Tolosaldeko ospitale publikoa

EAJ-k esan du Tolosaldeko ospitale publikoa «errealitatea» izango dela

Ataria 2023ko mai. 5a, 14:40

Eusko Jaurlaritza plan funtzionala garatzen ari dela eta Tolosako Udalak HAPO-aren aldaketa gauzatzen duenean proiektuak aurrera egingo duela adierazi dute. Azken lau urte hauetan, Tolosako EAJ-ren hitza «etengabe auzitan eta zalantzan» jarri dela eta hori «bidegabea» dela salatu du alderdiak.

TOPA-k biharko osasungintzaren egoera salatzeko deitutako manifestazioaren bezperan, Tolosaldeko ospitale publikoa eraiki nahi duten gunean, hau da, Tolosako Iurreamendi auzoko kamioien aparkalekuan (Iruñea hiribideko suhiltzaile etxearen aurrean) adierazpenak egin ditu Tolosako EAJ alderdiak. Herriari eta eskualdeari begira, duela lau urte egindako apustua eta aukera berresteko nahia adierazi du Xarles Iturbe alkategaiak. «Emandako hitza betetzera gatoz. Hemen bidea bakarra da: bakoitzak, izan Tolosako Udala edo Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, bere eskumenetik, elkarlanaren bidea. Aldiz, beste batzuek, pankartaren atzean jarri eta konfrontazioaren aldeko bidea hartu dute, eta guzti hori, pandemia bat tarteko».

Azken lau urte hauetan, Tolosako EAJ-ren hitza «etengabe auzitan eta zalantzan» jarri dela eta hori «bidegabea» dela salatu du. «Gu ez gatoz bat estrategia horrekin. Gu ez gatoz bat osasungintzan dauden arazoen erabilera partidistarekin. Gure estrategia elkarlanarena da, lanketa eraikitzaile batekin. Ez daukagu gogorik, ezta borondaterik ere, eztabaida antzuetan sartzeko, eta gure nahia orain arte bezala lanean jarraitzea da, apal, berandu baino lehen, Tolosan eta ez beste inon, eskualdeko ospitale publiko bat izan dezagun». Azken lau urteotan, ospitale publikoaren aldeko lanketan, Eusko Alderdi Jeltzaleak «inoiz eman diren urrats eraginkorrenak» eman dituela nabarmendu du Iturbek.

Olatz Peon Oria barrutiko hautagaiak ospitale publikoaren proiektuak duen «aparteko garrantzia» azpimarratu du. «Osasun arretaz hitz egiten ari gara, eta hori oinarrizko eskubidea da. Peonek orain arte egindako ibilbidea gogoratu nahi izan du. «1990eko hamarkadan, eskualdeko alkateek Asuncion Klinika ituntzeko eskatu zioten Jaurlaritzari, arreta publikoa emateko. Jaurlaritzak erantzun positiboa eman zion. Azken urteetan, Osakidetzaren antolaketa berriak direla eta, funtzionamendu integralagoak egiteko saiakerak egiten ari dira. Hori dela eta, duela lau urte ikusi genuen aukera ona zela titulartasun publikoko ospitale publiko bat izateko», azaldu du.

Peonek gaineratu du duela lau urte Tolosako EAJ-k «proiektuaren aldeko apustu irmo eta sendoa» egin zuela eta lanketa bat egingo zutela aurreratu zutela. «Udalari dagokionez, lehenik eta behin, azterketa bat abiarazi genuen, kokapen egokiena zein zen jakiteko, eta jaso genuen emaitza. Horrez gain, martxan jarri dugu HAPO-aren aldaketa, aldaketa urbanistikoa. Bitartean, Eusko Jaurlaritza plan funtzionala garatzen ari da, eta gainera, konpromiso bat hartu du: 2023an eta 2024an partida ekonomiko batzuk onartuak ditu, proiektua gauzatu ahal izateko; zehazki, 2023an, 100.000 euroko partida, eta 2024an, 500.000 eurokoa. Udalak HAPO-aren aldaketa gauzatzen duenean, lurzorua Eusko Jaurlaritzaren esku utziko du, eta ondoren, hitzarmen bat sinatuko dute bi erakundeek, bakoitzaren konpromisoak zein diren jasoko dituena. Jaurlaritzak, bitartean, proiektua garatu beharko du, eta behin idazketa amaituta dagoenean, obrak lizitatu beharko ditu», azaldu du Tolosako alkateak.

Erantzunkidetasuna izan da Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakariak nabarmendu duen hitza. «Hemen interes asko egon zitezkeen eta egon daitezke oraindik ere, baina gure jokabidea osasun publikoaren aldeko apustua izan da, dagoeneko izaera pribatua edo itunpekoa duen klinika bat badagoela jakinda». Peonek aipatutako urratsek bere denbora behar dutela azpimarratu du Egibarrek. «Horren inguruan zurrunbiloa sortu nahi dutenak ere badaude, konpromiso garbiak ez direla eta proiektatzen duguna iluntasuna besterik ez dela esaten dutenak, eta hori gezur borobila da».

Amaitzeko, Legebiltzarrean aurrekontuak ixten eta horiek gauzatzeko konpromisoa hartzen hasi direla adierazi du Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakariak. «Eusko Alderdi Jeltzalearen eskutik, ospitale publikoa errealitatea izango da, ez asmoa, ezta ametsa ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!