San Ignazioko erietxearen aztarnen berreskuratze lanen ekitaldia

Ataria 2023ko otsailaren 6a

Miserikordia Zaharreko erietxearen lan guztiak auzolanean egiten egon ostean, pasa den igandean, otsailak 5, horiek ikusteko aukera egon zen auzolanean ari diren lagunen eskutik San Ignazio etxetik abiatuta. Ekitaldian, Iñaki Alonso Indiori, omenaldia egin zioten eremuan dauden putzuen aurkikuntzan egindako ekarpenagatik. 

San Ignazio etxea mendizaleen atseden gunean izan aurretik, tuberkulosoentzat ospitalea izan zela diote historialariek. Urteen poderioz, ordea, eremua bertan behera geratu zen, baina, azken urteotan, herritar talde bat eta hainbat boluntario auzolanean aritu dira bertako aztarnak garbitu eta eremua berreskuratzen.

2018.urtetik, San Ignazio etxearen aztarnetara eta Uzturreko putzuetara egin zuten lehen irteera izan zen pasa den igandekoa. Auzolanean ari diren lagunen eskutik, San Ignazio etxean bertan elkartuta, bertako berreskuratze lanez gozatzeko aukera izan zuten. Erakustaldiaz haratago, gainera, bertaratu zirenek hamaiketakoaz gozatzeko aukera izateaz gain, haurrentzat eskalada erronka bat ere antolatu zen, aterpearen ondoan egin den rokodromoan.

Ekitaldiaz baliatuta, tolosar guztien izenean, Tolosako Udalak duela urte bete zendu zen Iñaki Alonso Indio omendu zuen. Amarotzeko natura zale eta espeleologoa izan zen, eta 2016. urtean sasien azpian ezkutatua zeuden Uzturreko ur-jauzia eta putzuak dauden eremua aurkitu eta azaleratu zituen berak. Orduz geroztik, Indio oso lotuta egon zen eremu honetara eta berreskuratze lanetan parte hartu izanagatik, merezitako omenaldia jaso zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!