Asuncion klinika

Hitzarmen duin bat eskatu dute Asuncion Klinikako langileek

Ataria 2023ko api. 1a, 13:35

Asuncion Klinikako, Invizako, langileek hitzarmen duin bat, KPI-a bermatzea eta 35 orduko jardunaldia eskatu dute, gaur goizean, Tolosako Trianguloa plazan egin duten elkarretaratzean.

Mahai negoziatzailea 2022ko martxoan eratu zen, eta orain arte izan dituzten bileretan, zuzendaritzak murrizketak bakarrik proposatu ditu. Azken bilera 2023ko martxoan izan zen, eta 2020ko ekainaren 3an egindako proposamenak «okerrera» egin duela salatu dute langileek: «Indarraldian zazpi urte; 2022an igoerarik ez; 2023an 2,4%; 2024, 2025 eta 2026 urteetan tarifei lotutako igoera; eta lan jardunaldia 1592 ordu 2028rako».

Langileek adierazi bezala, lan-hobekuntzek ez dute zerikusirik izan Sailak ezarritako helburuekin, eta bai ordea, inflazioak eta KPIak ekonomietan eragina duten baldintzekin. Izan ere, 2022rako KPIa %6,5ekoa eta urte honetarako %5,7koa izan dela kontuan hartuta, «egoera kritikoan» daudela azpimarratu dute: «Erosteko ahalmenaren galera handiagotu egin da, eta zazpi urteetako indarraldia luzeegia iruditzen zaigu».

Era berean, langileek esan dute kudeaketa pribatu-kontzertatu honetan, Soziosanitario esparruko enpresen gehiengoarekin alderatuta, urteak daramatzatela 1592 orduetatik oso urrun. «Gauza batzuetarako ahoa betetzen zaigu esanez ondoen baloratutako ESIa garela, baina hori ez da lan-baldintzetan islatzen».

Proposamen hori batzarrean aurkeztu ondoren, ez onartzea erabaki zen, ezta negoziazio-mahai baten mende egotea ere, eta enpresaren helburu bakarra negoziaketa denboran luzatzea izan dela salatu dute, «errealitatetik erabat kanpo dauden baldintzekin».

Hortaz, Asuncion ospitalean hainbeste urtez zerbitzu publikoa eskaini duten langile guztientzat 100%eko publifikazioa eskatu dute. «Lanean daramazkigun urte guzti hauetan ez gaituzte langile publikotzat hartu, eta ez dakigu bihar zein egoeratan aurkituko garen».

Egoera ikusita, datozen egunetan ere mobilizazioekin jarraituko dutela aurreratu dute. Astearte eta ostegunetan hamar minutuko geldialdiak egingo dituzte Asuncion klinikako kafetegiaren aurrean, 8:00etatik 8:10era.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!