Antxon Elosegi izendatu dute Kabi-Alai Kuttuna

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko ots. 7a, 19:57

Enpresari eta artista tolosarrari egokituko zaio aurtengo inauteriei hasiera ematea. Tolosako pertsonaia ezagun horietakoa da, inauteriak «oso kuttun» dituen herritarra.

Tolosako Kabi-Alai elkarteko bazkide talde batek urtero tolosar bat aukeratzen du, inauteriei egindako ekarpena aitortu eta urte horretako inauteriei hasiera emateko ohorea izan dezan. Aurten, Antxon Elosegi aukeratu dute.

Elosegik Tolosako Ekinbide Etxearen sorreran parte hartu zuen duela mende erdi, eskulturak herrian lekua izan dezaten lan handia egin du, eta zezenketetan ere bere arrastoa utzi du. Hamabost urtez Tolosako zezen plazako enpresaria izan zen, 1991tik 2004ra, eta bi aldiz guztiz betetzea lortu zuen, 1992an eta 1999an.

2018ko abenduan elkarrizketatu zuen ATARIA-k Elosegi. Orduan, ondorengoa esan zuen inauteriei buruz galdetutakoan: «Inauteriak ere ikaragarri gustatzen zaizkit. Txikitatik gustatu izan zait, eta gaur egun ere ateratzen naiz mozorrotuta. Iaz ere txarangarekin (Kabila) atera nintzen zezen plazan itzulia emanez. Oso kuttun ditut inauteriak». Gaurko ekitaldian ez da elkartean izan, baina Ostegun Gizenean udaletxeko balkoian izango da.

Tolosako pertsonaia ezagun horietakoa da. Enpresaria izateagatik, kultur munduan aritzeagatik, zezenketetan murgilduta egoteagatik… Geldirik ez baino, beti mugimenduan egotea da bere ezaugarrietako bat, eta 90 urterekin ere, nahiago du, ahal duen neurrian, gustuko duen horretan aritu. Omenaldi ugari egin dizkiote azken urteetan, baina gutxi izango ziren hau bezain bereziak. Berari egokituko zaio aurtengo inauteriei hasiera ematea.

Tolosako inauterien oinarri

Inauterien bilakaeran partaide izan den tolosar bat saritu nahi izan dutela adierazi dute Kabi-Alai elkarteko bazkideek:  «Espainiako gerraren ondorengo debekuak desafiatu behar izan zituzten Antxon eta zenbait tolosarrek festa hauei eusteko. 1950ko hamarkadan ez ziren gaur ezagutzen ditugun inauteriak existitzen, debekatuta zeudelako, baina Udaberriko Jaiak bezala izendatu, kartelak sortu, programazioak atera eta jaia mantentzea lortu zuten, debekuari ihes eginez».

Tolosako Ekinbide Etxeari esker, Elosegik inauteriek duten oinarri kultural zein sentimentalari eutsi diola ere nabarmendu dute. «Gaur egun ere horretan ari da, hain maitea duen Kabilatik, Iñaki Goikoetxea Sariak sortuz, konpartsa txikiak bultzatuz eta etorkizuneko inauterien oinarriak eraikitzeko lan eginez. Tolosako Inauterien oinarri zarelako, zuretzat, Antxon, gure eskerrik beroena», esan dute.

Aukeraketa «ezin hobea»

Izarne Iglesias Tolosako Udaleko kultura zinegotziak barkamena eskatu du hitza hartu aurretik. Izan ere, udalak aste honetan zehar Tolosako etxeetan banatu dituen esku-orrietan (egitarauak) jada ematen da Antxon Elosegiren izendapenaren berri. «Espero zena baino lehen heldu dira esku-orriak etxeetara, eta beraz, barkamena zor diegu elkarteko kideei».

Aurtengo Kabi-Alai Kuttunaren aukeraketa «ezin hobea» dela aitortu du. «Herri honi egin dion ekarpenagatik, herriaren alde hainbat esparrutan egindako lanagatik, inauterietan ondare kulturalaren sustatzaile izateagatik eta bere lan oparo eta eskuzabalagatik. Aurtengo omenaldia eta herriaren eskertza, beraz, merezimendu osoz, berarentzat izango da».

Azkenik, inauteriak herritik eta herriarentzat antolatzen diren festak direla nabarmendu du. «Eragile askok parte hartzen duten inauterien antolakuntzan eta horietako bat, garrantzitsuenetakoa, Kabi-Alai elkartea da». Ostegun Gizena, gainera, «egun berezia» izaten dela gaineratu du. «Urte osoan zehar txupinaren momentua noiz iritsiko zain egoten gara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!