Asuncion klinika

«Asuncion Klinikako kudeatzaileak azkarrak izan dira ate birakariak zabalduz»

Asier Imaz 2023ko mai. 16a, 20:00

Jabi Arana TOPAko ordezkaria, Ahoztar Zelaieta idazlea eta Ane Eslava Txalapartako editorea Lizardi elkartean

Ahoztar Zelaieta kazetari eta kriminologoak 'Diagnóstico Tolosaldea, la privatización de la sanidad en el oasis vasco' liburua idatzi du. Maiatzaren 23an, asteartean, Tolosako Leidor zineman aurkeztuko du. Ekitaldia 18:30ean hasiko da, eta eskualdeko nahiz kanpoko herritarrentzat ateak zabalik egongo dira.

Osakidetza edo osasun publikoaren inguruan hitz egiten denean, bai edo bai, Asuncion Klinikaz hitz egin beharra dagoela dio Ahoztar Zelaietak. Hori arrazoitzeko, alde batetik, Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren txosten bat gogoratzen du: «Ez da aspaldiko txostena, Eusko Legebiltzarrean duela gutxi aurkeztutakoa baizik. Bertan, osasun publikoak entitate pribatuekin dituen hitzarmenak azaltzen dira. EAEko hiru lurraldeak kontuan hartuta, Gipuzkoak ditu gastu gehien itun mota horietan. Eta lehen postuan, Asuncion Klinika agertzen da. Ondorioz, Osakidetzaz hitz egiten dugunean, Asuncion Klinikaz hitz egitea ez da txantxetako kontua». 

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat alorretan Tolosako klinikak izan duen pisua gogoratu nahi izan du Zelaietak: «Asuncion Klinikak paper garrantzitsua izan du, adibidez, hauteskunde kanpainetan. Baita Osasun sailburu desberdinek gauzatutako politiketan ere. Hainbat eskandaluz zipriztinduta agertu dela ere ez da ahaztu behar. Enplegu Publikoaren Eskaintzaren (EPE) afera horietako bat da, non Jon Darpon sailburuak dimisioa aurkeztu zuen, beste hainbat goi kargurekin batera; 'Margüello kasuan' edo duela gutxi Donostialdeko ESIan gertatu zen gatazkan Asuncion agertu izana pisu horren adibide da».

Azken kudeatzaileak

Asuncion Klinikako egungo kudeatzaileak ere hizpide izan ditu kazetari eta kriminologo bizkaitarrak. Tolosako klinikaren ardura 90. hamarkadan hartu zutela gogoratu du Zelaietak, baina aurrez, industria horrekin lotura zuzena zutela azpimarratuz: «Frankismo garaitik zuten industria klinikoarekin lotura, Gipuzkoan. Ordutik gaurdaino, familia honek enpresa munduan inperio oso garrantzitsua garatu du. Sare horren onuradun nagusia klinika pribatua izan da, diru publikoa tarteko. Hau da, bere bezero garrantzitsuena euskal administrazio publikoa izan da».

Ahoztar Zelaietaren iritziz, azken kudeatzaile hauek «azkarrak» izan dira, eta «euskal oasiaren modus operandira» ongi baino hobekiago egokitu dira: «Ate birakariak zabaldu zituzten. Bi noranzkoetan, gainera. Alde batetik, Osakidetzako goi karguak klinikaren zuzendaritzara iritsi ziren, eta bestetik, zuzendaritza horretako kide ohiak, orain, Osakidetzan ardura garrantzitsuak dituzte».

Aipatu gaien eta beste hainbaten inguruko xehetasun zehatzak Diagnóstico Tolosaldea liburuan daude, datu eta izen abizenekin.

«Ezin aipatu gabe utzi»

Asuncion Klinikako langileek eta Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformak (TOPA) bere lekua dute Ahoztar Zelaietaren liburuan: «Azken urte luze hauetan egin duten lana benetan azpimarratzekoa da, gertatzen ari zenaren jarraipena eta salaketa eginez. Hego Euskal Herriko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataforma, adibidez, ezinezkoa da ulertzea TOPArik gabe».

Liburuari dagokionez, Txalaparta argitaletxeak argitaratu du. 130 orrialdez osatua dago eta «bi gauetan irakurtzeko modukoa da», idazlearen esanetan. Herritarrengana erraz iristen den informazioa dagoela esan du Ahoztar Zelaietak, eta helburuen artean, ondorengoa aipatu du bizkaitarrak: «Karrantzan ere jakin dezatela zer gertatzen ari den Tolosaldean». Izan ere, eskualde hau zero eremua da idazlearen ustez: «Osasun publikoarekin gertatzen ari denaren isla da Tolosaldea. Euskal oasiaren harribitxia, Osakidetza, gainbehera doa, eta osasun publikoa eraisteko eta pribatizatzeko irrika eskualde honetan argi ikusten da azken urteetan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!