Elkarrizketa

«Zorionekoa naiz bi familia izateagatik, bat han eta bestea hemen»

Irati Saizar Artola 2023ko mar. 16a, 07:58
Ura Iturralde eta Bika Adamovych, Euskal Pizkundearen plazan.

Pasa den astean iritsi zen Ukrainatik Tolosara Bika Adamovych (Kiev, 1997), bi egun bidaian egin ondoren. Urtebete daramate gerran bere herrialdean, eta ordutik, lehen aldiz etorri da Tolosara.

Ze lotura duzu Tolosarekin?

Zortzi urte nituenean etorri nintzen lehen aldiz Tolosara. Chernobil elkartearen bidez, ez dakit patua edo zortea izan zen, baina Patxi eta Felik harreran hartu ninduten.

Geroztik, urtero etorri izan zara?

Udaro etortzen nintzen, bi hilabeterako edo. Neguan etortzeko aukera ere eman zidaten, eta etorri nintzen zenbaitetan. Programa horien bidez, 18 urte bete arte hartzen duzu parte, baina nik neure kontura etortzen jarraitu dut. Izan ere, familia bat daukat hemen. Zorionekoa naiz bi familia izateagatik, bat han eta bestea hemen.

Loturarik ez duzu galdu beraz.

Beti gaude kontaktuan, mezu bidez. Gurasoak, bi anaia eta ahizpa bat ditut hemen, eta egia esan gerra hasi zenean asko lagundu zidaten; ni babestearren handik ateratzeko esaten zidaten, baina han geratzea erabaki nuen.

Zer moduz pasatu duzu azken urte hau?

Zoritxarrez ohitu egin gara. Kieven bizi naiz bikotekidearekin, eta han lasaiago dago kontua. Baina handik ateratzen bazara, egoera okerragoa dela ikusten duzu. Gerra hasi zenean asko sufritu genuen. Nire familia Ivankiven bizi da, eta pasa den otsailean, gerra hasi eta astebetera, estaldurarik gabe geratu ziren. Hilabete baino gehiago pasatu nuen haietaz ezer jakin gabe, ez nekien bizirik ala hilda zeuden. Apirila hasieran, zenbaki ezezagun batek deitu zidan, nire aitaordea zen: 'Bika, bizirik gaude' esan ostean, moztu egin zen. Negar egin nuen.

Tolosan jarritako erakusketa baliatuko duzue zure bizitzaren zati bat erakusteko.

Biharko inaugurazioan bertan izango naiz, eta azalpenak emango ditut argazkien inguruan. Ondoren, lunch bat prestatuko dut, Ukrainako jakiekin.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!