Tolosako Udalak «gatazka saritu duela» salatu dute

Ataria 2023ko otsailaren 14a

Hainbat eragile eta norbanakok adierazi dutenez, inauterietan Plaza Berrirako aurkeztu zuten proiektua «baztertu» egin du Tolosako Udalak.

Urtarrilaren 28an, hainbat eragile eta norbanakok Tolosako Plaza Berrian inauterietan proiektu berri bati ekiteko asmoa iragarri zuten: «festa euskaldun, feminista eta anitzen aldeko apustua egiten genuen». Horrez gain, euren esanetan, festa gune horren alde egitean, inauterietako txosna kokalekuaren inguruan «hilabeteetan hauspotutako gatazkari» irtenbide bat eman zioten.

«Festa gunearen antolakuntzari eta funtzionamenduari zegokionean, ahalik eta parte hartzaileenak eta zabalenak izatea planteatzen genuen», esan dute eragile eta norbanako horiek, Euskal Pizkundea parkean arratsaldean egin dute agerraldian. Gunearen ezaugarrien inguruan, aldiz, ondorengoa zehaztu dute: «Herriko jaietan integratua egongo zen gune bat, edozein tolosar eroso sentituko litzatekeen gune bat planteatzen genuen. Era berean, oso konplexua izanagatik, Alde Zaharreko bizilagunekin errespetuzko tratu bat izan nahiko lukeena».

«Udal gobernuak jakingo du zergatik baztertu duen proposamena»

Euren «gogoz kontra», proiektu hori ezingo dela gauzatu esan dute: «Plaza Berrian gune berri hau antolatzeko apustua egin genuenean, ustez, inork nahi ez zuen plaza baten aldeko apustua egiten genuen. Gure filosofia eta aurreikusten genuen gunearen proposamen bat ere aurkeztu dizkiogu bai udalari eta baita herriari ere».

Udalak eredu hori «baztertu» egin duela salatu dute agerraldian zeuden eragile eta norbanakoek, «eta saritu parte hartzearekin eta zabaltasunarekin kasik antagonikoa den eredu bat, Plaza Berriarekin ustez bateraezina zen eredu bat». Hausnarketa bat ere plazaratu dute: «Udal gobernuak jakingo du zergatik saritu nahi izan duen gatazka, zergatik egin dien men azken hilabeteetan herriko giroa zapuztu duten haiei. Denborak esango du».

Amaitzeko, bideak aurrera jarraitzen duela azpimarratu nahi izan dute: «Gu aurrera goaz, eta gauzak horrela, urtarrilaren 28an iragarri genuen moduan, aurtengoa bide baten hasiera besterik ez da. Horregatik, ideia honekin, filosofia honekin bat egin dezaketen eragile edota norbanakoei gurekin elkarlan bat garatzera gonbidatzen ditugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!