ERREPORTAJEA

«Amak edukiko luke zentzurik gu gabe; bertako produkturik gabe, ez»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko mar. 12a, 07:58
Tolosako azoka bor-bor ohiko larunbat batean. AITOR ARROYO

Sukaldeko su artean bezain eroso mugitzen dira Gorka Rico eta Javi Rivero azokako postuen artean. Saltzaileengana gerturatu eta kontu kontari pasatzen dituzte hamar bat minutu erosketa egin aurretik; eta ez bakarrarekin, denekin egiten dute gauza bera.

Hain zuzen, aitortu dute arrazoi horrexegatik «propio denborarekin» joaten direla azokara. Badira urte batzuk hautua egin zutela bertako produktuekin lan egiteko, eta kontatu dute lehena Manuela olagarro ekoizlea izan zela: «Olagarrorik ez bazuen, guk ere ez genuen kartan eskaintzen. Gero ausartu ginen produktu guztiekin hori egitera».

Ateak zabaldu zituztenetik izan dute asmoa Ama bertako ekoizleen erakusleiho bihurtzeko, baina hasieran elikagai batzuk bakarrik ziren bertan ekoitzitakoak. Denborarekin, ordea, eskualdekoekin lan egitera mugatu dira, eta «bide onetik» doazela uste dute: «Gure proiektuak ez luke zentzurik izango bertako produktuekin lan egingo ez bagenu; bertakoaren defentsa da guztiaren ardatza». Harago doaz ziurtasun osoz: «Amak edukiko luke zentzurik gu gabe; bertako produkturik gabe, ez». Errotze filosofia hori bide, irabazi duten azken sariak eskualdean oihartzun berezia izan duelakoan daude.



Eskualdea garaile

Madrilen Ricok eta Riverok jaso zituzten argazki kameren argiak, baina garbi dute ez direla bakarrik iritsi gailurrera. Haien iritziz sariak frogatzen du azokan erosketa eginda lor daitezkeela «gauza handiak»; are gehiago, bertako elikagaiak «maila altukoak» direla eta «esperientzia gastronomiko oso potente bat» eskaintzeko gaitasuna dutela.

Harreman berezia ei dute ekoizleekin, eta haien azalean jartzen ere saiatzen dira. Hari horri tiraka, azaldu dute badakitela merkatari txikiek ezinbestean saltzen dutela, eta erosi omen dituzte zinez kozinatzeko behar ez zituzten jakiak ere. Kontrara, bueltan opariak jasotzen dituztela ere kontatu dute konplizitatez. Hartu-eman horrek egiten omen du berezi haien jatetxea: «Balioa ematen diogu ekoizleekin dugun harremanari. Ez dugu kontatzen zer egiten dugun sukaldean, produktuarekin zein harreman dugun baizik».

 

«Ez dugu kontatzen zer egiten dugun sukaldean, produktuarekin zein harreman dugun baizik»



Opari eta zigor

Aldian aldiko platerak, garaian garaiko produktuekin. Barre txikiarekin aitortu du Ricok «motibazioa eta buruhaustea» dela garaiko elikagaiekin kozinatzea: «Zoragarria da horrela lan egitea, eta hau da gure egia, baina gauzak perfekzionatzea askoz zailagoa da». Uste berekoa da Rivero ere, eta nabarmendu du oso garrantzitsua dela moldatzen jakitea, eta erronkarik handiena dela plater berdina lortzea produktu ezberdinekin.

Ez zaie adorerik falta, ordea, itxuraz ahulgune izan zitekeena bertute delakoan baitaude: «Jatetxe askotara beti produktu bera iristen da. Guk, berriz, moldatu ahal izateko oso ondo menperatu behar ditugu teknikak eta elikagaiak; horrek ezberdintzen gaitu».

Kanpoko janaria modan dagoela ere uste dute, eta lekua hartu diola bertakoari: «Donostian errazago bilatuko duzu karabinero bat, bertako aza bat baino; eta Atlantikoan ez dago karabinerorik». Tolosara etorrita gauza bera gertatzen dela iruditzen zaie, hots, errazagoa dela jatetxe batean guakamolea topatzea, babarrunak baino. Horren ondorioz, galtzen edo pobretzen ari omen da zapore erregistroa, jendeak beti zapore berdinetara jotzen duela-eta.

 

«Bezeroei ia exotikoa iruditzen zaie bertako eta garaiko janaria jatea»



Kezkatuta hitz egin dute elikadura ohituren inguruan: «Bezeroei ia exotikoa iruditzen zaie bertako eta garaiko janaria jatea». Gustu artifizialak gailendu direlakoan daude, eta «egiazkoak» jasotzean, «sekulako estimulua» bihurtzen direla. Zalantzaz, galdera egin diote elkarri: «Zer momentutan iritsi gara hontara?». Argi dute, ordea, erantzuna: «Gure lana da, ahal dugun neurrian, horri buelta ematea».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!