Azken astean, Zubiberriaren ordezkapenak «hainbat kezka» sortu dituela eta, erantzunak bilatzen eta argibideak ematen saiatu da Olatz Peon, Tolosako alkatea. Esan du ordezkapenaren helburu nagusia «Tolosaren uholde arrisku egoerari aurre egitea» dela.
Horri aurre egiteko ardura nagusia Ura agentziak du, berak egiten ditu azterketak, diagnostikoak eta ekintza planak. Ekintza plan horien barruan kokatzen da Zubiberria ordezkatzearen «beharra». Eta ordezkapen horrekin batera, Oria ibaiertzeko pasealekuko ezkerraldean horma eta baranda berriak jartzea eta Zerkausiko sarreran horma mugikorrak jartzea jaso dituzte.
«Zubiberriaren ordezkapen horrek eragin du kezka, oso deigarria delako, herriaren erdigunean dagoelako eta paisaian integratuta dagoelako». Azterketa teknikoen esanetan, zubiak dira Tolosan oztoporik nagusienak. «Uholde arriskua murrizteko, ibaiaren ur ahalmena handitu egin behar da, oztopoak kenduta; ibaiaren ur ibilgua Napar Zubiak eta Zubiberriak oztopatzen dute, dituzten oinarri eta zutabe zabalengatik». Napar Zubia babestuta dagoela esan du eta ezin dela bertan esku hartu. «Ondorioz, Zubiberria ordezkatzea da Tolosa babesteko neurririk eraginkorrena».
Ordezkapenaren onurak
«Zubiaren ordezkapenak nabarmen murriztuko luke uholde arriskua Tolosan eta Alde Zaharra babestuko luke». Alde Zaharrean bizi diren 8.230 pertsona babesteaz gain, uholdeak eragin lezakeen eremuan kokatutako ondare kultural eta historiko zabala babestuko dituela esan du, eta etxebizitzak eta jarduera ekonomikoa ere bai; eremu horretan, 775 saltoki daudelako kokatuta. «Onurak ukaezinak dira, eta helburu bakarra da: tolosarrak eta Alde Zaharra babestea».
Esan du ukatu zezaketela proiektua, Zubiberria bere horretan mantenduz, baina arduraz jokatzea dagokiela eta erabakia hartuta dagoela, «beste ezer eginda ezin daitekeelako babes maila berdina lortu».
Zenbait argibide
Prozeduraren inguruko zalantzak agertu direla dio, eta esan du 2015etik indarrean dagoen Uraren ekintza planean jasota daudela ekintza horiek, eta baita 2022-2027 ekintza planean ere. «2015etik dago indarrean, baina EH Bildu gobernuan zegoenean egon zen erakusketa publikoan, beraz, ez da plan berria, baina inbertsioak oso handiak dira eta etortzen dira etortzen direnean».
Zubiberriaren planoa galduta ote zegoen zen beste kezketako bat. Alkateak argitu du planoa artxiboan dagoela: «Zubia 1925ekoa da eta 50. urtean zubiari moldaketa bat egin zitzaion. Aldaketa hori egiterakoan, planoa zegokion urtetik atera zen, eta urte hartan geratu zen planoa artxibatuta. Esan dute galduta zegoela, baina ez da horrela izan; ondarearen katalogoa planoaren katalogoekin nahastu dela da kontua, baina planoa artxiboan dago».
Alkateak gogorarazi du uholdeak gertatu izan direla Tolosan, «zorionez, batzuek bizitu ez dituzten arren». 1953ko eta 1983ko uholdeak ekarri ditu gogora, eta sortutako kalteak. «Uholdeak ez dira fenomeno berriak, baina iragartzen ari dira hemendik aurrera ere fenomeno meteorologikoak muturragokoak izango direla, beraz, aparteko babes neurriak hartzea eskatzen digu».
Estetikari eusteko asmoa
Ondarearen kezkari dagokionez, aipatu du Tolosan badagoela herritar multzo bat ondareaz kezkatuta, eta hori eskertzekoa dela: «Garrantzitsua da herriarentzako pertsonak egotea herriko ondarearekin kezkatuta eta lanean». Pertsonalki eskertu du egin duten lana, hartutako denbora eta beraien jakintza herriaren mesedetan jarri izana. «Bat egiten dugu erakutsi duten kezkarekin: Zubiberriarentzat planteatutako zubi estiloarekin».
Horregatik, Urak proposatutako Zubiberriaren proiektua «diseinuan eta estetikan ez dagoelako nahikoa integratuta gure ingurunearekin», eskera bat luzatu dio udalak Ura agentziari. Batetik, Zubiberriaren proiektuaren ezaugarri hidraulikoen onurei eutsiz, diseinu berri bat aztertzeko, eremuaren hiri paisaiarekin bat datorrena, eta egungo zubiaren ahalik eta antzekoena izango dena. Lanketa hori udalarekin elkarlanean egitea eskatu dute.
Eta bestetik, proiektuaren inguruko informazio kanpaina egin dezala eskatu dio udalak Ura agentziari. «Informazio kanpaina zehatza egin dezaten eskatu diegu: Zubiberriaren ordezkatzea zergatik eta zertarako azaltzeko, aztertu diren aukera eta alternatiba guztien berri emateko eta garatzen den proiektua ezagutzera emateko.
Amaitzeko, alkateak argitu nahi izan du Zubiberriaren proiektuak «ez duelako inolako loturarik Zumarditxikiaren proiektuarekin». Hauteskundeak gertu egoteak ere proiektuarekin ez duela zerikusirik gehitu du: «Proiektua orain etorri da eta orain atera behar da».
Oposizioari ere zuzendu zaio alkatea, esanez, «oso modu elektoralistan» jokatzen ari dela: «Udaletxean ez dituzte ez galderak, ez kezkak agertzen, eta beraien kezka guztiak modu publikoan eta komunikabideen bidez plazaratzen dituzte; horrek pentsarazten dit beraien kezkak ez direla oso benetakoak».