Otsailaren 9an Tolosan uholde arriskua murrizteko Zubiberria eraitsi eta zubi berri bat eraikitzeko asmoaren berri eman zuen Olatz Peon alkateak Ura Agentziako teknikariekin egindako agerraldian. Albistearen berri izatean EH Bilduko kideak «zur eta lur geratu» zirela esan dute; «tolosar askok abenduaren 28a izango ote zen ere pentsatu genuen, Inuzente Eguna. Ordura arte ez zuen inork proiektu honen berri».
Koalizioak salatu du sinesgaitza dela horrelako proiektu bati buruzko informaziorik ez izatea, eta EH Bilduko zinegotziek ere prentsaurrekoa baino 15 minutu lehenago jaso zutela informazioa. «Hori gutxi balitz, proiektuari alegazioak jartzeko epearen erdia igaro ondoren eta inauterien atarian eman zen argitara», gaineratu du.
EH Bildutik esan dutenez, berria jakin bezain pronto hainbat galdera etorri zitzaizkien burura, «beste tolosar askori bezala»: Noiztik zuen udalak honen berri? Nola da posible horrelako garrantzia duen proiektu bat horrela iragartzea? Zergatik ez da lehenago eman honen berri? «Horrelako obra batek denbora luzea behar duen aldez aurretiko lanketa sakona behar du, beraz, udal gobernu honek denbora izan du egindako azterketak herritarroi aurkezteko eta interbentzioaren beharra azaldu eta justifikatzeko».
Gaiaren inguruko informazioa bilatzen hasita ikusi du koalizioak Ura Agentziak 2016an Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana 2015-2021 argitaratu zuela. Plan horretan, besteak beste, Tolosarako proposamenak biltzen dituen neurrien justifikazio dokumentua dagoela aipatu dute. Dokumentu horretan neurri ezberdinak proposatzen dira, eta tartean Zubi Berria eraistea. «Baina, zazpi urte behar izan ditu gobernu honek tolosarrei lehen berria emateko, aurretik dokumentu hau aurkeztu eta bertan azaltzen ziren neurrien azalpenik eman gabe, testuingururik gabe, alegia».
Bada, EH Bilduk salatu du zubiaren eraisketaren berri duela hilabete batzuk zuela udal gobernuak: «prentsatik jakin dugunez, obrak ekainean hasiko dira, hilabeteak dira informazio hori udal gobernuaren esku zegoela, eta jakinda honek herritarren egunerokoan suposatuko dituen eragozpenak izugarriak izango direla...». Era berean, Zumarditxikia eraberritzeko lanekin batera egingo ote den ere galdetu du: «Beraien asmoa Zumarditxikiko lanak aldi berean egitea al da? Hala balitz, gardentasun faltaz gain, planifikazio falta ikaragarria adieraziko lukete Tolosaren egungo kudeatzaileek».
Ildo horretan, zubiaren eraisketaren ondorioen inguruko lanketa oraindik ez dutela egin uste du EH Bilduk: «Zubia itxita edukitzeak trafikoan eragin ikaragarria izango du, autoen zirkulazioan, garraio publikoaren zerbitzuetan edota taxien joan etorrietan, eta susmoa dugu oraindik ez dela gai hau mahi gainean jarri ere egin. Beste askotan bezala, azken unera arte itxaron behar al dugu?».
Koalizioak dioenez, udal gobernuak «beste behin gardentasun falta» erakutsi du. «Urrutira joan gabe, eta zubien gaia alde batera utzi gabe, Larramendi/Belateko zubiaren afera ere hor dugu. Azpiegitura berri honen beharra eta egokitasuna oso zalantzagarriak izateaz gain, egun lanak geldirik jarraitzen dute proiektua aldatu bitartean, herritarrak behar bezala informatuak izan ez zirelako». Herriaren kudeaketa «herritarrekin batera» egin behar dela dio EH Bilduk, «eta ez bulegoaren bakartasunetik».