Tolotro 2023

Bidaia jarraitzeko aukera

Ataria 2023ko martxoaren 23a

Iñaki Lopetegi eta Jon Arrieta tolosarrak bihar abiatuko dira Ghanara; erabiliko duten furgoneta bertan utziko dute, ikasleak eskolara joateko garraio modura erabili dezaten.

Tolotro proiektuaren helburua Ghanara iritsi eta joaneko bidaian erabiliko duten furgoneta bertan uztea da. 7.000 kilometroko ibilbidea egingo dute Tolosako Iñaki Lopetegik eta Jon Arrietak, eta lehen geldialdia Tarifan (Espainia) egingo dute, ondoren etorriko dira Maroko, Mendebaldeko Sahara, Mauritania, Senegal, Guinea eta Boli Kosta, Ghanara iritsi aurretik.

Bidaiatzeko erabiliko duten furgoneta Ghanas de vivir Gobernuz Kanpoko Erakundearen esku utziko dute; ikasleek eskolara joateko erabil dezaten utziko dute bertan.

Bidaia «abentura txiki bat» izango da bi tolosarrentzat eta horren berri emango dute TOLOSALDEKO ATARIA-n, Ataria.eus webgunearen bidez.

Bihartik Apirilaren 14ra arte

Bihar hasiko dute abentura eta apirilaren 14ra arte luzatuko da. Ideia pandemia garaian sortu zitzaien. «2016. urtean, furgoneta erosi eta Afrikan izan nintzen boluntario gisa, Malawin. Jon, berriz, urte berean Ghanan izan zen hilabete batez. Bertan ikusi nuen jendeak zer etekin ateratzen zien ibilgailu zaharrei, eta niri ere gauza bera egitea gustatuko litzaidakeela pentsatu nuen furgoneta zahartzean», esan du Lopetegik. Bi tolosarrek pentsaera berbera zutela ikusita, proiektua aurrera eramatea erabaki zuten. «Bidaiariak gara eta beti ibili gara abentura bila», gehitu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!