Uraren Mundu Egunaren harira erreka garbiketa lanak egingo ditu udalak

Ataria 2023ko martxoaren 9a

Ohiko moduan erreka garbiketa lanak egingo ditu Tolosako Udalak herriko hiru ikastetxeetako ikasleekin zein herriko elkarte desberdinekin elkarlanean. Horrekin batera, sareak jarriko dituzte Araba etorbideko zubiaren azpialdean, zaborra errekara jausi ez dadin. 

Datorren martxoaren 23an Uraren Mundu Eguna ospatuko da eta horren harira, Tolosako Udalak ekintza desberdinak antolatu ditu. Lehenik eta behin, erreka garbiketa lanak egingo ditu, urtero egiten duen bezala, herriko hiru ikastetxeekin zein elkarte desberdinekin elkarlanean.

Horiek horrela, guztira 300 lagun inguru, 2-3 orduz arituko dira erreka ertzak garbitzen, martxoaren 21ean, 22an eta 23an. Horretarako, beharrezko materiala banatuko zaie parte-hartzaile guztiei. Ekimena Eskola Agenda 2030ren barruan kokatzen da. Ikasle eta elkarteen lanaren osagarri gisa, enpresa aditu baten zerbitzua ere kontratatuko dute, kasu honetan, zailagoak diren puntuak garbitzeko. 

Sareak zubien azpialdean

Garbiketa lanek herriko ibaia eta ibai ertzak txukun eta garbi mantentzea dute helburu, ingurunearen mesedetan. Hain zuzen helburu hori oinarri, garbiketa lanez haratago, Tolosako Udalak sareak jarri ditu jada herriko hainbat zubien azpialdean, kaleko zaborra ibaira jausi ez dadin.

2020an esaterako, Zumalakarregi kalean jarri zituzten aipatutako sareak, eta iaz Berazubi eta Euskaldun Berrien zubian. Oraingoan, Araba etorbidean jarriko dituzte sareak; guztira 211 metro saretuko dira. Datozen urteetan, herriko zubi eta kale desberdinetan sare gehiago jartzea aurreikusita du udalak.

Amaitzeko, Eguzki taldeak egindako eskaera aintzat hartuta eta honi erantzuna emanez, lan horiek guztiak aurrera eramateko Foru Aldundiak ematen dituen diru laguntza deialdira atxiki dela esan du Tolosako Udalak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!