Katiuska taldeak Afizioz lehiaketako sari nagusia jaso du

Ataria 2023ko martxoaren 12a

Argazkiak: Katiuska Antzerki Taldea

Euskarazko antzerki sorkuntza sustatzea eta sortzaileen lana ezagutzera ematea da Debagoieneko Antzerki Plataformak antolatzen duen lehiaketaren helburua, eta aurtengo irabazlea Tolosako antzerki taldea izan da; aktore onenaren saria, berriz, Katiuska taldeko Idoia Bengoetxeak eskuratu du.

Antzerki Plataformak antolatzen duen Afiziozko lehiaketa ospatu zen atzo Elgetako Espaloia antzokian. Euskarazko antzerki sorkuntza sustatzea eta sortzaileen lana ezagutzera ematea da lehiaketaren helburua eta atzo bost talde aritu ziren lehian; Tolosako Katiuska Antzerki Taldea, Debako Goaz Antzerki Taldea, Bermeoko Buselektrikue Konpainia, eta Oñatiko DAP Helduen taldea eta Iker Plazaola Triskantza ekimenarekin.

Sari nagusia Tolosako Katiuska Antzerki Taldeak jaso zuen iaz estreinatutako 'Armiarma' antzezlanarekin. Bermeoko Buseletrikue taldeak jaso zuen bigarren saria, 'Añenak publikoari' izeneko antzezlanarekin. Hori ez zen izan tolosarrek jaso zuten sari bakarra, aktore onenaren saria Katiuska taldeko Idoia Bengoetxeak eskuratu baitzuen, eta publikoarena Oñatiko DAP Helduak taldearentzat izan zen.

Armiarma antzezlanaren sinopsia

Ongi etorri Armiarma S.A.-ra! Lana, lana eta lana! Sar zaitez armiarma-sarearen barruan, eta hor topatuko dituzu nagusiak eta langile xumeak, makina-gizakiak edo gizaki-animaliak, arma-fabrikatzaile umoretsuak eta coach motibatzaileak. Gauzarik zentzugabeenak gertatzen dira Armiarma S.A.-n: ia-ia errealitatean bezainbeste.

– Jaitsiko du langabeziaren malda…

– Baina, etikoki zuzena al da?

Armiarma Katiuska antzerki taldearen sorkuntza da oso-osorik, talde-jolasaren, -hausnarketaren eta -lanaren fruitu. Esketxez osatuta dago antzezlana, eta ordubete inguru irauten du. Zati guztiak nolabait loturik egonik ere, genero eta molde ezberdinak probatu nahi izan ditugu. Lan mundu garaikidea eta armagintza bezalako gaiak jorratzen saiatu gara modu kritiko eta umoretsuan.

Fitxa

  • Zuzendaria: Idoia Gereñu
  • Aktoreak: Idoia Bengoetxea, Olatz Godoy, Xabi Gomez, Ander Malbadi
  • Konpainia: Katiuska Antzerki Taldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!