Tolosako Invizako, hau da, Asuncion Klinikako, langileek lanuzte eta mobilizazioak hasi dituzte lan hitzarmenaren negoziazioan jasaten ari diren blokeoa salatzeko. ELA eta LAB sindikatuek esandakoaren arabera, zuzendaritzari jarreraz aldatzeko eskatu diote eta baita langileen erosahalmena bermatu eta lanorduak murriztuko dituen hitzarmena negoziatzeko ere, baina zuzendaritzak «ez ditu murrizketak besterik proposatzen», esan dute.
Langileek hasiak dituzte jada lanuzteak. Astearte eta ostegunero klinikako kafetegiaren aurrean elkartzen dira hamar minutuz bizi duten egoera salatzeko, baina beste pauso bat eman eta lanuzteak indartu dituzte. Horiek horrela, bihar, etzi eta ostiralean bi orduko lanuzteak egingo dituzte, eta maiatzaren 8, 9, 17, 18, 19, 22, 23, 29, 30 eta 31n egun osoko greba egingo dute. Egun horietan elkarretaratzeak egingo dituzte Asuncion aurrean 12:00etan. Mobilizazio horiekin batera, maiatzaren 9, 17, 23 eta 31n kotxe karabanak egingo dituzte; gaur ere egin dute. Langileek adierazi dutenez, beraien hitzarmenak ez aurrera ez atzera jarraitzen du: «2022ko martxoan eratu zen negoziazio mahaia, denbora aurrera doa eta zuzendaritzak ez ditu murrizketak besterik proposatzen».
Klinikako langileek gogorarazi dutenez, zerbitzu publikoa eskaintzen dute, «beste eskualde batzuetan Osakidetzak egiten duena». «Urteak daramatzagu lan baldintza duinak borrokatzen, eta hitzarmenaren kasuan, lan jardunari begira, administrazioko azpikontrata askotan astean 35 ordu lan egiten dutenez, hori da erreferentzia hitzarmen berri honetarako», gaineratu dute. Soldata igoerari dagokionez, KPI-aren erreferentzia duten igoerak eskatzen dituzte. «Onartezina da negoziazio honen ondoren langileak lehen baino pobreagoak izatea», esan dute. Era berean, Asuncion Klinikan hainbeste urtez zerbitzu publikoa eskaini duten langile guztientzat %100eko publifikazioa eskatu dute. «Lanean daramazkigun urte guzti hauetan ez gaituzte langile publikotzat hartu, eta ez dakigu bihar zein egoeratan aurkituko garen».