Tolosako kirol azpiegituretako langileen greba zuzenean eragiten ari zaie herriko hainbat kirol talderi. Egoera horri aurre egiteko, laguntza eskatzen ari zaie beste herrietako klubei edota kirol azpiegituren kudeatzaileei, entrenamenduak egin eta etxeko partidak jokatu ahal izateko.
Atzo goizean izan zuten bilera kirol klubek Tolosako Udalarekin. Egoerak nola eragiten dien azaldu zieten klubek udal ordezkariei. Bestalde, aurrerago beste lanuzte batengatik kirol azpiegiturak itxita egonez gero, horrek suposatuko lukeen kostuei nola egin daitekeen aurre hitz egin zuten. Iñaki Martixa Tolosa CF-ko lehendakariak azaldu duenez, «klubetatik laguntza eskatzera joan gara bilerara, aurrerago beste itxialdi bat izaten bada. Azken finean, orain egiten ari garena gure kabuz, berriro egoera bera gertatuz gero udalaren babesa jasotzeko. Eta udaletik emandako erantzuna positiboa izan da».
Tolosa CF da eragin handiena jasaten ari dena, hainbat atal izanik, mila kirolari federatu baino gehiago baititu. Futbolaren kasuan, Alegian, Villabonan eta Realaren Zubietako azpiegituretan ari dira jokatzen hainbat partida. «Eskertuta gaude herri horietako udalek eta klubek emandako laguntzarengatik», zehaztu du Martixak. «Zortea izan dugu, hainbat klub eta lekutatik laguntza jaso dugulako. Jarrera baikorra izaten ari gara». Berazubiri dagokionez, futbol zelaia klubak berak kudeatzen du. Beraz, zelaia erabiltzeko aukera dute, baina ez aldagelak. Asteburuan du partida gizonezkoen lehen taldeak, eta ez dakite zehazki oraindik nola konponduko duten aldagelen gaia. Emakumezkoen lehen taldeak Idiazabalen jokatuko du etxeko partida, igandean.
Eskubaloiari dagokionez, Anoetan eta Iruran aritu dira jokatzen. Hain justu, gizonezkoen talde nagusiak Anoetako kiroldegian jokatuko du larunbatean etxeko partida, baina beste areto batean jokatzeagatik ziurrenik isunen bat jasoko du klubak.
Atletismo ataleko hainbat atleta Ordiziako estadiora joan dira entrenatzera. «Noski, han bertako klubeko atletek entrenatzen dute, eta hori kontuan izan behar da kalkulatzeko zenbat joan daitezkeen Tolosatik bertara entrenatzera», zehaztu du Martixak. Bestalde, gimnastika erritmikoko ataleko zenbait talde Gure Zirkuan ari dira beren saioak egiten.
KIROL PLANGINTZAN ERAGINA
Tolosaldea IKT igeriketa klubari, eguneroko martxan suposatzen dion etenaz gain, datozen txapelketetako plangintzan eragiten dio kirol azpiegituretako langileen grebak. Hain justu, talde nagusiko hainbat igerilarik Espainiako Txapelketan parte hartuko dute hurrengo astean, Mallorcan, martxoaren 29tik apirilaren 2ra. «Esaterako, bertan ariko da parte hartzen Nahia Garrido, eta hor du aukera gutxieneko markak egiteko Europako eta Munduko txapelketetan parte hartzeko», azaldu dute klubetik. «Egoera honetan plangintza guztia puskatu zaigu. Beste igerileku batean entrenatu behar dugu, beste plangintza batekin, eta horrek suposatzen duen kostu eta denborarekin».
Junior eta maila absolutuko igerilariak Donostiara joaten ari dira entrenamenduak egitera. «Horrez gain, igerilariak beraiek ere ahal duten lekura joaten ari dira», zehaztu dute klubetik. «Neguko denboraldia datorren astean bukatzen da eta denek prest egon nahi dute». Horrez gain, Tolosaldea IKTkoek Villabonako Olaederra igerilekuan 15:00etatik 17:00etara entrenatzeko aukera dute. «Infantil taldekoen erdiek ezin dute guztiz aprobetxatu, batzuk eskolan daudelako ordu horietan, baina eskertzen diogu aukera Villabonako Udalari», azaldu dute klubetik. Alebin mailakoekin Lazkaoko igerilekura joaten ari dira. «22:00ak arte egoten gara bertan, eta gaztetxoak esfortzu handia egiten ari dira». Eskola kiroleko taldeak geldirik daude.
Bestalde, asteburu honetan Usabal igerilekuan Udaberri Saria jokatzekoa zen. «Gipuzkoako Federazioak antolatzen du, eta diru bat ematen dio txapelketa antolatzen laguntzen dion klubari. Guk ez dugu diru hori jasoko, eta gastu estra bat suposatuko digu, Irunen egingo baita», zehaztu du Tolosaldea IKTk.
TAKE saskibaloi klubak Usabal kiroldegian entrenatzen du eta bertan jokatzen ditu etxeko partidak. Entrenamenduak egiteko Beasaingo BKL saskibaloi taldearekin hitz egin dute, eta TAKEko gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeak bertan ari dira entrenatzen. Guztira federatu mailan lehiatzen diren hamazazpi talde ditu TAKEk eta lehen bi taldeez gain, beste guztiak ez dira ari entrenatzen. Ez entrenatu arren, partidak jokatu behar dituzte, eta asteburu honetan etxeko zazpi partidetatik sei Beasainen jokatuko dituzte. Gizonezkoen lehen taldeak, berriz, Azpeitiko kiroldegian jokatuko du etxeko bezala.
Areto futboleko Laskorain klubak atzo sare sozialetatik zabaldu zuen mezuaren arabera, asteburu honetan etxean jokatzekoak dituzten partida gehienak, lau zehazki, atzeratzea eskatu dute, jokatzeko beste lekurik ez dutelako topatu. Bestalde, Hirugarren Mailan ari den gizonezkoen talde nagusiak jokatu ahal izateko, kantxa adosteko lanean dabiltza.
Berazubi estadioa, atzo eguerdian, itxita.