Adinekoen kalteberatasunari buruzko azterlana egingo dute

Ataria 2023ko mar. 7a, 16:50

Adinbera proiektuaren barruan, adinekoen bizi-ohiturak, zailtasunak, egoera klinikoa, edota funtzionaltasuna aztertuko dituzte, kalteberatasunaren ondorio kaltegarriak aurreikusi eta murriztu ahal izateko; 65 urtetik gorako boluntarioak behar dituzte azterketa egiteko.

Biodonostia Osasun Ikerketa Institutua (Biodonostia OII), Tolosan bizi diren 65 urtetik gorako boluntarioen bila ari da, martxoan Adinbera proiektua abian jartzeko. Proiektuaren helburua da adinekoen kalteberatasuna aztertzea, denboran zehar jarraipena ematea eta erreferentziazko bihurtzea zahartzearen eta adinekoen kalteberatasunaren ikerketan. Proiektuak Tolosako Muñoa Fundazioaren finantzaketa, Tolosaldea ESIren eta Tolosako Udalaren laguntza izango du.

Adinbera proiektua herritarren datuak bilduz hasi da. Adinekoen kalteberatasuna baldintzatzen duten eredu nagusiak zehaztu, faktore aldagarriak identifikatu, eta faktore horiek aldatu eta adinekoen bizi-kalitatea hobetuko duten esku-hartze egokirako leihoak zehaztu ahal izateko. Horretarako, azaldu dutenez, Biodonostiak jakin beharra du zein diren haien bizi-ohiturak, zailtasunak, egoera klinikoa edota funtzionaltasuna, adin aurreratuetan kalteberatasunaren ondorio kaltegarriak aurreikusi eta murriztu ahal izateko. Azterlan horren bidez, Tolosako adineko biztanleak ezagutzera bideratutako emaitzak lortu ahal izango dira. Horrela, azterlanaren bideragarritasuna frogatzeko erreferentzia gisa balioko dutela espero da, probintziako beste herri batzuetara eraman ahal izateaz gain.

Biodonostiako Lehen Mailako Ikerketako Taldeak adierazi duenez, azterlana egin ahal izateko, boluntarioak behar dituzte, 65 urtetik gorakoak eta Tolosan bizi direnak, balorazio batzuk egin ahal izateko. «Jasoko direnak neurri antropometrikoak, balorazio kognitiboa, balorazio motorra, loaren balorazioa, bizi-ohiturak eta hauskortasuna izango dira, baita lagin-hartze boluntario bat ere». 

Hori dela eta, Tolosako adineko biztanleei dei egin diete eta ikerlanean parte hartzera animatu dituzte: «Ikasketetatik lortzen ditugun datuei esker, aurrera egiten jarrai dezakegu guztion etorkizuna hobetzeko, beraz, parte hartuko duten boluntarioen denboraren zati txiki batekin asko egin ahal dugu».

Nola informatu eta izena eman

  • Adinbera.com webguneko formularioaren bidez.
  • adinbera@biodonostia.org helbide elektronikora idatziz.
  • Telefono/WhatsApp bidez: 643 984 185 zenbakira deitu.
  • Datuak: Adierazi izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa.
  • Izena eman ondoren, hitzordua: Santa Maria plaza 2, etxabea, 20400 Tolosa, Gipuzkoa. 

Zahartzearen arloa, lehentasunezko ikerketa-esparrua da Europan, eta Biodonostiarentzat ere hala dela azaldu dute; izan ere, bere azken Plan Estrategikoan zahartzea definitu zuen bere zeharkako eta lehentasunezko ikerketa-arlo gisa, medikuntza pertsonalizatuarekin eta berrikuntzarekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!