Euskaldunen ahalduntze tailerra egingo dute Tolosan

Ataria 2023ko martxoaren 30a

Galtzaundi Euskara Taldeak antolatu du ekimena, eta hamabostean behin elkartuko dira, apirilaren 26tik hasita ekainaren 21era arte; bost saio izango dira denera.

Estres linguisitikoa arintzeko saioak antolatu ditu Galtzaundi Euskara Taldeak, Euskaraz bizi gaitezke izenpean. Hamabostean behin, asteazkenetan, elkartuko dira, apirilaren 26tik ekainaren 21a arte. Saioak 18:00etatik 19:30etara izango dira, eta bost hitzordu egingo dituzte denera; apirilak, 26, maiatzak 10 eta 24, eta ekainak 7 eta 21.

Batetik, partaide bakoitzak dituen zailtasunak kontatuko ditu modu informalean, eta erronda horretan, partaideen arteko interakzioaren bidez, norberari gertatzen zaiona hobeto ulertzen lagunduko dio; zati horrek ordubeteko iraupena izango du. Bestetik, gainerako ordu-erdian, partaideek dauzkaten zailtasunen arrazoiak landuko dituzte; politikoak, psikologikoak, emozionalak eta estrukturalak, besteak beste. Horiek zergatik gertatzen direnen azalpena jaso, eta egoera horien aurrean nola jokatu daitekeen azalduko da bertan.

Galtzaundik aurreko bi urteetan martxan jarritako ahalduntze taldeetan frogatu du posible dela euskaraz gehiago egitea eta, aldi berean, gaizki ez sentitzea. «Norbere barruak mugitzen direnean, zergatik mugitzen diren jakiteak laguntzen du horretan, baina, batez ere, besteekin batera prozesu hori egitea da gakoa. Hori landuko da Euskaraz bizi gaitezke tailerreko saioetan», adierazi du Galtzaundi taldeak.

Tailerrean parte hartzeko interesa duenak galtzaundi.eus webguneko galdetegia bete beharko du, eta argibide gehiago jasotzeko 688 738 417 zenbakira deitu edo galtzaundi@galtzaundi.eus helbidera idatzi beharko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!