Aparkaleku alternatiba berriak aurkeztu dizkie udalak Alde Zaharreko bizilagunei

Ataria 2023ko ots. 2a, 18:00

Udalak, Zumarditxikiko 100 aparkalekuak lur azpiko aparkalekuetan bizilagunentzat erabilgarri jartzeaz gain, TAOa zabaltzeko aukera aztertzen eta Arrillagako aparkalekuan (Larramendi) Alde Zaharreko bizilagunak ere lehenesteko proposamena lantzen ari da.

Alde Zaharreko bizilagunen ekarpenak eta eskaerak jaso eta aztertu ostean, Zumarditxikiko 100 aparkalekuak, Lapurdi eta Alondegiako lur azpiko aparkalekuetan Alde Zaharreko bizilagunentzat erabilgarri jartzeaz gain, udalak egonaldien kostua hobiratuz, beste bi aukera jarri ditu mahai gainean: Batetik, TAOaren zabalkundea aztertzea Alde Zaharreko bizilagunek eremu gehiagotan aparkatzeko aukera izan dezaten, eta bestetik, Arrillagako aparkalekuen laster abiatuko den esleipen berrian, Alde Zaharreko bizilagunen eskura jartzea hainbat plaza. Udala, Arrillagako aparkalekuen zozketarako baldintzak zehazten ari da, naiz eta Larramendiko auzotarrek lehentasuna izango duten horien zozketan, Alde Zaharreko bizilagunekiko diskriminazio positiboa aplikatzea aztertzen ari da udala.

Epe ertainera begirako aparkaleku proposamenak ere bai

Epe motzerako alternatiba horiez gain, epe ertainerako egitasmoak ere lantzen ari da udala: Santa Klara- Izaskungo aldaparen eremuan aparkalekua sortzeko aukera esaterako, hurrengo legealdian garatuko litzatekeena, Alde Zaharrari zein herriari zerbitzu emango dion aparkaleku berria sortzeko helburuarekin. Halaber, Lapurdiko lur azpiko aparkalekua berreskuratzean, errotazio-aparkalekuak eta bizilagunentzako, egoiliarrentzako aparkalekuak ezartzeko aukera ere aztertzen ari dira.

Aparkalekuen lanketa amaitu bitartean, Zumarditxikiaren proiektuan ez da urratsik emango. Zentzu horretan, alkateak adierazi du, herritar guztien iritzi eta ekarpenak jaso ondoren, proiektua landu duen arkitekto eta ingeniariekin elkartzeko asmoa dutela proiektua berraztertu eta jasotako ekarpenak txertatzeko egon litezkeen aukerak aztertzeko.


 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!