Zumarditxikiari buruzko azken proposamena «zehaztasun gutxikoa» dela dio EH Bilduk

Ataria 2023ko ots. 8a, 18:00

Zumarditxikiko proiektuaren maketa

Tolosako EH Bildurentzat berri pozgarria da udal gobernuak esan izana Zumarditxikian edozein interbentzio egiten hasi aurretik, aparkalekuen gaiari irtenbidea emango zaiola. Baina gogorarazi du legealdi hasieratik jakina zela Zumarditxikitik ibilgailuak atera beharko zirela eta «amaitzear den gobernu honek ez du azken unera arte arazoari irtenbide bat emateko proposamenik egin».

Udalak egindako azken planteamenduak Zumarditxikiren proiektua gelditu eta birplanteatzearen aldeko ahotsei aukera ematen dietela uste du Tolosako EH Bilduk, horrela «tolosarrek benetan nahi duten etorkizuneko Zumarditxikia irudikatzeko». Baina gogoratu du «berandu eta aldebakartasunez» egin dela, aldez aurretik inplikatutako herritarrekin harremanetan jarri ere egin gabe. Azken proposamen hori ere «zehaztasun gutxikoa» izaten jarraitzen duela uste du.

Esan du berri ona dela ...guztion iritziak jaso ondoren, elkarlanean, proiekturik onena aurkezteko eta aurrera eramateko... esaldia irakurtzea, baina nabarmendu du horri bidea eman behar zaiola. «Borondatea azaltzearekin ez da nahikoa. Ikusi beharko dugu nola jasoko diren iritziak, zein metodologia erabiliko den elkarlana bultzatzeko eta bideratzeko, nola hartuko diren erabakiak, proiektua aldatzerik dagoen edo halabeharrez egun dagoen proiektuaren gainean egin beharko ditugun ekarpenak... Benetako parte hartzea sustatuko den, alegia. Eta nola ez, jakin beharko dugu lanak noiz arte atzeratzeko prest dauden».

Legealdi osoan Alde Zaharrak dituen premiak mahai gainean jartzen eta errealitate horri aurre egiteko auzoaren biziberritze plan integral bat eskatzen daramatela salatu dute, era berean. «Azken aurrekontuetarako egin genituen proposamenen artean sartu genuen berriz ere plan honentzako diru partida, behingoz, gobernuak gure ekarpena begi onez ikusi eta 60.000 euro onartu zituen horretarako», gaineratu dute. Erronka horiei guztiei denen artean aurre egiteko gai izatea espero du EH Bilduk «bizilagunek azaldu duten elkarlanerako prestutasunarekin abiapuntu ezin hobea ezarri dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!