ERREPORTAJEA

Orri zuritik 'Armiarmara'

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mai. 27a, 07:57
Gomez, Bengoetxea, Godoy, GereƱu eta Malbadi, Katiuska taldeko kideak. E. MAIZ

Katiuska Antzerki Taldeak, hiru urte eta gero, Armiarma antzezlana estreinatu du; Idoia Gereñuren gidaritzapean, Idoia Bengoetxea, Xabi Gomez, Olatz Godoy eta Ander Malbadi dira aktoreak.

Hamar urte ditu Katiuska taldeak, eta taldean joan-etorriak izan badira ere, Idoia Gereñurekin batera, hasiera-hasieratik daude hutsik egin gabe Idoia Bengoetxea, Olatz Godoy, Xabi Gomez eta Ander Malbadi. Pasa den astean estreinatu zuten Elduainen azken hiru urteetan ondutako Armiarma antzezlana, eta dagoeneko lotuta dituzte beste bost emanaldi; tartean, Tolosako Topic aretoan eskainiko dutena.

2012ko Ostegun Gizenez hasi zen Katiuska taldea sortzeko ideia. Txaranga doinu artean, Idoia Gereñu, Txoan Ormazabal eta Migel Legarra tarteko, irailerako antzerki tailerra antolatu zuten, Tolosan. «Nik ordurako Laskorain ikastolan Txoanekin-eta zuzenduta nituen antzerki eta ikuskizun batzuk», ekarri du gogora Gereñu taldeko gidariak. Parranda giroan, taldea osatzen bazuten irailean tailerra egingo zutela esan zien bi gazteei Gereñuk: «Serio hartu zuten eta taldea osatu zuten». Hasierako talde hartan dozena bat ziren, eta askok ez zutela elkar ezagutzen kontatu dute. «Jendeak ia sekula ez zuen antzerkirik egin, eta hasierako helburua tailer bat egitea zen, eta ez talde bat sortzea», adierazi du Gereñuk. Hutsetik abiatu ziren guztiak, hau da, antzerki ariketak egiten hasi ziren. Helburua zerbait erakustea izan zuten, eta obra bat egin zuten.



10 urteko ibilbidean taldeak aldaketa nabarmena eman du. «Orain ez dugu tailerrik egiten», dio Gereñuk. Azken bi-hiru obretan, lanak prestatzeko bakarrik elkartzen dira. «Kanpoan ikastaroren bat dagoenean joan gara, edo baten bat ekarri izan dugu gurera», zehaztu du Gereñuk.

Obra batetik besterako lanean deskantsu tarteak izan dituzte, baina taldeak, erritmo ezberdinetan bada ere, aurrera egin du. «Neke handia suposatzen du», azpimarratzen du Gereñuk. Antzerkiak denbora eta ardura eskatzen dizkie, besteak beste, Katiuskako taldekideei. Eta obra aurkezteko eguna gerturatu ahala, «intentsitate gehiago eskatzen du», diote.

Azken emanaldiaren ostean, atseden hartzeko beharra izaten dute. Denboratxo bat pasata, berriz ere, antzerkirako grina pizten zaie. Lanerako gogoz elkartzen hasten direnean, denen arteko lana izaten dute. «Hasieran ideiak pentsatzen ditugu, ideia orokorrak», esan du Idoia Bengoetxeak. «Pausoak jarraitzeko ez daukagu prozesu definiturik», gehitu du Xabi Gomezek. Sormen prozesuan bide orririk gabe lan egiteak betetzen ditu; hasieran astean behin pare bat orduz elkartzen dira, eta intentsitatea gehitzen joaten zaie forma hartzen doan heinean. Gereñuk, hasieran, «orri zuriaren sindromea» izaten dutela azpimarratu du.

Sormen lana, hutsetik hasita

«Lana benetan asteburuetan edo egun osoko entseguak egiten ditugunean egiten dugu, eta asko aurreratzen dugu», azaldu du taldeko gidariak. Bengoetxeak barre artean kontatzen du, «denbora pila bat pasa genuen gaiari buelta ematen». Eta Gereñuk zehazten du: «Hasi ginenetik sei hilabetera obra guztiz ezberdina zen». «Agian egun batean gauza batekin motibatzen gara, baina hurrena elkartzean berriz desberdin ikusten dugu», dio. Eta jarraitzen du: «Egun batean batekin elkartu, eta aurretik egindako lan guztia hankaz gora jarri dezakegu».

«Sormen prozesua banaka egiten denean oso mantsoa da, baina zu zeure buruarekin ari zara», argitu du. Kasu honetan, ordea, bost pertsona dira, eta bostak ados jartzeak lan pixka bat ematen die. «Geratu garen bostok, gustu aldetik, funtzionatzeko moduagatik,... oso desberdinak gara», dio Gereñuk.

Ez dute ikasturteka funtzionatzen. Lan baten aurkezteko data, «zerbaitek forma hartzen duenean jartzen dugu», zehaztu du Gomezek. Armiarma, hasiera batean, Gabonetarako aurkeztea espero zuten, baina ekainera atzeratu beharrean izan ziren. «Geure buruari presioa jarri behar diogu», dio Bengoetxeak, eta Gereñuk azaltzen du: «Bestela ez dugu egiten, eta beste urtebete egon gaitezke», eta Gomezek gaineratzen du: «Garen bezalakoak izanda, epea luzatzeak ez digu ziurtatzen lau hilabete lehenago prest edukiko dugunik».



«Sorkuntza prozesua ez da sekula bukatzen, eta beti aldatu dezakezu», nabarmendu du Gereñuk. «Ez baduzu etenik jartzen, buelta asko eman ditzake. Aspertu egiten zara gauza bat ikusten, edo beti bilatzen diozu beste aukera bat». «Testutik baino gehiago ideiatik abiatzen gara, eta ideia horietatik testuak idazten ditugu», azaldu du Gereñuk. Testuak idatzi ostean eta ideia oso ondo ulertuta dutenean hasten dira oholtza gainekoak prestatzen. «Guk bai funtzionatzen dugu arrazoitik, eta ez erraietatik», definitu du Gereñuk. Gero, hori, nolabait, ikuskizunean apurtzen ahalegintzen dira. Talde moduan ere, obra bakoitzerako zerbait berria lantzen dute.

Gereñuk gidatzen du taldea, eta berak du pisua, batik bat, oholtza gainean lanean hasten direnean. Berak, taldeak izugarrizko trantsizioa egin duela azpimarratu du. «Beraiek ere hobetzen ari dira, ezagutza geroz eta handiagoa dute eta ikuspegi aldetik ere, beste jakinduria eta esperientzia bat dute». Gauza asko aldatu direla nabarmendu du: «Denok batera hezten ari gara».

Publikoari zerbait eskaintzeko helburuarekin aritzen dira lanean, eta denen gustukoa ez dela izango jakinda ere, apustu bat eta saiakera bat egiten dute zerbait berria eskaintzeko. Pentsaraztea dute helburu, eta azken lanean lana eta armagintza uztartu dituzte. Hainbeste orduz landu eta egindako obra herriz herri erakutsi nahi dute, eta irailetik aurrera ere oholtza gainera igotzeko gogoz daude.

XABI GOMEZ. AKTOREA

Zer da antzerkia zuretzat edo zer ematen dizu?

Tailerreko iragarkia ikusterakoan argi neukan hori nahi nuela, eta ez nuen zalantzarik egin, baina ez dakit zergatik. Neure burua ez nuen ikusten. Horregatik agian inoiz ez nintzen ausartu. Orain droga modukoa bihurtu da. Urduritasuna dago, baina agertoki gainean zaudenean, zuk hainbeste denboran prestatu duzun hori egitean, eta publikoaren erantzuna ikusten duzuenean —txaloak, barreak, isiltasuna,...—, betetzen zaitu. Horrelako gauzak esatea gu sortzen ari garela, gu probokatzen ari garela... Obra bat amaitzean erortzen zara, baina hortik gutxira, berriro ere zerbaitetan hasi behar zarela pentsatzen duzu. Adrenalina, edo ez dakit zein den hitza, baina hor badago zerbait. Beste aldetik aipatu behar da lagun taldea ere bagarela. Horrek ere asko egiten du. 10 urteek hori ere eman dute. Afariez eta parrandez aparte, azkenean gauza pila bat bizi izan ditugu elkarrekin.

Zer esan 'Armiarma' lanaz?

Etortzen direnei zerbait mugituko zaie barruan. Axaleko kontua ematen du. Komedia egin nahi genuen hasieratik. Momentu komikoak nahi genituen sortu, baina barregura sortzen dugu. Gaia hain serioa da, hain delikatua da, pentsatzen duzula nola egingo dut barre horretaz. Orduan, egoera horretan kokatzen da ikuslea. Bestalde, zoritxarrez momentu honetan modan dauden gaiak dira armagintza eta gerra. Momentu aproposa da gogoeta egiteko.

IDOIA BENGOETXEA. AKTOREA

Zer da antzerkia zuretzat edo zer ematen dizu?

Duela 10 urte jakin-minagatik eman nuen izena tailerrean. Antzerkia ikustea beti gustatu izan zait. Dibertitzeko modu bat da, eta gustatu egiten zait pixka bat txoroarena egitea. Hau ez da parranda batean zoroarena egitea bezala, baina badu puntu dibertigarri bat. Ondo pasatzen dut. Zure baitatik ateratzeko aukera ematen dizu. Inauterietan mozorrotzen garenean egiten dugun bezala; jada ez zara zu, beste pertsona bat zara. Nik uste dut hori dela erakargarria, eta gustura nago taldean. Sormen prozesua bera ere gustatzen zait; idaztea, ideiak pentsatzea. Etxean helbururik gabe idazteko alferra naiz. Irakurtzea asko gustatzen zait, baina talde lanean eta proiektu baten barruan, idaztea eta zerbait sortzea jada motibagarria egiten zait, eta horrek berak ere bultzatzen nau pixka bat sortze horretara. Bestela ez nuke egingo.

Zer esan 'Armiarma' lanaz?

Zati desberdinak ditu, eta estilo aldetik halako lotura bat baduten arren, aldi berean nahiko zati desberdinak dira. Agian zati bat gustatu ez arren, beste bat bai. Ez dizu denborarik ematen zati batekin asko aspertzeko. Nahiko desberdinak dira, pertsonaiak aldatu egiten gara. Dezente du absurdotik, eta nik uste dut ni publikoan egongo banintz grazia pixka bat egingo lidakeela, baina, noski, hor bakoitzaren umorea nolakoa den sartzen da.

ANDER MALBADI. AKTOREA

Zer da antzerkia zuretzat edo zer ematen dizu?

Nik Eskolapioetan ikasi nuen, eta Gabonetan antzerkia egiteko ohitura zegoen. Lehen paperak 4. mailan edo egiten genituen 10 bat urterekin. Antzerkirako harra pixka bat hor sortu zitzaidala esango nuke. Tailerra egiteko aukera, justu karrera bukatu nuenean, suertatu zen. Ahogozo ona edo oroitzapen ona nuen, eta gainera gustatzen zitzaidan. Hamaika bat elkartu baginen, antzerkiak elkartu gintuen, baina orain jarraitzen badugu ez dakit hainbeste antzerkiarengatik den edo gaudenak gaudelako den. Antzerkia gustatzen zait eta egiten dut, baina gaur egun hemen baldin banago gehiago da taldearengatik. Antzerkiak zerbait polita izaten jarraitzen du, eta gustatzen zait. Nahiz eta kontziente ez izan, aukera ematen dizu zuregan dauzkazun hainbeste pertsona ateratzeko.

Zer esan 'Armiarma' lanaz?

Aurrekoa bai izan zen pixka bat distopia batetik joana, eta orain komediara bueltatu edo jorratu nahi genuen. Aurreneko gauza lan mundua atera zen; zenbat ordu pasatzen ditugun lanean, gure bizitzan zein rol jokatzen duen, zer paper dauzkagun... Komedia eta lana. Izan liteke, eta konplikatu zenean: armagintza. Ez dakit nondik atera zen. Guzti hori koktel-ontzian sartuta atera den emaitza da. Badu komediatik, absurdotik, baina badu gogoetatik, badu kritikatik. Ez da komedia hutsa, eta gainera nahigabe, baina oso aktualitateko geratu zaigu.

OLATZ GODOY. AKTOREA

Zer da antzerkia zuretzat edo zer ematen dizu?

Eskolako euskararen egun baterako zerbait prestatu genuen, eta gustua hartu nion. Tailerra egingo zutela iragarri zutenean batak besteari idatzi genion, eta animatu ginen. Askatasun asko eman dit. Adierazteko, askatzeko, egiteko... Ez dakit pertsona lotsatia naizen, baina, ez dakit antzerkian ibiltzen naizen bezala, kalean ibiliko nintzatekeen edozein egunetan. Askatasun handia eman dit. Ez dut gogoan, nola nenbilen antzerkian, hasieran, baina bai konturatzen naiz errepertorio txiki bat badudala; orain, urteetan biltzen joan naizen errekurtso batzuk baditut. Orain antzerkia egiten hastean ez da zerotik hastea. Momentu honetara iritsita, nik uste dut, uztea ez dela aukera bat. Beti jarraituko dut antzerkian. Gozatzeko nire aukera antzerkia da. Egia esan, gozatu egiten dut.

Zer esan 'Armiarma' lanaz?

Asko ondutako lan bat dela iruditzen zait. Prozesu luzea izan da, eta egia da pandemia tarteko behartuta izan dela hain luzea momentu batzuetan, eta bere desgastea suposatu duen arren, gauzak asko pentsatzeko aukera eman digu. Zaindu egin dugu kontzeptua, zaindu dugu nola adierazi adierazi nahi duguna. Ez da mezu bat daukagula inori emateko, baina pentsarazteko da, eta landu dugu zer esan. Izugarria da, eta animatu! Oso gustura aritzen gara taula gainean eta nik uste dut hori ere nabaritzen dela, eta uste dut hori transmititzeko gai garela.

 

EMANALDIAK

  • Maiatzak 28, DEBA. 19:30. GOAZen aretoa (Osio).
  • Ekainak 3, TOLOSA. 20:00. Topic aretoa.
  • Ekainak 11, ZUMARRAGA. 20:00. Gaztetxea.
  • Ekainak 17, BERGARA. 22:30. Kartzela Zaharra.
  • Ekainak 18, AÑORGA. 19:00. Antxon Ayestaran kultur etxea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!