Hogeita zortzi urte daramatza Tolosan Saad Malec Subeirrek (Maroko, 1964). Bera iristean, Euskal Herria ez zutela helmuga moduan ikusten kontatu du, baina orain, bizi maila «beste zenbait erkidegotan baino hobea» dela dio eta helmuga bat dela migratzaileentzat. Egun, Tolosako Jatorkin Al-Nahda elkarteko koordinatzailea da.
Datuek erakusten dute azken urteetan Tolosaldera gehien migratu dutenak Marokotik datozela.
Pertsonak batetik bestera ibiltzen dira, bereziki, familia sareak, lagunak edota ezagunak badituzte nonbait. Marokoarrak zerbait hobearen bila gabiltza beti, asko mugitzen garela diote. Hala ere, aitortu behar da Euskadiko bizi maila beste erkidego batzuetakoa baino hobea dela, eta gizarte zerbitzuak ere beste zenbait lekutan baino hobeak dira hemen. Espainia iparraldean eta hegoaldean halako desberdintasunek jarraitzen badute, jendeak badaki iparraldera eginda oinarrizko beharrak hobeto aseko dituela, beraz, hona etortzen jarraituko du. Fisikoki, gainera, mugaren ondoan dagoenez, jende askorentzat pasabide bat ere bada. Europara joan nahi duen jende asko dago, eta lagunak edo ezagunak tarteko, hemen geratzen dira, denboraldi baterako.
Erosotasun gehiago ditu Euskal Herriak?
Hemen, gizartean errotuta izatearen kontua ere badaukagu. Hiru urte badaramatzat erroldatuta, lan eskaintza baten bila joan naiteke. Eta berdin prestakuntza bidezko errotzearekin ere; baimen bat da, non, pertsonek prestakuntza bat egiten badute, hamabi hilabetez aldi baterako bizileku bat izan dezakete. Eta horrez gin, Lanbideren eskaintza handia dago, prestakuntzekin. Horrek guztiak jendea erakarri egiten du.
Zergatik erabakiko du marokoar batek hona etortzea?
Marokon 18-35 urteko adin tartean dago jende gehien. Hemen, berriz, adineko gehiago ditugu. 18-35 urte artekoek behar asko dituzte, eta irtetea erabakitzen dute.
Familian etortzen da jendea?
Gehienbat 2018 inguruan hasi ziren familiak etortzen. Batak bestea ekartzen du, familia bat etorri eta ondo badoakio, beste familiakoren bat edo bizilagunen bat ere animatuko da etortzera. Gehienbat, Tanger ingurutik zetozen familiak, Maroko iparraldetik. Multinazional mordoa dagoen eremu bilakatu da azken urteetan Tanger, lana badago, baina baldintzak oso eskasak dira: hilean 200 euro irabazten dituzte. Eta behin haurrak izatean, eskola, osasungintza eta bestelako gastuei aurre egitea zaila da. Hona etortzean, zerbitzu publikoak dauzkagu behintzat. Gaur egun, Euskadi helmuga bat da migratzaileentzat, lehen ez zen helmuga.
Zu etorri zinenean, beraz, ez zen helmuga bat?
1990ean Bartzelonara iritsi nintzen, eta 1995ean etorri nintzen hona. Lan bila hasi nintzenean, aurpegi arraroarekin begiratzen ninduten, ez zitzaien buruan sartzen nola kanpotik lan bila hona etor gintezkeen. Gaur egun, normalizatu egin da hori, baina garai hartan Euskadi ez zegoen prestatuta migrazioa hartzeko, ez zegoen ia zerbitzu sozialik. Esaterako, ez Gurutze Gorriak ez Caritasek ez zeukaten migraziora bideratutako sailik, eta gaur egun badute. 2001-2002 inguruan hasi zen aldaketa hori.
Jatorkinetik nola egiten diozue aurre horri?
Gure elkartean gauza asko egiten ditugu, eta urtetik urtera zerbitzua hobetzen goaz. Proiektu ezberdinak lantzen ditugu, eta horien artean dago, esaterako, eskola errefortzua. 100 ikasle ingururi eskaintzen diogu laguntza, Tolosan, Villabonan edota Ikaztegietan, besteak beste. 2010 ingurutik ari gara horrekin. Eta harrera leku bat ere bada, ateak irekita izaten ditugu eta edozer dutela ere laguntzen saiatzen gara, izan kontu administratiboak, izan bestelakoak.
Gizarteratzeaz ere arduratzen zarete?
Erakundeak kezkatuta zeuden, gizarteak ez duelako benetako errealitatea ezagutzen, eta eskatzen ziguten erakutsi genezala kalean gure folklorea, gure gastronomia, jarduera ezberdinen bidez. Baina, horrelako ekintzekin gizartean integratu beharrean, erakusten ari gara desberdinak garela, ez dugula berdin jaten... Kontrako efektua sortu lezake. Gainera, gaur egun, migratu zutenen seme-alabak hemen jaiotakoak dira, eta ez dituzte gehiegi ezagutzen beraien gurasoen jaioterriko ohiturak.
Erreferentziazko leku bilakatu zarete migratzaileentzat Tolosaldean?
Hala izan gaitezke, bai. Beraien hizkuntza kontrolatzen dugu, eta ahalik eta egokien aholkatzen saiatzen gara, gauzak errazten. Gertatzen zaiguna da eraikin aldetik, espazio aldetik, ez daukagula nahikoa leku. Udalari lokal handiagoa eskatzen denbora daramagu, ea noizbait iristen den, gure kasa ez baitaukagu lokal handiago bat alokatzeko ahalmenik.
Tolosaldeak zer egin beharko luke migrazioaren gaiaren aurrean?
Arreta ona izan behar da, eta fundamentuz lan egin. Harrera zentratuagoa izan behar luke, pertsonalizatuagoa. Makro zentroak ez dira ideia ona, errefuxiatu guztiak zentro berean hartzearena ez da egokia. Tolosak izan zuen bere garaian adingabeen harrera zentroa, eta Tolosak gainezka egin zuen. Pisuak egokitzea izan daiteke aukeretako bat, edo zentro txikiagoak izatea beste bat, baina errekurtso ekonomikoak izatea eskatzen dute. Oinarrizko zerbitzuek ordea jarraitu egin behar dute, jangela zerbitzuak, esaterako. Tolosaldeak zer gehiago egin dezakeen? Elizak lokal mordoa ditu Tolosan, uzteko aukerarik izango balu, ederki aprobetxatuko genituzke zerbitzu ezberdinak eskainiz.