Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

«Lan baldintzak hobetzea soldata igotzea bezain garrantzitsua da»

Irati Saizar Artola 2023ko mar. 22a, 07:59

Tolosako kiroldegiko zenbait langile, atzo goizean, Lopez Mendizabal pasealekuan.

Tolosako kiroldegietako langileek salatu dute soldata igoera eta lan baldintzak bazkideen kuota igoerari lotu nahi dizkiola enpresak; zazpigarren eguna dute gaur greban.

Zazpigarren eguna dute greban Tolosako kiroldegietako langileek. 2019tik lan baldintzetan hobekuntzarik jaso ez, eta soldataren eguneratzea eta lan baldintzen erregularizazioa biltzen dituen hitzarmena eskatzen ari dira egunotan. Langileek esan dute «indarrarekin, baina ukituta» ere badaudela, aurrerapausorik ikusten ez dutelako. 

Enpresa aldaketa izan ondotik, BPXport enpresako langileak dira Tolosako kirol instalazioetan lanean ari direnak. Urtarrilaren 13an eseri ziren lehen aldiz enpresa berriarekin negoziatzera. «Gure plataforma prestatu eta puntuz puntu zer eskatzen genuen eta zergatik azaldu genien», esan dute langileek. 

Hamabost egunera deitutako bilerara agertu ez eta beste hamabost egunez atzeratu behar izan zuten negoziatzeko hitzordua. «Kontraproposamen batekin etorri beharrean, dirurik ez zutela eta soldata igoerarik ez zegoela esan ziguten, hori izan zen guztia; gainerako hamalau puntuak begiratu ere ez zituzten egin», esan dute. 

Bi astera berriro bildu ziren, eta soldatak %1 igotzea proposatu zien enpresak; «gainerako puntuez aipamenik ere ez». Egoera horren aurrean, «negoziaketan gehiago eragiteko aukera bakarra greba deitzea» zela ikusi zuten langileek. Hamaika eguneko lanuztea deitu zuten. 

Greban hasi baino bi egun lehenago, enpresak bilera batera deitu zituen: «Soldatetan %3ko igoera proposatu zigun, baina berdinetan geunden, lan baldintzen inguruan hitzik ere ez zuten egin, eta bilera %4,5eko soldata igoera proposatuz amaitu zen; eskaintza hori iraila bitarterako proposatu ziguten, gero negoziaketan jarraitzeko aukerarekin». Irailen ez, hitzarmena orain nahi dutela esan dute.

Langileek salatu dute soldata igoera eta lan baldintzak bazkideen kuota igoerari lotu nahi dizkiela enpresak, eta aukera horrekin ez daudela ados. «Enpresak nahi duena da irailera nola hala iritsi eta gure lan baldintzak kuota horien arabera hobetu». Kuotak igotzen badira, ordea, behar batzuk daudelako izan beharko lukeela diote, ez langileei soldata igotzeko edota lan baldintzak negoziatzeko ere. «Esango dute: ‘Nola langileei soldata igo behar diegun, kuotak igoko ditugu’. Zer lortzen dute horrekin? Bazkideak gure aurka jartzea. Hori ezin dugu onartu». 

Lan baldintzak, hobetzeko

Enpresak egin dien beste proposamena urte honetan eta hurrengoan soldata %4,5 igotzea izan da. Ez dute egoki ikusten: «Guretzat soldata igoera bezain garrantzitsua da lan baldintzak hobetzea, behintzat eseri daitezela negoziatzera, ez gara ezer zurruna eskatzen ari, prest gaude akordio batzuetara iristeko». 

Izan ere, lan baldintzetan hobekuntzak eskatzerakoan, esaterako, klaseak prestatzeko behar dituzten orduak lan ordu kontsideratzea eskatzen dute. «Klaseak prestatzeko hartzen dugun denbora ez zaigu kontuan hartzen, ez digute ordaintzen, musu truk egiten dugu hori, eta badakigu ordu horiek aitortzen eta ordaintzen hasten badira, %4,5 igotzea baino askoz ere gehiago dela, baina hor ere hitz egiteko prest gaude», esan dute. 

Bestalde, soldata arrakala dagoela ere salatu dute, adibidez, garbitzaileen eta gainerako langileen artean: «Urtean 3.000 euro inguru gutxiago jasotzen dute garbitzaileek». Eta KPIa bermatzea ere eskatzen dute, «gutxienez, behintzat, hitz egitea». 

Ardura «besteena»

Udalarekin hiru bilera egin dituzte langileek guztira. «Hirugarren aldiz elkartzean, greba aurreko egunean, sentiarazi ziguten ardura handia genuela, 10.000 bazkide direla kiroldegian, klub asko daudela eta kontuan izateko». Udalak nola edo hala greba ez egitea lortu nahi zuela adierazi dute, kiroldegia irekita mantendu ahal izateko. 

Langileak jakitun dira kirol talde asko daudela zerbitzu horiek erabiltzen dituztenak. «Ia egunero egon behar izaten dugu haiekin, asko ezagunak dira, batzuk lagunak, eta badakigu zein egoeratan dauden; baina ezin dugu kontua arlo pertsonal batera eraman. Argi utzi nahi dugu ez dela gure erantzukizuna beraiek beraien jarduna ezin egitea, beste batzuek dutela ardura horretan, nahiz eta hala sentiarazi nahi diguten». 

Igandera bitarteko egunetan greba egingo dute langileek, baina aurrerapausorik ikusi ez eta esperantza gutxi dutela aitortu dute : «Igandera arte mugimendurik ez dela egongo uste dugu; greban geunden bitartean negoziatzen aritzea espero genuen, gure partetik hala nahi dugulako, baina hitz egin gabe ezinezkoa da akordio batera iristea». 

Egun hauetan herritarrengandik jasotzen ari diren babesa eskertu nahi dute langileek, eta datozen egunetan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak. 

Mobilizazioak

  • Gaur
    • 10:30. Mugiko taldearekin ibilaldia.
    • 12:00. Gimnasia eta mantenua. 
  • Martxoak 23, osteguna 
    • 17:30. Brilet, Euskal Herria plazan. 
  • Martxoak 24, ostirala
    • 18:30. Manifestazioa, Triangulo plazatik abiatuta. 
  • Martxoak 25, larunbata
    • 11:00. Kontzentrazioa, Triangulo plazan. 
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!