Pizkundea plazan bildutako eragile eta norbanakoek esan dute argi dutela Euskal Herria plaza dela edozein motatako festa antolatzeko tokirik egokiena, herriko plazarik handienetakoa delako eta gainera Alde Zaharrean dagoelako, eta horregatik dela ekitaldiak antolatzeko gehien eskatzen den plaza, «baina ulertzen dugu ere, gure herrian antolatzen diren festen zama ezin dela beti berberen gain erori, are eta gehiago Tolosa bezalako herri bizi batean». Gaineratu dute herritar guztiek dutela inauteriez gozatzeko eskubidea, eta eskubide hori «guztiz zilegiak diren eragileon eta norbanakoon beharrekin uztartzen saiatu behar» dela. «Horregatik pentsatzen dugu tolosar guztiok gure herriko jaiez gozatzeko dugun eskubidearen logikatik, Tolosako Udalak egin duen txandakatze proposamena frogatzea merezi duen bide bat dela. Denborak esango digu bide hau egokia den ala ez». «Jakitun gara abiatzear gauden bide hau ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Beste urte batzuetako esperientzia badugu, baina Plaza Berrian bide berri bati ekitera goaz», gaineratu dute.
Hainbat gune
Gogoratu dute azken 45 urteetako inauterietan beti egon dela «mota guztietako aldarrikapenak edota berdintasunean oinarritutako baloreak jaiarekin uztartu dituen festa gune herrikoien bat, izan Plaza Berrian, Alondegia plazan edota Euskal Herria plazan, eta izan bajera formatuan, txosna formatuan edota karpa formatuan».
Gaineratu dute inauteri euskaldun, feminista eta ikuspegi kultural batetik ahalik eta anitzenak nahi dituztela, eta horregatik «euskaran, parekidetasunean edota aniztasunean oinarritutako baloreak, gure herriko inauterietara erakutsiko dituen gune baten aldeko apustua» egiten dutela.
Inauteriak ondo pasatzeko une bat direla esan dute eta badakitela horrelako festa batek ondorioak ere badituela «bereziki Alde Zaharreko bizilagunek pairatzen dituztenak; zalaparta, jende pilaketa...». Baina azpimarratu nahi izan dute festen ondorio horien zama beti ezin dela bizilagun berberen gain utzi.
Era berean, bestelako eragile eta norbanakoei egin diete dei otsailaren 3a baino lehen eurekin harremanetan jartzeko inauteri.herrikoiak@gmail.com posta elektronikoaren bidez «bidaia lagun» izateko.