'Salbak' kartelak iragarriko ditu 2023ko Tolosako San Joan festak

Ataria 2023ko maiatzaren 24a

Lehiaketan jasotako 25 lanen artean Angel Blanco Egoskozabalek aurkeztutako lana hautatu dute epaimahaikideek. «Kartelak egungo homogeneizazio estetiko digitaletik eta estilo horrek eragiten duen saturaziotik bereiztea du helburu», esan du egileak.

San Joan egunerako hilabete gelditzen den honetan, Tolosako Udalak aurkeztu du festak iragartzeko egindako lehiaketaren kartel irabazlea. 2023ko San Joanek, beraz, badute irudia. 

Lehiaketa apirilean jarri zuen martxan udalak, eta guztira 25 proposamen jaso dituzte, horietatik 17 gizonezkoek egindakoak eta 8 emakumeenak. Arte, diseinu eta argazkigintzako profesionalez osatutako epaimahaiak hautatu du irabazlea, hain zuzen, Angel Blanco Egoskozabalek aurkeztutako ‘Salba’ deiturikoa. Horrenbestez, 2023ko San Joan jaietako irudia izango da. 

Erabakia hartzeko garaian, lehiaketako oinarrietan zehaztutako elementu guztiak barneratuta daudela ziurtatzeaz gain, epaimahaikideek aintzat hartu dute Blancoren proposamenak eskopetariei egiten diela erreferentzia, festetako oinarri garrantzitsuenetako bati, alegia. Horrez gain, kartela lantzeko teknika berezia eta klasikoaren eta modernoaren arteko oreka nagusitu ditu epaimahaiak. 

Egilearen hitzetan, «kartelak egungo homogeneizazio estetiko digitaletik eta estilo horrek eragiten duen saturaziotik bereiztea du helburu». Horri jarraiki, Blancok kartel «piktorikoagoa, artistikoagoa eta emozionalagoa» aukeratu du salba zaratatsuak irudikatzeko. «Alde horretatik, eskuz egindako lana funtsezkoa da kartel bereizgarri bat garatzeko, emozioak eragiteko indartsua eta gogoangarria izan dadin. Tipografia esklusiboa eta pertsonala du, adhoc diseinatua, kartelaren grafikoarekin koherentea eta mezua indartzen duena, nortasun propioa definitzen duena, kartelaren estilo berezia azpimarratuz eta indartuz», azaldu du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!