Tolosako pertsonaia ezagun horietakoa da. Enpresaria izateagatik, kultur munduan aritzeagatik, zezenketetan murgilduta egoteagatik… Geldirik ez baino, beti mugimenduan egotea da bere ezaugarrietako bat, eta 86 urterekin ere, nahiago du, ahal duen neurrian, gustuko duen horretan aritu. Berriki omendu egin dute. Aranburu jauregian Gaur eta hemengo eskultoreak erakusketaren inaugurazioan artisten eskutik omenaldia jaso du Antxon Elosegik Tolosan eskultura zabaldu eta ezagutarazteko egin duen lanarengatik.
Kulturaren alorrean egindakoagatik aipamena jaso duzu. Zer sentitzen da?
Gaztetatik izan naiz herriaren aldeko ekimenak bultzatzekoa. Beharrezko ikusi dut gauzak egitea, ez soilik nire bizitza aurrera ateratzeko, baita herritarren alde egiteko ere. Kulturari eman diot garrantzia, zabaltzen diren baloreengatik, pertsonenganako elkartasuna eta errespetua, esaterako. Duela 50 urte jaio zen Tolosako Ekinbide Etxea. Lagun batzuk hasi ginen mugimendua sortzen. Hortik aurrera zuhaitz baten moduan, adar asko sortzen eta hedatzen joan dira, hala nola, abesbatzak, txotxongiloak eta eskulturak. Gauza gehiago ere egiten ziren, baina, horiek dira geratu direnak, egonkortuta. Herriaren ondasun modukoa dira. Niretzat omenaldi handiena da pentsatzea mugimendu horretan baikortasunez egon naizela ni.
Ez zara zu geldi egotekoa.
Ez. Jatea beharrezkoa den moduan, beti zerbait egitea beharrezkoa izan da niretzat. Beti izan dut gauza berriak egiteko nahia, eta ez geldirik egotekoa. Horregatik, gazteei mezu hori zabaltzen diet, alegia, kexatu baino, aurrera egiteko, gauza asko egin daitezkeelako. Bakoitzak bere mailan gauza asko egin ditzake. Proiektuak pentsatu eta prestatu daitezke, eta horretarako, gogoa eta maitasuna beharrezkoak dira. Dirurik ez dagoela pentsatuta atzera egiten da askotan, baina saiatu egin behar da, eta zure buruan duzun ideia horretan sinesten baduzu aurrera aterako da. Gu ia dirurik gabe hasi ginen gure hastapenetan.
Nondik datorkizu eskulturarekiko eta kulturarekiko zaletasuna?
Betidanik sentitu dut. Gazte nintzela hasi nintzen elkarteetan mugitzen. Inauteriekin, esaterako, modu batera izaten ziren, eta gu hasi ginenean beste zentzu bat eman behar zitzaiela uste genuen: 70ean abestien partitura guztiak bildu genituen, Juanito Garmendiarekin liburu bat egin genuen, Berdura plazako kontzertuaren antolaketa... Gerra bukatu ondorengo garaia zen, eta inauteriei beste maila bat eman behar zitzaiela uste genuen. Kirolaria ez naiz izan, kulturaren bidetik jo dut. Aitarengandik tolosarra izateko sentimendua jaso nuen, eta horregatik nire herriarengatik gauzak egitea gustatu izan zait eta gustatzen zait oraindik aukera dudanetan.
Oraindik ere, beraz, gelditu gabe jarraitzen duzu.
86 urte ditut. Oso umoretsua naiz, eta txantxak asko gustatzen zaizkit. Nik jendeari esaten diot hamalau falta zaizkidala oraindik, nire helburua 100era iristea baita. Beraz, oraindik denbora badut gauzak egiteko, hori betetzen bada.
Tolosarra izatea aipatu duzu. Tolosar izatea nola azaltzen da?
Lehendabizi pertsona izan behar da, emakume edo gizona. Bertan, Tolosan, jaioz gero, nire sustraiak tolosarrak dira. Nire oinarria hor dago, eta normala da sustrai horiek gorantz jotzea. Duela 100 urte Tolosak indar handia zuen, paper fabrika, inprenta... Kultur mailan indarra zuen, baina, uste dut ez dugula gehiegi edan garai hartako tolosarrek egin zutenetik. Gauza asko egin ziren, industria asko zegoen, eta oso garrantzitsua zen herri moduan. Iritsi dira, noski, garai hartako sustraietatik adarrak gaur egunera, baina, ez agian, garai hartako maila berean. Zentzu batean pixka bat geratu egin da. Gipuzkoa mailan garrantzitsuagoa zen lehen.
Hein batean hortik etorri zen Tolosako Ekinbide Etxea bezalako ekimenak sortzeko beharra?
Bai. Ikusten genuelako gure gurasoen edota aitona-amonen garaian Gipuzkoako gainerako herrien aurrean gailendu egiten zela Tolosa. Lagun talde bat elkartu eta hasi ginen ideia sortzen eta garatzen. Nik talde lana nabarmentzen dut beti. Batek ideia oso onak izan ditzake, baina, ez badu jendearen babesa, laguntza, ilusioa eta lanerako gogoa zaila da horiek aurrera ateratzea.
Lantalde horretako kideak izango dituzu gogoan.
Bai, asko, gainera. Joxe Mari Goñi, Joxe Migel Zeberio, Mitxel Perales, Migel Arretxe, Juanito Jauregi, Juan Jose Arsuaga, Juan Inazio Elosegi, Penilla, Ixiar Orbea, Rosario Zeberio, Maria Jesus Lopez, Izaskun Garate... Talde bat ginen. Gainera, urte haietan horrelako zerbait jaiotzea oso zaila zen. 70eko hamarkadan ginen, garai zailak ziren, Burgosko prozesua tartean, beraz, pentsa. Guk aurrera egin genuen, pentsatzen genuelako Tolosan kultur arloan lana zegoela egiteko. Iparragirrek zioen moduan kultura eman eta zabaldu behar genuela iruditzen zitzaigun. Abesbatza bazegoen, baita konposatzaileak ere, eta gure ideia zen ez soilik herrian bertan egitea, baita herritik ateratzea ere. Eta, pentsa noraino iritsi garen. Urte hauetan guztietan mundu osoko ia 900 abesbatza igaro dira Tolosatik, eta guztiek izan dute euskaraz abesteko eginkizuna. Baina, hasiera oso gogorra izan zela ez da ahaztu behar.
Nola egiten zenuten lan hasiera haietan?
Amateur moduan egiten zen dena. Ez zen orain bezala. Guretik jarri behar izaten genuen askotan. Garai hartan diru laguntzak ere ez ziren izaten.
Pasa den urtean bete zituen Tolosako Ekinbide Etxeak 50 urte. Omenaldiak ere izan ziren urteurrenagatik, eta txapela ere jantzi zizuten lehendabiziko presidentea izateagatik. Hasiera haietan espero al zenuten iritsi deneraino iristea?
Ez. Hasieran ilusio handiz hasten zara, baina noraino iritsi daitekeen ezin zen pentsatu. Hori bai, iparra ikusten genuen, hau da, garbi genuen norantz egin nahi genuen: Mundura atera nahi genuen gure kultura.
Aurten, berriz, mende erdia bete du Nazioarteko Abesbatza Lehiaketak. Izan al zara aurten Leidorren?
Bai. Hutsik egin gabe.
Ba al da alderik hastapeneko urteetatik?
Gaur egun, oso-oso teknikoa da. Hasiera hartan humanismoa edo sentimenduari ematen genion garrantzia. Aldaketa oso handia nabaritu da. Lehen 20 urteetan humanista zen gehiago, eta ordutik teknikoagoa da. Eta, agian, bizitzako gainerako gauzekin antzeko zerbait gertatu da. Bi alderdiak beharrezkoak dira nire ustez, sentimendua eta arlo teknikoa. Bihotza jartzea gauzei beharrezkoa da. Bien arteko oreka bilatzean dago kontua.
Urteko zure hitzordu garrantzitsuetakoa al da?
Asko daude. Ekimen handiak izan gabe, gauza txikiak ere badira bihotzera iristen direnak. Gauza txikiek ere ematen diete zentzua gure bizitzari, horregatik ez nuke jakingo garrantzitsuenen artean aukeratzen.
Zer gauza txikik elikatzen dute zure bizitza?
Hamabost urtez, esaterako, Tolosako zezen plazako enpresaria izan naiz. Afizio handia izan dut zezenekiko. Gazte nintzela Tolosan afizio handia zegoen. Bitan bete nuen Tolosako zezen plaza, sarrerarik gabe geratu zen bi zezenketatan. Tolosako zezen plazari munduko handiena ezizena jarria diote ez delako betetzen, beraz, lorpen handia da. 92an eta 99an 5.000 pertsonarekin bete zen, kanpotik ere etorritako jendearekin. 1991 hasi nintzen ni zezenketak antolatzen, eta 2004. urtera arte egon nintzen.
2003. urtean 100 urte bete zituen zezen plazak.
Hain justu, horregatik jarri genuen Tomas Hernandez Mendizabalen zezenaren eskultura plazaren kanpoaldean. Herriaren zentzua du, izan ere, zezenarekin txarangaren kapela eta apustuen edo herri kirolen harriak ditu. Plaza, hori baita: zezenak, inauteriak eta herri kirolak.
Hiru horien zale al zara?
Zezenketen zale naiz. Badakit gaur egun ez dagoela lehen bezain ondo ikusia, baina, ni ez naiz eztabaida horretan sartzen. Uste dut gai askotan bezala, ezagutu gabe hitz egiten dela maiz zezenketen inguruan. Inauteriak ere ikaragarri gustatzen zaizkit. Txikitatik gustatu izan zait, eta gaur egun ere ateratzen naiz mozorrotuta. Iaz ere txarangarekin atera nintzen zezen plazan itzulia emanez. Oso kuttun ditut inauteriak. Eta, herri kiroletan aizkora gustatzen zait. Estetikoki ere ederra iruditzen zait.
Tolosa eskulturaz beteta dago. Baina, atzera eginez, horien hasierak ere ez dira beti errazak izan. Trianguloko Atautsek, adibidez, polemika sortu zuen herritarren artean.
Museoetara ez dira gehiegitan joaten herritarrak, beraz, artelanak kalera ateratzea, eta horiekin bizitzea pentsatu zen. Eta, nolabait, probokatzea, eztabaida edo zeresana sortzea. Eta, sortu zuen, polemika, baina, gaur egun, paisaiaren parte da.
Eskultura askok sortu dute zeresana, lekuari dagokionean, esaterako, Bentaundikoa, kasu.
Zaila da gaur egun ulertzea, hura une eta testuinguru zehatz batean izan baitzen. Pardines eta Etxebarrietarekin gertatua kontuan hartuta, zerbait egiteko nahia eta beharra ikusten zen. Oteizak eskultura bat egin nahi zuen eta berak esan zuen kokalekuak hura behar zuela izan. Triangulokoa eta Bentaundikoa egin zituen aldi berean. Oso artista berezia eta interesgarria zen. Berak esandako gauza asko geratu zaizkit buruan, eta horietako asko denborarekin konturatu naiz garrantzi handikoak direla.
Oteizarekin bezala harremana izan duzu artista askorekin.
Nestor Basterretxearekin adiskidetasun handia izan nuen. Iñaki Epelderekin ere bai, eta pena izugarria sentitu nuen hura joan zenean. Jakintsua zen, pertsona goxoa eta berezia.
Asko ikasi zenuen artista hauetatik.
Bai. Kultura errespetua da, baina, kultura ez da isilik egotea. Gogoeta eta eztabaida egitea da, eta beti buruarekin, zentzuarekin.
Ia gaur egunera arte egon zara Topic-en, aholkulari batzordeko kide moduan.
Gaur egun tarteka izaten naiz, baina, iruditzen zait lekukoa pasa behar zaiela gazteei.
Kulturan asko mugitu zara, eta baita, munduan zehar ere.
Bai. 35 urterekin utzi nuen motoa, eta 75 urterekin berriro ere moto bat erosi nuen. Azken hamar urtetan Espainian zehar kilometro ugari egin ditut moto gainean. Cid Campeadorren ibilbidea, Kixotearena, Transpirenaica, Zilarrezkoa… 125eko motor gainean hori guztia. Herri txikietan geldialdiak eginez egin ditut ibilbide horiek, eta asko ikasi dut bertako herritarrekin hitz eginez. Izan ere, historiak ez duela ezertarako balio esaten da, baina, historia ez dakienak ez daki ezer.
Elkartasun mailan egin duzun ekarpena ere aipatzekoa da.
Hori egokiagoa izaten da norberak gehiegi ez zabaltzea, egin behar direlako egiten direlako, ez gero horretaz hitz egiteko. Dena den, bat nabarmentzekotan, Andeetan maputxeekin izan nuen egonaldia aipatuko nuke. Oso polita izan zen, eta zer pentsatua eman zidan. Duela hamar urte joan nintzen, eta euren bizimodua bertatik bertara ikusteko aukera izan nuen. Tolosarra den Iñaki Arriola eskolapioak gonbidatuta joan nintzen, eta handik bi proiekturekin itzuli Tolosara, eta gauzatu ahal izan ziren. Beti pentsatu izan dut laguntzeko biderik egokiena, diruz laguntzea baino gauzak egiten erakustea dela.
Nola ikusten duzu gaur egungo Tolosa?
Niri beti gustatzen zait gauzak hobeto joatea, hobera egitea eta horregatik, kritikoa naiz. Tolosari buruz, bi puntu aipatuko nituzke. Batetik, industria galdu duela esango nuke. Lursailik ez zegoelako gertatu dela esaten zen, baina, ez zait iruditzen gaur egungo teknologiarako lursail handiegirik behar denik. Horretan atzetik goaz, ez da saltorik eman eta iruditzen zait herri honetan ezaugarri asko dituen jendea dagoela. Jarraikortasun modukoa dago. Lehen aipatu moduan, duela 100-120 urte zer zen Tolosa edo orain alde handia dago. Bestetik, merkataritzan lan handia egin da, baina, zaila da aurrera egitea gaur egungo lehiakortasunarekin. Donostia hor dago, gertu eta ez da erraza horrekin lehiatzea.
Kultura mailan nola ikusten duzu?
Alor horretan hobeto dagoela iruditzen zait. Tolosako Ekinbide Etxearen ekimenak aipatu ditugu, baina, beste asko eta asko dira. ATARIA bera ere hor dago, eta azpimarratzekoa da. Gauzak egiteko dirua garrantzitsua eta beharrezkoa da, baina, beste ezaugarri batzuk lehenago jarriko nituzke zerrendan. Bizitzan ere nire lehentasunezko zerrenda horrela osatzen dut: osasuna, maitasuna, umorea eta dirua azkenik.