Elkarrizketa

«Oraindik sinetsi ezinik nago izan dugun zortearekin»

Leyre Carrasco 2023ko mar. 22a, 11:58

Leire Malkorra arkitekto tolosarra. Argazkia: Berria egunkaria

Arkitektura ikasi duen arren, Aranzadiko indusketetan zazpi urte daramatza lanean Leire Malkorrak (Tolosa, 1988).

Aranzadi 2007an hasi zen tolosarra Irulegiko ingurua aztertzen; mendiaren gailurreko gaztelua ikertu zuten lehenik (2007-2017), eta, 2018az geroztik, gaztelua baino beherago dagoen Burdin Aroko herria aztertu du, Mattin Aiestaran arkeologoak gidatuta, EHUko doktore tesi baten barruan. Ikerketa horretan hainbat aztarna aurkitu dituzte, azkena, esku baten itxurako pieza. Irulegiko eskua ukitu zuten lehendabiziko eskuak izan ziren Malkorrarenak.

Pieza garrantzitsua izango zela espero al zenuen?

Pieza agertu zen unean ez genekien zer zen, baina bere formagatik, dimentsiogatik eta materialagatik pieza berezi bat izango zela jakin genuen. Esku forma zuen pieza bat aurkitu genuen, baina hasiera batean ez genuen horrela ikusi, beraz, duda horrekin Nafar Gobernuko errestaurazio sailera eraman genuen.

Nola erreakzionatu zenuen bere balioa jakitean?

Ahaztuko ez dudan egun bat izan zen. Mattin Aiestaran indusketako zuzendariak piezak duen balioaren berri eman zidanean sekulako sorpresa eta poza hartu nuen. Egia esan, oraindik sinetsi ezinik nago aurkikuntza honekin izan dugun zortearekin.

Aurkikuntza honek izan duen oihartzuna espero al zenuen?

Piezak duen garrantzia ikusita, pixka bat espero nuen halako oihartzuna izatea, baina hainbeste ez. Sare sozial eta medio guztietan agertu da, eta egia da euforia moduko batekin bizi izan nituela lehenengo egunak. Gainera, jende askok gelditzen zidan kaletik eta oso harrigarria izan da. Surrealismo puntu bat ere izan zuen guzti honek, ez bainago ohituta komunikabideetan hitz egitera. Hala ere ulertzen dut jendeak horrela hartu izana.

Zer balio du pieza honek arkeologia munduan?

Hori hitzaldian ondo azalduta geratuko da, baina nire aldetik esan dezaket gure historian azaldu den pieza garrantzitsuenetakoa dela. Historia itxi beharrean, oraindik informazio gehiago lortzeko eta galdera gehiago irekitzeko balioko digu. Sinbolikoki duen esanahia garrantzitsua da, baita non azaldu den ere.

Tolosan eskainiko duzuen ekitaldian ikusi ahalko dugu?

Zoritxarrez ez. Nafarroako Gobernuko biltegian dago gordeta, eta ez dago aukera ikusteko.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!