Tolosa CF-ko junior mailako gimnastak, bigarrenak Espainiako Kopan

Ataria 2023ko maiatzaren 4a

Tolosa CF-ko junior taldeko gimnastak, Espainiako Kopan lortutako dominarekin.

Tolosa CF-ko gimnastika erritmikoko atalak emaitza bikainak lortu berri ditu. Junior taldekoek zilarrezko domina lortu dute Espainiako Kopan, eta jubenil taldekoek laugarren postua lortu dute Espainiako Txapelketan. «Tolosar kasta» erakutsi dute, azaldu dute klubetik.

Igandean parte hartu zuten junior taldekoek Espainiako Kopan, Santanderren (Espainia). Txikien taldeak jubenil nesken babesa izan zuen, June Bengoetxea, Aiora Vega, Nora Perez, Naroa Asenjo eta Eneritz Diaz de Guereñurentzat erreferente bikainak izanik. Urduritasunak kontrolpean izanik, tapizean lana defendatu eta zuzenean lehen postuan ezartzea lortu zuten; azkenik, Nafarroako Alaia taldeak gailenduta bakarrik, zilarrezko domina lortu zuten Espainiako Taldekako Kopako lehen fasean.

Klubetik azken asteetan taldeak egindako lana goraipatu dute, denbora gutxian hobekuntza izugarria izan baita. «Gainera honelako txapelketan klubak beste zenbait domina dituen arren, lehen zilarrezko domina lortu dute txikiek», zehaztu dute.

Denboraldi luzea izan da eta izaten ari den arren, 11 gimnasten eta entrenatzaileen lana nabarmentzekoa da. Lehen denboraldia da maila horretan, duela hamar hilabete oraindik eskola mailako Euskadiko Txapelketa prestatzen ari ziren eta. «Gogoz eta ilusioz egiten denak badu bere saria, eta klubak badaki oso ondo zer den lanari eustea» azaldu dute Tolosa CF-tik. «Zorionak gimnasta eta entrenatzaile guztiei egunerokotasuneko lanagatik. Mila esker CMO Valves, Garaje Tolosa, Udarko Promo eta Mecanizados Nazabali gure gimnasta guztien ongizatea bermatzeagatik eta beren ametsen alde apustu egiteagatik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!