ELKARRIZKETA

«Ohikoa gertatu zen: aita nekazaritzan eta ama etxeko lanetan»

Irati Saizar Artola 2023ko api. 13a, 07:57

Azken hogei urteetan, jatorri atzerritarreko gizon gehiago etorri dira eskualdera, emakumeak baino; amerikarren kasuan, ordea, emakumeak gehiago izan dira, gizonak baino.

Bolivian jaio zen eta Tolosan bizi da egun Nadir Gutierrez (Bolivia, 1992). Nerabea zela utzi zuen bere herrialdea, familiarekin batera, Granadara bizitzera joateko, eta azken hiru urteak Tolosan daramatza bizitzen. 

Noiz utzi zenuen jaioterria?

Hamalau urterekin utzi nuen. Familia osoa Andaluziara joan ginen bizitzera. Han ikasi nuen, graduatu ere bertan egin nintzen, eta Donostiako EHUn master bat egitera etorri nintzen ondoren. Irunen bizitu nintzen denboraldi batean, eta espainiar estatutik kanpo beste denboratxo bat eginda, hiru urte daramatzat orain Tolosan. 

Zergatik erabaki zenuten jatorrizko herrialdea uztea?

Familiaren egoeragatik, bereziki. Granadan senideak genituen, eta familia osoak migratu genuen; lehenik ama etorri zen, ondoren alabak, eta gero aita. 

Nola gogoratzen dituzu lehen egun haiek?

Oso zailak izan ziren. Migrazio prozesua ez da berdin eramaten adin desberdinetan. Nerabea izanik, berdinen arteko integrazioa eta sozializazioa bilatzen duzu, eta nahiko gogorra izan zen. Integrazioaz hitz egiten dugunean, zure nortasuna ezabatzea esan nahi du oinarrian, izan ere, sozializatzeko eta besteekin bat etortzeko, zurekin zerikusirik ez duten gauzak egin behar dituzu, adin horretan garrantzitsua baita norbaiten kide sentitzea.

Eta zer moduzkoa izan zen eskolatzea? 

Klase desberdintasun handia zegoen institutu batean hasi nintzen, baina ikasle arrazializatu bakarra nintzen. Gero, batxilergoan jatorri ezberdinetatik ikasle gehiago etorri ziren. Eskolatzea ondo joan zen, baina, zuzenean esaten ez bazidaten ere, nabaritzen nuen goi mailako ikasketak egitera bideratu nahi nindutela irakasleek, unibertsitatera beharrean. Bada, unibertsitatera joan nintzen, eta gizarte langilea naiz egun. 

Nola erabaki zenuen Euskal Herrira etortzea? 

DBHko laugarren mailan nengoen eta Hezkuntza Ministerioaren sari bat irabazi genuen. Erkidego ezberdinetako bi institututako ikasleak elkartu ginen eta Euskal Herrira egin genuen bidaia, ibilbide literario bat egiteko. Txundituta geratu nintzen, eta esan nuen egunen batean hemen bizi nahi nuela. Masterra egiteko aukera sortu zitzaidanean, Euskal Herrira etortzea erabaki nuen. Berehala lana aurkitu nuen, eta hemen jarraitzen dut. 

Tolosan bizi zara, gaur egun. 

Irunekin alderatuta, oso ezberdina den herri batean, bai. Lagun batzuk bertan bizi zirelako etorri nintzen Tolosara, eta alokairuko etxebizitza batean sartzeko aukera izan nuen gero. 

Migrazio prozesu bat bizitakoa zara. Nolako esperientzia da herrialdez aldatzearena?

Beste migratzaile batzuk gehiago izan gara. Kontuan izan behar da latindar familia batean hazi naizela, kolonizatua izandako herrialde batetik natorrela, antzeko hizkuntza dudala, beraz, plus batzuk baditut beste jatorri batzuekin alderatuta, baina, horrek ez du kentzen atzerritartasun lege bat dagoen leku batean bizi garela eta lan segregazioa dagoela. Nire gurasoen kasuan, ohikoa gertatu zen: aita nekazari lanetan hasi zen, eta ama, berriz,  etxeko lanetan. Beraien lekuan jartzen naiz, eta pentsatzen dut zer behar ote duen administratiboki ilegal bizitzea, non mugatuta zauden eta ez duzun eskubide batzuk izateko aukerarik. Konplexua da. 

Gurasoek ‘ohiko lanak’ egin dituztela diozu. 

Gorputz migratzaileek sistema mugiarazteko mesedegarriak diren lanetan amaitzen dute: nekazaritzan edota zintzaren sektorean aritzen dira. Desberdintasunean eta arrazismoan oinarritutako sistema bat daukagu, ez da kasualitate kontua. Normalean, hemen, etxeko lanetan aritzen direnak emakumeak izaten dira. 

Hamalau urterekin jaioterria utziagatik, inoiz utzi diozu migratzaile izateari?

Nirekin daramadan zerbait da, eta nire nortasunaren parte izatera iritsi da. Beti definitzen dut neure burua emakume migratzaile gisa. Gero, hor daude dilemak: ez zara hemengoa, baina ez zara hangoa ere. Zailena eta gogorrena da, ordea, migratzailearen perfila estereotipatzen eta homogeneizatzen dutenean. Migratzaile askok lanbide prestakuntza altuak ditu, eta noski, badaude karro bat hartu eta Tolosako tabernetan galtzerdiak, poltsak saltzen aritzen direnak ere. Behin, autobus geltoki batean, zuzenean galdetu zidaten ea gizon bat zaindu nahi nuen, eta badakit arraza profil etnikoagatik izan zela, kategorizatu egiten gaituztelako. 

Regularizacion Ya mugimenduko kidea zara. Zeren alde ari zarete lanean?

Arrazismoaren aurkako kolektiboen eta migratzaileen mugimendua da. Herri Ekimen Legegilearen estrategiari jarraiki, egoera irregularrean dauden pertsonak modu ezohikoan erregularizatzeko lege bat proposatu eta eztabaidatu nahi da. Egoera horretan milioi erdi inguru direla kalkulatzen da, eta ia 150.000 adingabeak dira. Batez beste, pertsona batek bere egoera erregularizatzeko zazpi urte behar ditu, pentsa. Kanpaina 500.000 sinadura biltzean datza, eta Tolosako Udalean izan gara orain gutxi; mozioa onartu dute, babesa eskainiz.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!