Miserikordia Zaharraren erietxearen aztarnen berreskuratze lanak erakusteko ekitaldia

Ataria 2023ko ots. 1a, 14:30

San Ignazio Etxea

Azken bisita gidatua 2018an egin zen eta orduz geroztik hainbat urrats berri egin dira. Lan guztiak, auzolanean egiten ari dira eta datorren igandean, otsailak 5, horiek ikusteko aukera egongo da auzolanean ari diren lagunen eskutik 12:00etan San Ignazio etxetik abiatuta. Ekitaldiaren baitan, halaber, Iñaki Alonsori Indio, omenaldia egingo diote, eremuan dauden putzuen aurkikuntzan egindako ekarpenagatik. 

Miserikordia Zaharraren erietxea tuberkulosoentzat ospitalea izan zela diote historialariek. Aurrerago eraikin hori baserria izan zen, San Ignazio etxea, alegia, eta mendizaleek atsedenleku gisa erabiltzen zuten. Urteen poderioz, ordea, eremua bertan behera geratu zen, baina, azken urteotan, herritar talde bat eta hainbat boluntario auzolanean aritu dira bertako aztarnak garbitu eta eremua berreskuratzen.

San Ignazio etxearen aztarnetara eta Uzturreko putzuetara lehen irteera duela 5 urte egin zen jada, hain zuzen bertako iturria eta merendero edo atsedenlekua aurkitu eta berreskuratu zirenean. Orduz geroztik baina, auzolanak aurrera jarraitu du eta hainbat lan gehiago egin dituzte. Horien artean aipagarriak dira: egurrezko aterpea, mahai panoramikoa edota umeentzako rokodromoa eraikitzeko lanak, San Ignazio etxearen pareten egonkortze lanak, terrazen garbiketa, San Ignazio etxeko umeek ikastolara joateko erabiltzen zuten bidezidorraren berreskuratzea, Tolosako bista paregabeak eskaintzen dituen egurrezko bankua egitea… Lan horiek guztiak auzolanean, modu desinteresatuan lanean diharduten herritarrei esker lortutakoak dira: Migel Anjel Bermudez, Nikasio Arana, Santi Soler edota Iñaki Elduaien dira, beste hainbat lagunen artean. Ia egunero bertan lanean aritzen diren pertsonak.

Berreskuratze lan horiek guztiak ezagutzeko aukera izango dute herritarrek datorren igandean, otsailak 5, auzolanean ari diren lagunen eskutik. Hitzordua 12:00etan izango da, San Ignazio etxean bertan elkartuta. Erakustaldiaz haratago, gainera, bertaratzen direnek hamaiketakoaz ere gozatu ahal izango dute eta animatzen diren haurrentzat eskalada erronka bat ere antolatu da, aterpearen ondoan egin den rokodromoan.

Iñaki Alonsori omenaldia
Iñaki Alonso Indio duela urte bete zendu zen, 50 urterekin. Amarotzeko natura zale eta espeleologoa izan zen eta 2016. urtean sasien azpian ezkutatua zeuden Uzturreko ur-jauzia eta putzuak dauden eremua aurkitu eta azaleratu zituen berak. Orduz geroztik, Indio oso lotuta egon da eremu honetara eta berreskuratze lanetan parte hartu izan zuen. Horregatik Tolosako Udalak igandeko ekitaldia baliatu nahi du bera omendu eta tolosar guztien izenean, bere ekarpen baliotsuagatik eskerrak emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!