Eguzkik Tolosako Udalari foru laguntzen eta Oria ibaiko zaborren gaineko eskaera egin dio

Ataria 2023ko ots. 27a, 11:00

Eguzki erakunde ekologistak udalari foru laguntzak eskatu eta prebentzio neurriak luzatzeko eskatu dio, oztopo gisa balio dezaten eta hondakinak ibai-sisteman amaitu ez daitezen. Era berean, neurri zuzentzaile gisa, enpresa espezializatu bat kontratatzea nahi dute Oria ibaia kutsatzen duten zaborrak kentzeko.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, bost diru laguntza lerro onartu dituela esan du Eguzkik. Diru laguntza lerro horietako bat, joan den urtarrilaren 24an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratua, udal eta mankomunitateei zuzenduta dago. Ibai, kosta eta lehorreko inguruneetan sakabanatutako zaborren metaketa prebenitzen eta zuzentzen laguntzen duten ekintzak gauzatzeko dira laguntzak, «sakabanatutako zaborren fokuak minimizatzeko helburuarekin, horiek baitira itsasoko kutsaduraren eta natur guneen degradazioaren gune nagusietako bat», esan du Eguzkik. Laguntza horiek hirugarren urtez jarraian eman dituzte eta, kasu honetan, 125.000 eurokoak dira. Horiek 50.000 euroko igoerarekin bultzatuko dira, aurreko bi urteekin alderatuz gero, talde ekologistak esan duenez.

Arrazoi horregatik, udalari foru laguntzen eskaera egiteko eta prebentzio neurriak luzatzeko eskatu dio Eguzki erakundeak, oztopo gisa balio dezaten eta hondakinak ibai-sisteman amaitu ez daitezen. Oria ibaia kutsatzen duten zaborrak kentzeko, enpresa espezializatu bat kontratatzeko eskaera ere egin du. Izan ere, zabor-isurketak itsas ekosisteman arazo globala direla dio Eguzkik, urtetik urtera handitzen ari dena, eta gure kostaldea ez dela salbuespena nabarmendu du. Kontzientziazio publikorik eza dela eta, hondakinak kontrolik gabe isurtzen direla salatu du, batez ere itsasertzean eta ibaietan. «Azkenean, itsaso eta ozeanoetara iristen dira, eta itsas azalean eta hondoan pilatzen dira».

Tolosako SAM oinezkoen zubian baranden azpian jarritako saretak, Oria ibaira hondakinak isurtzea saihesteko jarriak daude. Sareta horiek Zumalakarregi etorbidean eta udalerriko zubi batzuetan Oria ibaia inguratzen duten baranden behealdean daude jarrita, baina  Zumalakarregi pasealekuan eta Elkano kalean, atsedenleku gisa erabiltzen diren petriletan, ez daudela jarrita esan du Eguzkik, eta eremu horietan, jaiegunetan eta ekitaldi berezietan, beirazko botila eta plastikozko edalontziak abandonatu eta metatu egiten direla gogoratu du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!