Martxan jarri dute San Joan jaiak iragartzeko kartel lehiaketa

Ataria 2023ko api. 17a, 18:00

Lanak maiatzaren 5a arte aurkeztu ahal izango dira fitxategi digital batean, udal webgunearen bitartez. Kartel irabazlea epaimahai bidez erabakiko da eta lan aukeratua maiatzaren 11tik aurrera iragarriko da. 

Tolosako Udalak 2023ko San Joan jaietako kartela aukeratzeko lehiaketa martxan jarri du. Udaleko Kultura, Festak eta Gazteria Sailak prestatutako oinarriei jarraiki, lehiaketa irekia izango da. Gaia, koloreak eta lana egiteko teknika libreak diren arren, aurkeztutako proposamen guztiak originalak izan behar dute eta ondorengo esaldia jaso beharko dute: Sanjoanak 2023, ekainak 23-25/Tolosa. Horrekin batera, Tolosako ikur komunikatiboa ere integratu beharko dute. 

Kartel proposamenen neurri bertikalak 50x70 zentimetroko proportzioa izango dute eta formatu digitalean aurkeztu behako dira, irudi bektoriala duen artxibo batean. Artxiboaren gutxieneko erresoluzioa 300ppp-koa izango da eta gehienez 5 MB izango ditu. Irabazle aukeratzen den lanaren egileak bereizmen altueneko formatuan aurkeztu beharko du bere proposamena. 

Partaide bakoitzak gehienez 3 proposamen desberdin aurkeztu ahal izango ditu, guztiak fitxategi digital moduan, Tolosako Udalak bere webgunean horretarako prestatutako aplikazioaren bitartez. Aplikazio horretan kartel bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio eta zenbaki hori izango da epaimahaiarentzat kartelaren identifikatzailea. Fitxategiaren izenean lema baino ez da azaldu behar eta lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 5a izango da, 14:00ak arte. 

Behin proposamen guztiak jasota, Kultura, Festak eta Gazteria Departamentuak izendatutako epaimahaiak aukeratuko du kartel sariduna, zeina, maiatzaren 11tik aurrera jakinaraziko den.

Irabazleak 500 euroko saria jasoko du eta honi dagokion atxikipena edo erretentzioa egingo zaio. Era berean, saritutako kartela eta beronen era guztietako erreprodukzio eskubideak Tolosako Udalaren jabetzapean geratuko dira.

Lehiaketari buruzko informazio gehiagorako kultura@tolosa.eus helbidera idatzi daiteke, edo 943 67 03 88 telefono zenbakira deitu. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!