Asuncion klinika

Asuncion Klinikako langileei ezarritako zerbitzu minimoak gehigizkotzat jo ditu epaileak

Ataria 2023ko maiatzaren 19a

LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, astelehenetik aurrerako greba egunetan zerbitzu minimoak jai egunetakoak izango dira.

Asuncion Klinikako langileak kalera atera ziren maiatzaren 8an. Hamar greba egun iragarri zituzten. Deitzaileen esanetan, Eusko Jaurlaritzaren Lan Delegaritzak zerbitzu minimoak ezarri zizkien, «gehiegizkoak». Horren aurrean sindikatuek epaitegietara jo zuten eta epaileak gaur arrazoia eman diete. «Zerbitzu batzuk %100ean nahi zituen Lan Delegaritzak. Hori atzera bota diote, eta geratzen diren greba egunetan, zerbitzu minimoak jai egun batekoak izango dira. Guretzat oso erabaki garrantzitsua da. Horrelako kasuetan, beti antzera jokatzen dute Eusko Jaurlaritzatik. Gure ustez greba eskubidea urratzen duten zerbitzu minimoak jartzen dituzte. Epaitegietara joan eta erabakia greba amaitu ondoren etortzen da, izan baiezkoa edo izan ezezkoa. Kasu honetan ez da horrela izan, horregatik da garrantzitsua», azaldu dute LAB sindikatutik. 

Epailearen erabakiari esker, maiatzaren 22an, 23an, 29an, 30ean eta 31n egingo dituzten greba egunetan zerbitzu minimoak ez dira «neurrigabekoak» izango.

Hitzarmenaren eta plan funtzionalaren kezka

Asuncion Klinikako langileek «hitzarmen duina» eskatzen dute. Klinikako arduradunak eurekin harremanetan ez direla jarri azaldu dute, bosgarren greba egunean. Bestalde, langileen esanetan, hitzarmenaren kezkari beste kezka bat gehitu zaio, EAJk ospitale berriaren inguruan aurkeztu duen plan funtzionala: «Asuncion Klinikarekin eta bertako langileekin zer gertatuko den ez dute azaltzen. Duela lau urte bezala, hauteskunde batzuen atarian albistea ematen dute, baina airean geratzen diren galderei ez diete erantzuten».

Maiatzaren 23an, asteartean, Leidor aretoaren kanpoan elkartuko dira borrokan dauden langileak. 18:00etatik 18:30era bertan egingo dute elkarretaratzea. Ondoren, Leidor barrura sartuko dira, Ahoztar Zelaietaren liburu aurkezpenera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!