Ukrainako iluntasuna irudikatuz, argazki erakusketa

Irati Saizar Artola 2023ko mar. 16a, 07:59

Bihar zabalduko dute 'Bikaren itzulera: Ivankivera bidaia, errusiar okupazioaren ondoren' erakusketa, Aranburu jauregian.

Ura Iturralde argazkilari tolosarrak Ukrainara bidaiatu zuen pasa den irailean, argazki kamera hartuta, 20 egunetarako. Han, Bika Adamovych ukrainarrarekin elkartu zen, eta bere bizitza ardatz hartuta, argazki erakusketa osatu du tolosarrak. Bikaren itzulera: Ivankivera bidaia, errusiar okupazioaren ondoren erakusketa bihartik aurrera izango da ikusgai, Tolosako Aranburu jauregian, apirilaren 22a bitarte. Bihar, 19:00etan egingo dute inaugurazioa.

Iturraldek eta Adamovychek duela sei urte ezagutu zuten elkar. Zortzi urte zituenetik etorri izan da ukrainarra Tolosara, Chernobil elkartearen bidez, harrera familia batetara. Adamovychen ahizpa tolosarra, Nahia, Iturralderen kuadrillakoa da, eta hortik izan zuten elkar ezagutzeko aukera, Iturraldek kontatu duenez.

Errusiak iazko otsailaren 24an hasi zuen Ukrainaren kontrako erasoa eta handik zazpi hilabetetara bisitatu zuen herrialdea Iturraldek: «Bikaren hemengo familia sufritzen ikusten nuen, eta aukera nuenez, hara joatea erabaki nuen».

Krakoviatik Leopolis hirira heldu zen lehenik, eta Kieven elkartu zen Adamovychekin ondoren. Handik, bere familia bisitatzera joan ziren biak Ivankivera. Adamovychek kontatu du gerra hasiz geroztik ez zela jaioterrira itzuli, eta Iturralderekin egin zuela bidaia lehenengoz: «Suntsituta zegoen». Behin bere familiarekin elkartuta, «zeukaten guztia» eman zietela kontatu du Iturraldek, esker onez. Ivankiv inguruan ere ibili ziren, argazkiak ateratzen.

Iluntasunean

Ukrainan jasotakoa Tolosara ekarri du Iturraldek, eta egunotan Adamovych ere bertan da, erakusketa prestatzen. Aranburu jauregian, beraz, historia bat kontatuko dute: Bika eta bere bi familien historia, hain zuzen.

Erakusketako beste protagonista «argirik eza» da, Iturraldek azaldu duenez. «Oraintxe bertan Ukrainan dagoen egoera irudikatu nahi izan dugu hemen, argirik gabe». Argazkiak ikusteko sarreran jarri dituzten linternak erabili beharko dira.

Hiru gune, hiru gela prestatu dituzte, zentzu batekin. Lehenengoan, Adamovych ikusi ahalko da Euskal Herrian, haurra zela, bere hemengo familiarekin, eta argia izango duen gune bakarra izango da. «Hortik aurrera, Ukrainan sartuko gara, iluntasunean», kontatu du. Batetik, Adamovychen familia biologikoa ezagutzeko aukera izango da, eta bestetik, Ivankiv eskualdea, «suntsituta, gerrako errealitatea, jendea etxerik gabe...». Denera 50 argazki inguru jarri dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!