Indusketa arkeologiko baten kronika, Tolosan

Ataria 2023ko martxoaren 22a

Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatuta, Irulegiko eskuaren inguruko ekitaldia egingo dute hilaren 28an, Leidor aretoan.

Mattin Aiestaran Irulegiko indusketaren arkeologia zuzendariak hitzaldi berezia eskainiko du Tolosan, hurrengo asteartean, hilaren 28an, Leidor aretoan, 19:30ean hasiko den ekitaldian. Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatuta, ikerketa arkeologikoaren nondik norakoak azaldu eta Irulegiko eskuaren garrantziaz mintzatuko da.

Ekitaldia berean bestelako ikuskizunez gozatzeko aukera ere izango da, Oreka TX taldearen doinuak edota Amaia Elizaran dantzariak eskainiko dituen koreografiak, kasu. Arkeologia, musika eta dantza uztartuz, 2.000 urte atzera bidaiatzeko aukera izango dute ekitaldia ikustera gerturatzen diren herritarrak. Aurkezpenaren amaieran, gainera, Aranzadi Zientzia Elkarteak argitaratuko duen lan monografikoa eskuratu ahal izango da.

Sarrerak salgai daude dagoeneko eta interesa duenak Kutxabanken edo Leidor aretoko leihatilan eskuratu ahal izango ditu bost euro ordainduta. Ekitaldian jasotako etekina Aranzadi Zientzi Elkarteko ikerketa arkeologikora bideratuko dela azaldu dute.

ZORIONEKO PIEZA

2018an Arangurengo Irulegi mendia (Nafarroa) aztertzen ari zirela, esku baten itxurako pieza bat topatu zuten, Kristo aurreko I. mendekoa. Iaz jakin zuten hizkuntza baskonikoan orain arte agertu den testurik zaharrena eta luzeena zuela idatzirik.

Aurkikuntzan bi tolosarrek izan dute protagonismo berezia, Aiestaranek eta Leire Malkorrak. Azken honek egin zuen aurkikuntza.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!