Indarkeria matxistari erantzun antolatu bat emateko konpromisoa berretsi du Tolosaldeko Itaiak

Ataria 2023ko maiatzaren 31

Astelehenean, Gasteizko erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin zuten Trianguloa plazan.

Tolosako San Joan festak gerturatzen ari direla eta, bilera irekia egingo dute larunbat honetan. Bestetik, sanjoanetan etxera bakarrik ez itzultzeko, etxeratze kolektiboak jarriko dituzte martxan.

Tolosaldeko Itaiak indarkeria matxistari erantzun antolatu bat eman nahi dio, eta horretarako, bilera irekia burutuko du larunbat honetan. Tolosako kultur etxean izango da saioa, 12:00etan.

Bestetik, San Joanetan etxera bakarrik ez itzultzeko, etxeratze kolektiboak jarriko dituzte martxan. Elkargune izango den Trianguloa plazatik abiatuta, Tolosako auzo ezberdinetara eta Ibarrara lagunduta itzultzeko aukera eskainiko dute. «Tamalez, badakigu jai giroan erasoak gertatzeko baldintzak areagotu egiten direla, eta ondorioz, indarkeria matxista kasuak nabarmen hazten direla», adierazi dute Itaiatik.

Etxeratzeak antolatzeko, galdetegi bat zabaldu dute. «Egun eta ordu egokienak zein diren jakin nahi dugu, baita testuinguru honi aurre egiteko bitarteko efektiboak sortzeko antolatzeak duen garrantzia azpimarratu eta gurekin batera antolatzeko gonbidapena luzatu ere», gaineratu dute. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!