi: «Gaur egungo egoeraren aurrean erlaxatuta daude; eta oso kezkagarria da hori»



Sagastume: Jendeak pentsatzen du euskara eskolan ikasi duelako etxean ez duela lanik egin behar. Askotan, gainera, etxeko egoera linguistikoa mistoa izaten da, eta horrek zer dakarren? Bada, oro har, ez dela behar bezala zaintzen hizkuntza bakoitzaren kalitatea eta eskaintzen zaion denbora. Praktikan, beraz, ume eta gazte askoren errealitate linguistikoa ez dago orekatuta.

Lopetegi: Beste kontu bat da ume askok lotzen dutela euskara arlo akademikoarekin, eta ondo pasatzea edo aisialdia gaztelerarekin. Modernoa eta dibertigarria da gaztelera; eta euskara, berriz, aspergarria. Erabileran kristoren lana dago, eta ez ostalaritzan edo merkataritzan bakarrik… Orokorrean baizik.

Arakama: Beti esaten dugu eskolaz kanpoko jardueretan ere umeek euskaraz egin beharko luketela. Familian ere bai, jakina. Eta dena ondo bidean, familiak eta eskolak huts egingo balute, gizarteko beste ekintzetan ere egon beharko luke euskarak. Baina, hainbat esparruk huts egiten dutenez, euskaltegien beharrak hortxe jarraitzen du.

 

Ainara Arakama: «Hainbat esparruk huts egiten dutenez, euskaltegien beharrak hortxe jarraitzen du»



Sagastume: Itxiko bagenu dena euskaldundu dugulako… [Barrez]. Baina, ez da errealitatea.

Erlazionatuak

Urratsez urrats

Aitor Arroyo Askarai 2023 eka 04 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!