Elkarrizketa

«Jende guztiarekin euskaraz egiten saiatzea izan zen nire abiapuntua»

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 30a, 19:58
Iturria: Kronika

Euskara teknikaria izanik, egunerokoan estres linguistiko egoerak ere bizitzen dituela kontatu du Leire Otxotorenak (Hernani, 1981). Horiei irtenbidea emateko helburuarekin, duela bi urte Tolosaldean antolatu zen euskaldunon lehen ahalduntze tailerrean parte hartu zuen.

Nola gogoratzen duzu?
Oroitzapen oso ona dut. Gogoan dut Imanol Artola Felixek deitu zidala honen berri emanez. Bere masterreko azken lanaren parte zen. Ni euskara teknikaria naizenez interesatzen zaidan gaia da, eta horretarako premia nuela ere sentitu nuen. Hortaz, izena ematea erabaki nuen.

Ahalduntze prozesuan dauden euskaldunak taldean biltzeak estres linguistikoa murriztea dakarrela uste duzu?
Estresa eragiten diguten uneetan euskaldunok askotan bakarrik sentitzen gara edota guri bakarrik gertatzen zaizkigun gauzak direla pentsatzen dugu. Errudun sentitzen gara. Zentzu horretan, sekulako motxila izaten dugu, eta zuk zure sentitze horiek partekatzea eta beste batzuek sentitzen dutena jakiteak ikaragarri lagundu zidan. Izan ere, egoera bakoitzari irtenbidea bilatzeko modu desberdinak izaten ditugu, eta beste ikuspuntu horiek ere lagundu egiten dizute. Estres linguistiko egoerak kontatzeko espazio bat izatea aukera oso ona dela uste dut, egoerak hobeto kudeatzen jakiteko.

Zein zen zure abiapuntua?
Jende guztiarekin euskaraz egiten saiatzea izan zen nire abiapuntua. Normalean hori betetzen dut. Ezezagunekin ere lehenengo hitza beti euskaraz egiten dut, baina hori guztiz betetzeko nire buruarekin zailtasun handiak nituen. Horietako bat euskaraz ulertu bai, baina hitz egiteko zailtasunak dituzten lagunekin inertziaz gazteleraz egitea zen nire zailtasunetako bat. Hortaz, beraiekin ere euskaraz egitea izan zen nire helburua, nahiz eta beraiek erdaraz erantzun.

Zertan lagundu dizu?
Egoera hori bideratzea lortu nuen. Behin ahalduntze eskolan hasita erneago zaude; bizi dituzun egoerei gehiago erreparatzen diezu eta beldurrak ulertzera iristen zara. Benetan gomendatzen dudan eskola bat da, eta euskaraz bizi nahi dugunok parte hartu beharko genukeela uste dut. Hau ez da egun batetik bestera lortzen, denborarekin hartu behar den prozesua da, eta entrenatuz lortu daiteke emaitza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!